Jendea erruz joan zen asteazkenean Tolosara (Gipuzkoa), Tolosako Asanblada Feministak prostituzioaz jarduteko antolatu zuen hitzaldira. Feminismoan ezagunak dira gaiaren inguruko bi korronte nagusiak, eta biek izan zuten ordezkaritza: Amelia Tiganusek abolizioaren aldeko jarrera defendatu zuen, eta Aurora Iturriozek prostituzioan ari diren andreen egoera arautzearen aldeko argudioak eman zituen. Alde eta kontra, jarrera sutsuak pizten dira usu gai horren inguruan, eta bi korronteen arteko dema nabarmendu egiten da. Baina, pentsamenduak soseguz aurkezteko guneetan, errazagoa izaten da adostasunak ikustea, eta argitu ziren hitzaldian ere halako printza zenbait. Ezin bestela, zuztarreko adostasunak ere izan ziren, biek bat egiten baitute feminismoaren oinarrizko printzipio askoren inguruan. Ez ziren ahots bitara aritu, baina, zenbait konpasetan, doinuak bat zetozen.
Ez zuten elkarrekin eztabaidan jardun: bakoitzak bere argudioak eman zituen, banakako solasaldietan. Entzuleek biak eskertu zituzten, txaloekin, ekarpenekin. Han jasotakoak dira hitzok.
«Emakumeok ez gara jaio gizonen eiakulazioetan lan egiteko»
Amelia Tiganus
Abolizioaren alde ari da
Prostituta izana da Amelia Tiganus. «Sexualki esplotatua izan eta gero berriro jaiotakoa» dela kontatzen du. Abolizionismoaren inguruan egun dauden ahots ezagunenetako bat da. La revuelta de las putas (Puten matxinada) liburua argitaratu berri du, eta hura esku artean zuela mintzatu zen solasaldian. Prostituzioaren «zuztarrak» zein diren gogora ekarri nahi izan zuen. «Prostituzioa esaten dudanean, instituzio patriarkal bati buruz ari naiz. Gizakiek nomada izateari utzi eta jabego pribatuaren araberako araubideak ezarri zituztenean hasi zen: patriarkatua gailendu zenean. «Ezkontzaren» instituzioa ere orduan eratu zen, eta zitalki banatu ziren andreak: emakume «pribatuak» batetik,«publikoak» bestetik. «Gizon bakoitzak bazuen bere andrea, eta, gero, baziren andre batzuk gizon guztientzat: andre publikoak». Banaketak izen gehiago ere izan ditu. «Santak, eta putak». «Andre onak, eta txarrak».
Ez zen ausazkoa izan banaketa. «Prostituzioa klase sozialen auzi bat izan zen hasieratik; klase pobreetako alabek amaitu zuten prostituzioan». Hitzak ez dira neutroak, eta etengabe erabili zuen Tiganusek esateko modu hori; andreak ez dira prostituzioan aritzen, prostituzioan «amaitzen» dute. «Inork esan diezadake horiek orain dela 7.000 urteko kontuak direla, ederki aldatuta daudela ordutik». Larriagotu besterik ez direla egin uste du, ordea. «Kapitalismoak eta patriarkatuak eskua eman diote elkarri, prostituzioaren instituzioa indartzeko eta, gainera, sistema bat bihurtzeko». Eta guztiz hanpatuta ikusten du egun «sistema» hori. Usu andreen artean entzuten duen txantxa honetan, adibidez: «Dena gaizki ateratzen bazait, puta lanetan hasiko naiz». Arranguraz entzuten du esapide hori: «Horrek esan nahi baitu guztiz barneratuta dugula diskurtso misogino bat, eta guretzat onartuta daukagula inoiz izan beharko ez genukeen bukaera bat. Nik argi dut: emakumeak ez gara jaio gizonen eiakulazioetan lan egiteko».
Guztion arazoa
Argi du prostitutei buruz hitz egiteko usu erabiltzen den modua ere «sistema» horren osasun onaren sintoma dela: «Zenbatetan esaten da: 'Haiek hitz egin dezatela prostituzioari buruz: putek hitz egin dezatela. Erabaki dezatela zer nahi duten, bakoitzak bere gorputzarekin nahi duena egiten baitu'. Alabaina, sexu askatasunari buruzko gaietan, legeak egitean-eta, adibidez, inoiz ez litzaiguke burutik pasatuko esatea: 'Andre bortxatuek hitz egin dezatela sexu askatasunaz, jar daitezela hor aurrean, eta erabaki dezatela zer nahi duten'. Zergatik ez dugu egiten? Ulertzen dugulako horrek zerikusia duela gu guztiokin». Argi du ikuskera hori prostituzioaren gaira ere zabaldu behar dela.
