Gaurkoa bezalako egun batez, 2012ko apirilaren 9an, hil zen Iñigo Cabacas gaztea, Ertzaintzaren gomazko pilota batek buruan jo eta lau egunez koman egon ondoren. Gaur, 13:00etan, gaztea gogoratzeko ekitaldia egingo dute Bilboko Indautxu auzoan, Kirruli tabernaren aurrean, Cabacas zauritu zuten lekuan.
Iñigo Cabacas Herri Ekinbideak antolatu du gaurko ekitaldia, baina beste hainbat ekitaldi eta mobilizazio egin dituzte azken hamar urte hauetan. Cabacasen lagunek, senideek eta gertukoek osatzen dute plataforma, bai eta hura ezagutu ez baina haren familiaren saminarekin bat egin duten herritarrek ere. Hamar urte hauetan lan handia egin dute auzia argitara ateratzeko eta Cabacasentzat justizia eskatzeko.
Koldo Gutierrez (Basauri, Bizkaia, 1981) Cabacasen lagun mina zen, eta haren ondoan zegoen ertzainek jaurtikitako pilotak buruan jo eta ziplo erori zenean. Hainbat aldiz kontatu du gau hartan gertatutakoa, baina oraindik ahotsa kraskatu egiten zaio hura oroitutakoan: «Kuadrillako batzuk futbol zelaira joan ziren, beste batzuk kanpoan gelditu ginen, baina partida amaitzean denok elkartu ginen Kirruli aldean. Han ez zen beste munduko ezer gertatzen ari ertzainak agertu ziren arte; gu haiengana joan ginen esatera ez zela ezer pasatzen eta lasai egoteko, baina, lasai egon ordez, begira zer egin zuten».
Eneritz Zabalak (Bilbo, 1995) ez zuen ezagutzen Cabacas: «Lagun egin naiz bidean, haren gurasoek [Manu Cabacasek eta Fina Lizeranzuk] egin dituzten beste lagun asko bezalaxe». Bera ere inguruan egon zen gau hartan: «Ez naiz oso futbolzalea, baina hura Athleticen eguna zen, eta ospatu behar zen. Kasualitatez, edo jendez gainezka zegoelako, ez nintzen Kirrulira joan, eta Poza kaleko beste taberna batzuetara joan nintzen. Inoiz galdetu diot neure buruari zer gertatuko zen Kirrulira joatea erabaki izan banu».
Gutierrez bat dator horretan: «Manuk egun hartan taberna itxi zuen, eta horregatik ez ginen han elkartu. Kirrulira joan ginen pentsatuz Pozako beste tabernetan jende gehiegi egongo zela. Eneritzek aipatu duen gogoeta hori Bilbon jende askok izan du: 'Ni ere izan nintekeen'. Iñigori tokatu zitzaion, baina edonor izan zitekeen».
Zabalak dioenez, garai hartan bazegoen giroan halako kezka moduko bat, Ertzaintzak aurreko hilabeteetan izandako jokabideak sortua: «Poliziaren bortizkeria oso handia zen, eta bazirudien zerbait larria gertatuko zela edonoiz. Kukutzakoa, esaterako, hilabete gutxi batzuk lehenago gertatu zen. Ezin genuen ulertu etsaitasun hori, zergatik ustez jendearen segurtasuna bermatu behar zuten horiek horrela jokatzen zuten jendearen aurka».
Zapore gazi-gozoa
Asko dira hamar urte, eta, denbora horretan, denetarik egokitu zaie Iñigo Cabacas Herri Ekinbidea osatzen duten lagunei: gertaera gogor eta latzak bizi behar izatea, baina baita zirraragarriak ere, jendearen elkartasunak eragindakoak: «Iñigo ezagutu ez zuen jende pilo bat elkartu da, haien babesa eta kemena eman digute, eta esan dezaket bestela ezagutuko ez nukeen jende asko ezagutu dudalaIñigori esker», aitortu du Gutierrezek. «Hori da eramango dudan altxorrik ederrena. Baina zapore mingots hori gelditzen da: azken finean, hilketa baten ondorioz gertatu dela hori. Neuri honek guztiak higadura handia eragin dit. Eta ez dut pentsatu nahi higadura hori nolakoa izan den Manu eta Finarentzat».
Gutierrezek dioenez, «higadura» eta neke hori, batez ere, erakundeekin izan dituzten harremanetatik etorri dira: «Nik uste dut Manu eta Finaren lepora barre egin dutela, eta hori ezin da onartu. Jonan Fernandezek haiei esatea ertzainen alargun batzuek ere ez zekitela hiltzaileak nortzuk izan ziren eta etsairik ez bilatzeko... Nola izan daiteke bat hain gizatasun gutxikoa? Manu eta Finari ekitaldi ofizialetan askotan ikusarazi diete ez direla ongi etorriak».
Zabalak dioenez, erakundeek utzitako «hutsune» hori lagunen babesarekin eta herritarren elkartasunarekin bete dute. Eta oraindik ere eskatzen dute arduradun politikoek erantzukizunak har ditzatela: «Hori beharrezkoa da antzekorik berriro ez gertatzeko: bestela, inpunitate sentsazio ikaragarria gelditzen da, eta berriro gerta daitekeen irudipena, ondoriorik ez duelako».
Justiziak ez du egunik izan, maitasunak hamar urte da gaurko ekitaldiaren leloa. Zabalak dioenez, «maitasun kolektiboko keinu bat» izango da ekitaldia. Baina memoria oinarri duen maitasunarena: «Nahi gabe, baina Iñigo erreferentzia bilakatu da, oroitu nahi dugun norbait. Denok izan gara Iñigo, Manu, Fina, lagun edo senide. Jende askok salatu du astakeria hura, eta hori erakutsi nahi dugu ekitaldi honekin: badakigula nolako basakeria egin zuten, ez dugula onartzen, eta hemen gaudela hamar urte geroago».
Ahaztu nahi ez duen maitasuna
Hamar urte bete dira Iñigo Cabacas hil zenetik. Hura gogoratzeko ekitaldia egingo dute gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu