Ahohandia, baina eraginkorra

Egoera zailean hartu zuen PPko buruzagitza Antonio Basagoitik, eta egoera zail baten ondoren utziko du. Gogoak ematen diona esateak algarak eta haserreak eragin ditu, baina alderdia gizartera irekitzeko gai izan da.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Ez du inor epel uzten. Pasioak sortzen ditu; bai alde, bai kontra. Saltsa gustatzen zaio, eta saltsa sortzen du. Ez da isilik egotekoa. Ezta ere hitz egin aurretik politikoki zuzena zer den aztertzekoa ere; edo ez dio axola politikoki zuzena izateak: barrutik ateratzen zaiona botatzen du, bere buruari zentsura handirik jarri gabe. Horrela utzi ditu askoren buruetan iltzatuta geratu diren esaldi biribil eta polemikoak.

Umorezalea da Antonio Basagoiti (Madril, 1969), eta ez da lotsatzen erraza. Berdin botako ditu jendaurrean txisteak, eta berdin jarriko da sokatiran gorbata eta guzti. Harro esango du Athleticen zalea dela, kamiseta jantzi ere eginda. Euskal herritarra dela dio, baita Madrilen ere, euskal herritar izatea espainiar izatea dela zehaztuta.

Pentsatzen duena esan zale da. Edonoren aurrean. Aurkariei erasotzeko nahiz etxekoei aurre egiteko. Euskal herritartasuna defendatu duen bezala, euskararen aldeko hitzak ere egin ditu, baita Jaime Mayor Orejaren adierazpen batzuen aurka azaltzeko ere. 2009an, Mayor Orejak bere birraitonak familian euskaraz hitz egitea debekatu zuela goraipatu zuenean, halakoak gertatu izana «pena» dela esan zuen, Pasaian. «Tristatu egiten nau Euskadiren historiako garai batzuetan euskara gutxi egitea saiatu izana. Hobe genuke gure arbasoek lasaitasun eta normaltasun handiagoarekin aritu izan balira; gaur, ziur aski, ez genuke dugun arazo linguistikoa izango».

Euskara ikasiko zuela hitzeman zuen 2003an. Hasi zen ikasten. Eta, euskaraz moldatzeko gai ez den arren, azken urteetan, euskaraz irakurri ditu bere hitzaldi publikoen pasarte batzuk. Berezko duen ironia erabilita, «gaztelaniaz jarraituko dut, Patxi Lopezek uler dezan», bota izan du.

Zintzotasuna erakusten die lagunei, eta berekin modu batean edo bestean lan egin dutenek estimu handia diote. Oso gertukoa eta zintzoa dela diote. Haserretuz gero, ordea, badaki gogor eraso egiten. Baita bere onetik ateratzen bada ere.

Patxi Lopezekin izandako harremana da horren erakusgarri. 2009an gobernu akordioa egin zuten PPk eta PSEk, Lopez lehendakariaren gobernua indartzeko. Lopezen eta Basagoitiren arteko harremanak ez dira sekula estu-estuak izan, baina elkarrekiko errespetu ituna egina zuten, elkarlanaren izenean. Lopez etengabe Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari erasotzen hasi zenean, ordea, erabat haserretu zen Basagoiti. Hainbat abisu eman zizkion Lopezi: «Marra gorria gainditu du», esan zuen 2012ko apirilean. «Ezin da legebiltzarrean babesa ematen dizun alderdia etengabe izorratzen aritu».

Ordurako gaiztotuta zeuden Basagoitiren eta Lopezen arteko harremanak, eta PPkoak historiarako utzitako esaldi batek muturreraino gaiztotu zuen harremana, apirilean bertan. «Homer Simpsonek baino ikasketa gutxiago ditu», esan zuen, lehendakaria izandakoa marrazki bizidunetako pertsonaia zabarrarekin alderatuta, Lopez Rajoyren politika ekonomikoak etengabe kritikatzen ari zelako. «Oso langile ez delako ospea» zuela ere esan zuen, politikari eta enpresarien aurrean egindako hitzaldi batean.

Iñigo Urkullu EAJko buruak ere eskatu zion Basagoitiri esandakoak zuzentzeko. Sozialistek hitz-jarioa neurtzeko eskatu zioten. Adierazpenetan ez zuela asmatu aitortu zuen Basagoitik; «guztiok egiten ditugu akatsak, eta jaso dezala besoa inoiz akatsik egin ez duenak». Bere asmoa ez zela inor iraintzea adierazi zuen.

Lopezen eta Basagoitiren arteko harremana, halere, ez zen erabat zuzendu, eta, handik gutxira, maiatzean, PSEk eta PPk hautsi egin zuten akordioa. Hortik aurrera, Lopezen politikaren aurkako kanpaina gogorra egin zuen Basagoitik, hauteskundeak aurreratzera behartzeraino.

Edozein modutan, hitz onak izan ditu Lopezek lankide eta aurkari izan duenarentzat, politika utzi eta Mexikora doala jakin duenean: «Galera bat da euskal politikarako». Haren falta sumatuko duela ere adierazi du.

Politikan zein PPn egindako ekarpenak goratu ditu Lopezek. EAEko PPko buruzagitza hartu zuenean alderdia «baztertua» zegoela iruditzen zaio hari, eta Basagoiti gai izan dela «gizartearekin zein gainontzeko alderdiekin harremanetan jartzeko».

Hala ere, alderdikideek egoera korapilatsuan jarri ondoren erabaki du kargua uztea Basagoitik. Izan ere, euskal politikari gehienek bere ekarpena egin duela aitortzen badute ere, Basagoitiren beraren Espainiako alderdikide batzuek haren aurka egin dute Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan beherakada izan zuenetik. Abertzaleekin «bigunegi» aritzea egotzi diote.

Hartu ere, egoera korapilatsuan hartu zuen alderdiko buruzagitza, 2008an, Maria San Gilek karguari uko egin, eta alderdia erabat zatituta zela. Denborarekin, EAEko PP batzea lortu du, eta alderdia egonkortzea.

Alderdiko kargu nagusia hartu arte, Bilboko Udalean zinegotzi aritua zen urte luzez, 1995. urtetik. Iñaki Azkuna alkatea izan du aurkari urte gehienetan; baina konplize ere bai. Izaeran antzekotasunak dituzte bi politikariek, eta, Basagoitik berak aitortua duenez, elkarri «egurra franko» emana dioten arren, ondoen harekin moldatzen zen. Udala uztear zenean, pena handiena Azkunarengandik aldentzeak ematen ziola aitortu zuen.

18 urte buru-belarri politikari eskaini ondoren, bide hori amaitzea erabaki du. Azken hauteskundeen ondoren iragarri zuen asmoa, baina Rajoy bera erabakia 2015era arte atzeratzen saiatu da. Ez du lortu. Politika utzi, eta Mexikora doala jakinarazi du, Santander bankuan lan egitera.

Hein handi batean, hiru alabengatik egingo duela azaldu du: «Alaba nagusiak 15 urte ditu, eta beti bizi izan da bizkartzainekin; bizi hobea eman nahi diet alabei».

Emazteak BBVA Bancomer bankuan lan egingo du, Mexikon. Lanpostu ona biek, bestela ere diru premiarik ez duten arren. Bizkaiko enpresari eta bankari aberatsen familia da Basagoitirena. Antonio Basagoiti Garcia-Tuñon aita Banesto banketxeko lehendakari da 2010etik, eta herenaitona, Antonio Basagoiti Arteta, Iberdrola konpainiaren eta Banco Hispano banketxearen sortzaileetariko bat izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.