Ahalmen urriko bost haurren hezkuntza eskubidearen alde egin du Paueko Auzitegiak

Epaileek diote egungo baldintzak ez direla egokienak urritasunak dituzten haurren eskolatzea bermatzeko

Seaskako Integrazio Batzordeko kideak, otsailean egindako protesta batean. BOB EDME.
Erredakzioa
Baiona
2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Beste behin Paueko Auzitegiak ahalmen urriko haurren hezkuntza eskubidearen alde ebatzi du. Hala, aintzat hartu du Seaskako Integrazo Batzordearen barruan dagoen Handik kolektiboko bost gurasok Frantziako Hezkuntza Ministerioaren aurka jarritako salaketa. Auzitegiak ebatzi du egungo baldintzak ez direla egokienak haur horien eskolatzea bermatzeko. Handik kolektiboko kideak pozik dira ebazpenarekin. «Baina behin-behineko garaipena da, ebazpena bost gurasok jarritako salaketari baitagokio eta soilik ikasturteko bi hilabeterako delako», esan du Handik kolektiboko kide Ladis Arrosagaraik.

Urritasunen bat duten haurren eskolatzea bermatzeko laguntzaileak kontratatzeko eskatzen du Handik kolektiboak. Hezkuntza Ministerioak, ordea, langile horiek lan baldintzak okertu dituela uste dute elkarteko kideek. Hori ikusirik, langile horien lanpostuak profesionalizatzeko eta egonkortzeko aldarrikatu dute, ahalmen urriko haurren eskolaratzea beramatu ahal izateko.

Ez da epaitegiek arrazoia ematen dieten lehen aldia. Iazko azaroan jaso zuten aldeko azken ebazpena. Hezkuntza Ministerioak laguntza ukatu zien ahalmen urriko bost haurri eskola laguntzaileak jartzeko agindu zuen Paueko Auzitegiak. Gainera, haur bakoitzaren familiari 300 euro emateko agindu zuen, prozedura xahutzeengatik.

Epai hau ere beren aldekoa izan arren oraindik asko dagoela egiteko gogorarazi du Arrosagaraik. «Oraindik ere beste hamabi haur gure gain dira, eta laugarren aldia da azken bi urteetan auzitara jo behar izan dugula oinarrizko eskubide bat, heziketa jasotzeko eskubidea, aldarrikatzeko». Hala, azken hilabeteetan hainbat protesta egin izan dituzte, ahalmen urriko haurren eskolaratzea bermatzeko baliabideak exijituz.

Baliabide gehiagoren beharra

Otsailean, adibidez, irakasle, guraso eta langileak irten ziren kalera. Bertan gogorarazi zuten azken urteetan Seaskako Integrazio Batzordeak bere gain hartu dituela haur horien eskolaratzearen gastuak. Baina dagoeneko gero eta zailagoa da dirua lortzea. Aurten Seaskako Integrazio Batzordeak 175.000 euro lortu beharko ditu haur horiei behar bezalako laguntza emateko.

Urteak dira Seaskaren Integrazio Batzordeak kanpainak egiten dituela haur horien eskolaratzea laguntzeko dirua biltzeko. Baina gero eta gehiago kostatzen zaie helburuak betetzea eta aurrekontua orekatzea.

Horrekin batera, haurrei laguntza eskaintzen dieten beharginen lan baldintzen prekarietatea da haien kezka nagusia. Izan ere, haien lan urteak mugatua ditu Hezkuntza Ministerioak. Hiru urteko kontratua izan dezakete, gehienez bi aldiz. Sei urteko epea pasatu ondoren, beraz, lana utzi behar dute. Gainontzean, Hezkuntza Ministerioak kontratu finkoa egin beharko lieke. Baina ez du egiten.

Gainera, haurren berezitasunagatik urritasun mota bakoitzeko prestakuntza berezia behar dute laguntzaileek. Langileek, ordea, oporrak hartu behar dituzte prestakuntza egin ahal izateko. Prestakuntza hori, gainera, beren poltsikotik ordaindu behar dute. Hori ordaintzea, ordea, benetako erronka da haientzat, gehienek jardun erdiz edo orduka egiten baitute lan.

Langile horien lan baldintzak hobetzeko eskatu du Handik kolektiboak, eta lanpostuak egonkorragoak izateko. Izan ere, ez zaie bidezkoa iruditzen, besteak beste, sei urteren ostean langile horiei kontratua etetea. Epaiak horretan arrazoi ematen diela nabarmendu dute. Hala, etorkizunean ere lanean jarraituko dutela berretsi du Handik kolektiboak, ahalmen urritasuna duten haurren hezkuntza eskubidea bermatua egon dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.