Pobreziaren aldagaiak prostituzioan duen garrantziaz ohartarazten jarraitzea bakarrik ez, atzean dauden beste hainbat aldagai erakustea ere beharrezkoa dela nabarmendu zuen Tiganusek. Horra bat, funtsezkotzat daukana: «Umetan sexu indarkeria pairatzen duten emakume guztiek ez dute prostituzioan bukatzen, baina prostituzioan amaitzen dugunon %99,9k pairatu dugu sexu indarkeria umetan edo nerabezaroan. Hori nabarmendu egin nahi dut: ni fabrikatu egin ninduten puta izateko. Nik sortzez DNAn ez nuen horretarako ezaugarririk; nire ametsa ez zen denen puta izatea». Hain justu, «jaurtia» sentitu zen mundu horretara, 13 urte zituela.«Eta, behin ordutik aurrera, ez dizute uzten inozentzia apur bat izaten ere». Familia barruan sortzen da usu indarkeria hori guztia, eta ezinbestekotzat jo du horren gainean eragitea: «Familia ukitzea izango da feministen hurrengo borroka».
Haren iritziz, ozen salatu behar da prostituzioaren atzean «multinazional kriminal» bat dagoela. «Eta suntsiketa gurpil hori elikatzen jarraitzeko» ahalegin etengabean ari dela, gainera. «Pornoa» da horretarako tresna bat. Tiganusen ustez, «sexu indarkeria sexualitatearekin» lotzera daramatza milaka nerabe, negozioaren gurpila gera ez dadin.
Horiek horrela, horra haren ustez zer behar den horren aurka egiteko: «Prostituzio sistema abolitzeko lege integral bat, emakumeen eskubideak aintzakotzat hartuko dituena: laguntza ekonomikoak, etxebizitzarako sarbidea, trebakuntza, terapia, aholkularitza juridikoa, paperak, lana...». Beste xede bat ere izan behar luke legeak: «Proxenetismo mota guztiak pertsegitzea». Uste du ez dagoela beste biderik; prostituzioa «lan gisara arautzen» hasita, alegia, «jarduera sexual bat merkatuan prezioa duen zerbitzu bat» dela onetsita, atzean dagoen «indarkeria sexuala hutsaldu» egiten da sarri, haren aburuz, eta irizten dio horrelakorik ezin dela onartu. «Diru premian dagoen andre batek sexurik nahi izan gabe sexua izatea gaizki dago; tartean billete bat egon edo ez egon». Jarduna «beste edozein lanekin» parekatzeko egiten diren ahaleginak ere «friboloak» iruditzen zaizkio, eta halakoak hauspotzeko bidetzat dauzka prostituzioa arautzeko neurriak: «Nola hitz egingo dugu sexu esplotazioaz, prostituzioa normalizatzen eta hutsaltzen duten kontzeptuez hitz egiten badugu, eta lan bat dela esaten badugu?».
«Hainbat andrerentzat, bizirik irauteko estrategia bat da»
Aurora Iturrioz
Legez arautzearen alde ari da
Tiganus izan zen mintzatzen lehena. Aurora Iturriozek haren hitzaldia «asko gustatu» zitzaiola onartuta hasi zuen jarduna, gaiari buruzko «posizio ezberdinetan» dauden arren: «On egin dit zu entzuteak». Gero, «nondik mintzatzen den» azaldu nahi izan zuen Iturriozek, zein ikuskerak zedarritu duen feminismoan igaro hamarraldietan egin duen bidea. «Praktika feminista batetik ari naiz. Lesbiana gisa, ez nintzen identifikatuta sentitzen feminista, zuria eta heterosexuala zen subjektu feministarekin: bazterrean sentitzen nintzen; kide arrazializatuekin topo egin nuen hor, bollerekin, eta baita sexu langile ari diren kideekin ere». Hor aipatu zituen lehen aldiz prostitutak, eta diskurtsoen arteko alde bat agerian utzi: sexu langile kontzeptua erabili zuen usu prostitutez aritzeko.
