Ahalmen urriko sei ume, laguntzarik gabe Seaskan

Frantziak ez ditu behar adina laguntzaile eman, eta Integrazio Batzordea arduratu beharko da sei umeri laguntza jartzeaz

Aitor Renteria.
Donibane Lohizune
2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Integrazio Batzordearen lanari esker, Seaskak ahalmen urriko 38 haur eskolatuko ditu aurten Ipar Euskal Herriko hamasei ikastoletan. Ahalmen urriko 11 haurrek pedagogia egokitzapena behar dute, eta 27k, laguntzaileak. Alta, Frantziako Hezkuntza Ministerioak 21 laguntzaile baino ez ditu eman, eta beste sei eskola laguntzaileak Integrazio Batzordearen gain gelditu dira. Horrez gain, hamar hezitzaileren hilabete sariak ere Integrazio Batzordearen gain geldituko dira.

Eskolatzea bermatu ahal izateko kanpaina bat ezarri du abian Integrazio Batzordeak. 100.000 euro lortzea da kanpainaren helburua. Iaz 150.000 eurokoa izan zen, eta 16.000 euroko galerekin itxi zuten urtea. «Egoera iazkoa baino hobea da, baina, hala ere, erronka handia da dirutza hori atzematea», azaldu du Dominique Idiart Integrazio Batzordeko presidenteak. Partaidetza kanpaina bat abian ezarri dute, norbanako, elkarte eta enpresei begira. Horrez gain, martxoaren 17an informazio mahaiak ezarriko dituzte hamabi herritan bederen.

Auzira berriz

Integrazio Batzordeak auzira eramanen du berriz Frantziako Hezkuntza Ministerioa, 2005eko legea urratzeagatik. Lege horrek eskolaratzeko eskubidea aitortzen die ahalmen urriko haurrei, eta, ondorioz, behar diren bitartekoak ezarri behar direla dio. Hezkuntza Ministerioak, ordea, ez du legea betetzen, eta, aurrekontua agortzen zaiolarik, laguntzailerik gabe uzten ditu hainbat haur. Azken hiru urteetan bezala, Integrazio Batzordeak laguntza emanen die familiei Hezkuntza Ministerioa auzitara eramateko.

Bederen lau haurren senideek bide hori jorratuko dute aurten. Lehenak joan den irailean eskatu zuen laguntzailea. Legezko bi hilabeteak erantzunik jaso gabe iragan ondoren, auzitara jotzeko eskubidea aitortzen die legeak. Bertze hiru familiak urtarrilean murgildu dira prozedura horretan. Azken hiru urteetan epaileak arrazoia eman die familiei, eta behartu Hezkuntza Ministerioa lanpostu horiek ematera. Alta, epaia plazaratu bitarteko hilabeteetan laguntzaileak ordaintzeko xahutu den dirua ez du bere gain hartzen Hezkuntza Ministerioak. Horregatik, bertze auzi bide bat ireki duela jakinarazi du Integrazio Batzordeak, urteotan ordaindu gabe utzitako dirutza eskuratu ahal izateko.

«Anartean, ahalmen urriko haurren eskolatzea gizartearen elkartasunaren esku gelditzen da, Frantziako Hezkuntzak ez dituelako betetzen legeak», erran du Ladis Arrosagarai Integrazio Batzordeko kanpaina arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.