Aholku batzordean izango dira EEP eta Euskarabideko buruak

Euskararen Aholku Batzordea eraberritu dute, hemezortzi partaide berri sartuta. Paul Bilbao izendatu du Jaurlaritzak; orain arte, EH Bilduk proposatuta aritu da

Euskararen Aholku Batzordeko kideak, atzo, bilera hasi aurretik egindako argazkian. IREKIA.
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Herriko administrazio eremu osoak izango du ordezkaritza Euskararen Aholku Batzordean. Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, batzordeko kide izango dira Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidente Beñat Arrabit. Uztailean lankidetza ituna sinatu zuten hiru erakunde horiek, koordinazioa helburu, eta orain aholku batzordean sartu dituzte bi arduradunak. Badira berritasunak euskalgintzari dagokionez ere: Jaurlaritzak kide izendatu du Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia. Aurreko agintaldian ere egon zen, baina ez gobernuak jarrita, baizik eta EH Bilduk legebiltzarreko ordezkari gisa hautatuta. Kide izango dira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko bi errektoreorde ere: Patxi Juaristi Bizkaikoa eta Jon Zarate Euskarakoa.

Legealdi honetako lehen bilera egin zuen atzo arratsaldean aholku batzordeko osoko bilkurak, Bilbon. Izendapen berriak jakinarazi zituzten. Batetik, gobernuari dagozkionak dira batzuk —besteak beste, Hizkuntza Politikako Sailean aldaketak izan baitira—. Bestetik, legebiltzarrak bi izendapen egin ditu: EH Bilduk Joseba Alvarez jarri du, euskara teknikaria eta ezker abertzaleko kide historikoa; Elkarrekin Podemosek Gotzon Egia izendatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara alorreko zerbitzuburua. Jaurlaritzak egiten ditu izendapen gehienak, «pertsona ezagunak» hartuta: hamasei kide berri dira orain.

Beste bi lantalde

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zela egin zuten lehen bilera atzo. Haren hitzaldiarekin hasi zuten saioa. Lan handia dagoela egiteko oraindik, mezu hori eman zien batzordeko kideei: «Egindako bide oparoak agertoki berri batera ekarri gaitu, baina oraindik ere hainbat erronka ditugu aurrean euskararen biziberritze prozesuan». Egindako bidean hiru oinarri ikusten ditu Urkulluk: bat, «adostasun politikoa eta instituzioek egindako lana»; bi, «euskalgintzatik egindako esfortzuak»; eta hiru, «gizartearen atxikimendua». Atxikimenduari eman dio garrantzia.

Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoaren berri eman zuen atzoko saioan Bingen Zupiria sailburuak —uztailean aurkeztu zituzten emaitzak—, eta agintaldiko erronken berri ere eman zuen. Lau ardatz hauek: ezagutza zabaltzea, erabilera sustatzea, hizkuntza eskubideak bermatzeko urratsak egitea eta koordinazioa areagotzea.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azaldu zuen zer asmo duten Euskararen Aholku Batzorderako: erabilerari eman nahi diote lehentasuna. Lau batzorde atal berezi sortzea proposatu dute. Bi, aurretik datozenak: esparru digitalari buruzkoa —Maite Goñi du zuzendari— eta gazteriari buruzkoa —Jone Miren Hernandez du buru—; beste bi, berriak: euskararen erabilerari eta gizarte aktibazioari buruzkoa, eta arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeari buruzkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.