Urteak hamalau egun besterik ez du oraindik, baina dagoeneko bi etxegabe hil dira. Donostian hilotz agertu zen etxegabe bat hilaren 3an; asteburu honetan beste bat hil da Durangon (Bizkaia). Bizitegi elkartean propio dihardute bazterkeria egoerak saihesteko bideak lantzen, eta, bertako koordinatzaile tekniko Pablo Ruizen arabera (Bilbo, 1969), zuztarreko aldaketak egin behar dira etxerik ez dutenentzako zerbitzuei begira; izan ere, gurpil zoro batean katigatuta egoten dira sarri: abaro egoki eta seguru baten faltan, etsiak dira egoera hobe baterako urratsak.
Kutxa automatikoak aterpetuta egoten dira usu, eta toki horietara askotan jotzen dute etxegabeek. Halako tokietan gertatu dira, hain justu, berriki bi heriotzak. Aterpe horietara jo beharrak erakusten ditu arta zerbitzuaren gabeziak, ezta?
Haizerik ez da leku horietan, euririk ere ez, ate bat dute, eta segurtasun kamerak ere bai: kalean bizi diren pertsonentzat, segurtasun eremu bat dira halakoak. Zerbitzuak ez diren aski? Ez da galdera erraza. Pertsona bakoitzak motibo ezberdinak izango ditu gaua kalean pasatzeko: motibo asko, gainera, kasurik gehienetan. Hala ere, egia da etxegabeek gaua aterpean pasatzeko eskaintzen diren lekuak ez direla aski; neguan ugaritzera egiten da, baina, horrekin ere, ez dira aski. Gabezia hori ez dago lotuta soilik eskaintzen diren lekuen kopuruarekin; baldintzen ezaugarriekin ere estu lotuta dago. Aterpetxe batera bazoaz, han lo eginda ere, goizean kalera irten behar baduzu; bada, bai, epelean lo egiteko toki bat duzu: baina egunean zeharreko egoerak konpontzeko dituzu.
Eta etxerik gabe nekez konpondu daitezke gainerakoak, ezta?
Bai, orokorkeria bat dirudi. Baina aterpetxe batean lo egitea ez da etxebizitza bat izatea; gizarteratzeko baliabide batean zaudelako lo egiteko toki bat izatea ere ez. Horrek esan nahi du prozesu bat egiten duzun bitartean non lo egina duzula: ez da etxe bat izatea.
Osasun zerbitzuetara heltzea ere zailagoa izaten da etxegabeentzat, edota zaintza egoki baterako giro bat edukitzea...
Osasun arta unibertsala da, baina osasun artarako sarbide efektiboa gaitzagoa izaten da kalean.
Eta osotasun horretan hartu behar da aintzat egoera...
Baina gizarte honetan etxebizitza ia guztiz alde ekonomikoarekin lotzen da: ahantzi egiten da etxebizitza izatea eskubide bat dela. Eta horrek bazterkeriara bultzatzen ditu pertsona asko. Gauza argia da etxebizitza bat izateko eskubideak gailendu egin behar lukeela jabego pribatuarenaren gainetik, baina, askotan, ez da hala izaten. Gizarte honetan, ekonomia gailentzen da gehienetan.
Eta, ondorioz, baztertuta dagoen jende askorentzat etxebizitza lortzea oztopo oso handia izaten da egoera hori atzean uzteko prozesuan.
Bai. Etxebizitza, eta hura ken ez diezaieten etengabeko borrokan ibili beharra. Pertsona guztiek modua izan behar lukete etxe batean bizitza proiektu bat eraikitzeko une oro etxe hori galtzeko mehatxua gainean izan gabe.
Egun eskaintzen diren zerbitzuek zer falta dute, alde horretatik, egokiagoak izateko?
Askotan, artatzen diren pertsonak ez dira pertsonen kategorian sartzen, baizik eta etxegabeen kategorian. Hori aldatzea da gakoa. Ororen gainetik, egiten den eskaintza bakoitzean, pertsonen duintasuna lehenetsi behar da. Sarri, ordea, pertsona horiei gogorarazten zaie ez direla gizarte honetarako baliagarriak, eta erabiltzen ari direla besteek jarritako baliabideak beraiek ezin dutelako, ez dakitelako, ez direlako iristen... Horrek oso egoera ahulean jartzen ditu, eta hortik irtetea oso zaila da. Izan ere, usu sentitzen dute gizarteak goitik behera begiratzen dituela...
Eta horregatik hainbat pertsona ez dira eroso sentitzen zerbitzu horietan...
Seguru.
Kalean bizi diren pertsonen azken zenbaketa 2018 amaieran egin zen: gorakada ikusi zen.
Bai. Ez dakit ongi zer gertatzen den, baina desberdintasun indizeak handitzen ari dira gizartean, eta atzean daudenak atzerago uzten ditu horrek. Hala ere, zera esan behar da: etxegabeen egoera ez da soilik kalean lo egiten dutenena. Kontuan hartu behar dira, halaber, seguruak ez diren eta baldintza kaskarrak dituzten etxeetan bizi direnak. Kalean lo egiten dutenakizozmendiaren punta dira.
Pablo Ruiz. Bizitegiko koordinatzailea
«Ahantzi egiten da etxebizitza izatea eskubide bat dela»
Denbora gutxian bi etxegabe hil dira: Donostian bat, hilaren 3an, eta Durangon bestea, asteburu honetan. Ruizek argi ditu laguntza zerbitzuen mugak: urriak dira, eta ezegokiak arta osorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu