Zaldibarko luizia. Aingeru Oiartzabal. Psikologoa

«Ahaztu egiten da familiaren mina kontuan hartzea»

Oiartzabalek dio senideen dolua zailtzen duten faktore asko daudela Zaldibarko auzian: gorpuen agerpena eta presio mediatikoa, esaterako.

BERRIA.
2020ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Beltrandarren eta sololuzetarren dolu prozesuan zer faktorek eragin dezaketen aztertu du Aingeru Oiartzabal psikologoak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1984). BERRIAri azaldu dionez, dolua oso prozesu intimoa eta pertsonala da.

Gorpuzki batzuk orain identifikatu dituzte, baina dolua lehendik has daiteke?

Egia da dolua aldez aurretik landu daitekeela aurreikus daitekeen heriotzarekin, emozio horri eta doluari bere denbora eskainiz. Horrelako egoeratan, aldiz, nahiz eta buruak jakin heriotza gertatu dela, normalean, gorpua azaldu arte familiak ezin izaten du prozesua hasi. Oso zaila da. Gorpurik gabe, ingurukoek ez dute izaten zeri heldu. Faktore hori oso garrantzitsua da. Baieztapena zenbat eta beranduago iritsi, dolua are zailagoa izaten da. Jasotzen dena prozesatu eta integratzeak barne lanketa handia dakar.

Zaldibarko auzian zeintzuk dira doluan eragin dezaketen faktoreak?

Gorpuak aurkitzea oso garrantzitsua da, handia delako gorpuaren faltak eragiten duen irrealitate sentsazioa. Dolua egitea asko zailtzen duten faktoreak dira biktimak sufritu izan zuelako kezka, egoerarekiko kontrol falta, ezjakintasuna, zurrumurruak, eta epaiketa mediatikoa. Gainera, kontuan hartu behar da horrek egunerokoan askotariko sintomatologiak sortzen dizkiela senideei. Bestalde, ondoren datozen lege kontu ere eragiten dute doluaren atzerapenean. Dolua egitea da barruko guztiari kasu egitea, eta emozio, pentsamolde eta sentsazio guztiei behar duten lekua ematea. Beraz, horretan guztian arreta jarri beharrean, gehiago egoten dira kanpoko beharrak asetzen. Eta, hortaz, ez diote barruari begiratzen. Faktore gehigarri horiek guztiek, hein handi batean, lagundu dezakete babes moduan doluan zuzenean ez sartzeko, baina, aurrerago bada ere, min horri arreta eskaini beharko diogu. Hortaz, esan daiteke dolua azkenean luzatu egiten dela.

Presio mediatikoak nolako eragina izan dezake senideengan?

Izugarrizko presio mediatikoa izan da; onerako izan daiteke, eta baita kalterako ere. Presioa zentzu onean har daiteke aldeko mugimendua dagoela ikusteko, baina modu psikologikoan eta emozionalean kalte handia eragin dezake. Estresa sorraraz dezake, askoren iritziak jasotzen direlako, egunerokoan etenik ez duen gaia delako, eta guztien ahotan dabilelako. Iritziak jasotzeak izugarrizko eragina du gertukoen egunerokoan, eta horrek ez du laguntzen doluan.

Kontuan hartu al dira senideak?

Horrelako kasuetan, garrantzitsuena, baina ahazten den lehenengo urratsa da familiaren mina kontuan hartzea, eta familiak dituen beharrak asetzea. Dolua oso prozesu intimoa da, barruan gertatzen den horri bere lekua egitea delako, baina egoera honetan dagoeneko intimitatea galdu da. Beraz, galera bat gehiago gehitzen zaio egoerari, eta hori, egia esan, oso gogorra da, sufrimendua nabarmen areagotu daitekeelako. Egokiena litzateke beraiei galdetzea nola daramaten, eta ea oihartzuna beraientzat lagungarria den edo ez. Hala ere, sentsazio hori aldakorra da norberak heriotzarekin duen harremanaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.