Gizarteko fenomeno orotan bezala, prostituzioa aztertzeko ere «testuingurua» ezinbestekoa dela nabarmendu zuen. «Sistema heteropatriarkalean» kokatu zuen hark ere prostituzioa: sistema horretan bizirik irauteko errotuta dauden «sozializazio» sistema orohartzaile eta indartsuetan. Hain sendoa da sistema, hein handi batean, indarkeria delako haren atzeko «kontrol mekanismoa». «Horrek egiten du emakumeok egon behar dugun toki horretan egotea», gogoratu zuen. Bortxa hori askotan familietan gertatzen dela gogoratu zuen, eta «guztiz ados» azaldu zen Tiganusek aurrez adierazi zuen ideiaren muinarekin: «Berrikusi egin behar da familiaren instituzioa».
Iturriozentzat, «instituzio patriarkal bat» da «prostituzioa ere»: «Beste bat gehiago». Eta kontrolerako tresna boteretsua. «Putaren estigmak ez die eragiten soilik prostituzioan ari diren andreei; batez ere, sexualitatearen gain ezarritako aginduari segitzen ez dioten andreei eragiten die, eta esaterako, sexualitate libreagoa dutenei». Baina patriarkatuaren barruko beste instituzio askok ere xede hori dute: «Ez dut ukatuko sexu lanean sufrimendua dagoenik: ez dut hori egingo. Baina ez dut esango sufrimendurik handiena hor dagoenik ere».
«Indarkeria» eremu gehiago
Sistema heteropatriarkalaren «indarkeria» eremuak asko direla uste du Iturriozek: bikotea eta familia aipatu zituen, esaterako, eta haur askok sendi barruanbortxa pairatzen dutela ohartarazi zuen. «Europako Batzordearen arabera, bost umetik batek». Horiek guztiak «abolitzeko» urratsik ez da egin, ordea: «Eraldatzea izan da joera». Horiek horrela, argudiatu zuen ezin direla «umetzat hartu» prostitutak ere, eta arta egokiarekin egin dezaketen bide propioa sustatu behar dela.
«Hainbat emakumerentzat, egoera jakin batzuetan, alternatiba bat da prostituzioa: bizirik irauteko estrategia bat», esan zuen. Hor dauden andreei laguntze aldera, argi du oso ondo erreparatu behar zaiola haien bizitza egoerari. Gehienak migratzaileak direlako, adibidez. «Eta, askotan, gizapetiko egoeratara bultzatzen dira migratzaile gisa heltzen diren andreak: legez kanpoko egoeratara, inolako eskubiderik gabe».
Hortik dator abolizionismoaren inguruan ozentzen diren mezuek usu Iturriozi eragiten dioten kezka. «Prostituzioa mugatuko duten legeen bila gabiltza, adibidez, Atzerritarren Legea ukitu gabe?», galdetu zuen. Uste du horrek egoera oso «zaurgarrian» dauden andreak oraindik egoera bazterrekoagoetara eramango dituela. «Politika publiko osoetan» ikusten du erantzuna. «Gainerakoan zer? Egoera zailetan dauden emakumeei oraindik ere zailago jarriko diegu dena?».
Elkarrekin nola jardun
Uste du adostasunak ehundu daitezkeela feminismoan prostituzioaz dauden korronteen artean. «Gustatuko litzaidake elkarrekin esertzea, eta esatea: 'Agenda politiko feminista eta bateratu bat onduko dugu? Atzerritarren Legearen kontra egingo dugu? Umeek pairatzen duten sexu indarkeriaren kontra? Agerraraziko dugu familia dela erakunderik patriarkalena, emakumeen kontrako indarkeria gehien sortzen duena? Hor, bidean topo egingo dugu», azaldu zuen.
Prostitutengana doazen gizonen «boterea» apaltzean ikusten du xede behinena: «Bada, esaterako, sexu langilea ez dagoelako paperik gabe, sala dezakeelako tratu txar bat, negozia dezakeelako norainokoa den ematen duen zerbitzua, edota erraztasunak dituelako esplotatuta dagoela esateko...». Ulertzen du «sinbolikoki» prostituzioa auzitan jartzea, baina horra galdera: «Nola gauzatzen da hori?». Hortik hautua: «Prostituzioa inork nahi ez duen lan bat da? Halabiz.Bada, sor ditzagun egiturazko baldintzak hori posible izateko».
Ahots bi, baina ez bi ahotsetara, prostituzioaz
Amelia Tiganus eta Aurora Iturrioz prostituzioaz solastatu dira. Abolizionismoa du helburu lehenak; legez arautzea, berriz, bigarrenak. Zenbait adostasun badira mezuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu