Euskal Autonomia Erkidegoko estatutuaren erreformari buruzko eztabaida zabalik dago oraindik Eusko Legebiltzarrean, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren Jaurlaritzak estatutuaren erreformarako proposamen bat aurkeztu eta lau legealdi igaro ondoren. Estatutuaren zirriborroa 2003ko urriaren 25ean plazaratu zuen Jaurlaritzak, eta 2004ko abenduaren 30ean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak: 39 boto alde eta 35 kontra. Legebiltzarraren langa gainditu zuen estatutugaiak, baina ez Espainiako Kongresuarena, hilabete eskas geroago. Hor amaitu zen testu haren ibilbidea, baina eredu hark itzal luzea utzi du, gaur egungo eztabaidan presente egoteraino.
ABIAPUNTUA: LIZARRA ONDORENGO SAIOA
2001eko otsailaren 17an, Donostian, Kursaal jauregian eginiko ekitaldi batean, Ibarretxek estatutuaren erreformaren eta herri galdeketaren «zilegitasuna» azpimarratu zuen, eta, hiru hilabete geroago hauteskundeak irabazi eta gero, asmo hori bidea egiten hasi zen, EAJk, EAk eta Ezker Batuak osatutako gobernuaren bitartez. Eusko Legebiltzarrak autogobernuari buruzko eztabaida monografikoa egin zuen urte hartako urriaren 25ean, eta, hirukoaren babesarekin, aurrera atera zen «autogobernuan sakontzeko batzorde» baten eraketa. Azaroan osatu zuten batzorde hori, eta hilabeteak eman zituzten adituen iritziak jasotzen; guztira, 56 lagunenak.
2002ko uztailean, legebiltzarreko batzordeak enkargua eman zion Jaurlaritzari «ordenamendu juridikoari buruzko proiektu berri bat» prestatzen hasteko. Irailean, Ibarretxek jakinarazi zuen proiektua urtebete barru aurkeztuko zuela Legebiltzarrean, eta lege proiektu gisa aurkeztuko zuela. Testu artikulatua landu zutenen izen-abizenak ez dira jakinarazi, baina Jaurlaritzak bere gain hartu zuen estatutu proposamena idazteko ardura, eta hori izan da indarrean dagoen prozesuarekiko aldeetako bat. 2003ko urriaren 25eko gobernu kontseiluan onartu zuten testua, eta urtebete pasara heldu zen Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurara, behin betiko onarpenari buruzko eztabaidara.
Bidean oztopoak izan zituen, ordea: 2003ko azaroaren 7an, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen Jaurlaritzaren lege proposamena, baina, 2004ko apirilean, Konstituzionalak ez zuen tramiterako onartu gobernuaren helegitea, argudiatuta ezin direla inpugnatu tramiteko ekintzak prozedura legegilean. Pilota politikaren teilatuan utzi zuten magistratuek.
EZUSTEAN, AURRERA
Eusko Legebiltzarrak 2004ko abenduaren 30ean egin zuen estatutu erreforma onartzeko osoko bilkura, ikusmina handia zela. Goizean, Ibarretxek hartu zuen hitza, eta erabakitzeko eskubidea jarri zuen eztabaidaren erdigunean: «Proiektu honek bi oinarri ditu: eskubide historikoak eta euskal herritarren borondatea, gaur. Horiek dira gakoak, eta ez jatorrizko burujabetza». Bi bloke ziurrak ziren: baiezkoan, Jaurlaritza babesten zuten hiru alderdiak —EAJ, EA eta Ezker Batua—; ezezkoan, PSE-EE, PP eta Unidad Alavesa. Eta, botoa argitu gabe, talde erabakigarria: ezker abertzalea. Sozialista Abertzaleak zen talde parlamentarioa; zazpi legebiltzarkide zituen, baina seiz osatua zegoen, Josu Urrutikoetxea sasian zenez gero. 17:05ean argitu zuen zalantza Arnaldo Otegi bozeramaileak: hiru baiezko —«Bai Euskal Herriari, bai autodeterminazioari eta herri kontsultari, eta bai denen arteko akordio zabal bati»—, eta hiru ezezko «duela 25 urte egindako akatsei, interes eta proiektu alderdikoiei eta estatutu berri bati». Ez zen hori askoren gidoian ageri zena: «poz izugarria» azaldu zuen Joseba Egibar bozeramaile jeltzaleak, Otegiren ondoren hitza hartu zuenean.
Bidea agudo moztu zioten: 2005eko otsailaren 1ean. Espainiako Kongresuak ez zuen tramiterako onartu Legebiltzarraren gehiengoa zuen proposamena; kontrako 313 boto eta aldeko 29. «Elkarrekin bizi bagara, elkarrekin erabaki behar dugu», esan zuen Jose Luis Rodriguez Zapaterok, Espainiako Gobernuko presidenteak; «elkarrekin bizitzea erabakitzeko ahalmena izan behar dugu», erantzun Ibarretxek. Legebiltzarra desegin eta bozetara deitu zuen lehendakariak.
EAJ-REN OSOKO ZUZENKETA
Orduko kronikek eta estatutu proposamenaren edukiek erakusten dute hamabost urte ez direla alferrik igaro eta posizioak mugitu dituztela EAJk nahiz ezker abertzaleak; lehenak, osoko zuzenketa bat jarri diolako Ibarretxeren planteamenduari batzorde teknikoak osatu duen testu artikulatu nagusian, haren aztarna gehienak desagerrarazita. Aldea esanguratsua da, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiarekin izan beharreko harreman ereduan eta euskal naziotasunaren aitortzan: lehena izan zen 2004ko estatutugaiaren bereizgarri nagusietako bat, «elkartasun askean oinarritutako» lotura bat planteatzen baitzuen bi lurraldeen artean; aldiz, «elkarren aitortza, leialtasuna eta errespetu instituzionala» dira harreman printzipioak EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk proposatutako adituek taxututako testuan.
Naziotasunaren aitortzan, aditu taldeak ez du jaso euskal naziotasunaren aitortzarik, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak emandako oinarri eta printzipioetan esplizituki jasotzen bazen ere. Ibarretxeren gobernuaren testuak ere berariaz jaso zuen errekonozimendu hori, «Espainiako Estatuaren nazio aniztasunarekin bat». Erabakitzeko eskubideari dagokionez, aditu taldean ez dute formulazio bateraturik adostu, eta, beraz, ikusteko dago txostenaren tramitazioak nola egituratzen duen kontzeptua eta zenbateraino gerturatzen den Ibarretxeren garaiko testuak jasotakora.
Aditu taldeak hilaren hasieran aurkeztu zuen txostena, baina, ordurako, buruzagi jeltzale ugarik adierazia zuten Ibarretxeren proposamenaren bidetik ez joateko asmoa. Hilabeteotan, autogobernu lantaldean adostutako oinarri eta printzipioen inguruko akordioa zabaldu beharraz mintzatu dira EAJko figura esanguratsuenak, modu inplizituagoan edo esplizituagoan gogora ekarrita indar unionisten babesik gabeko proiektu batek zer bide egin dezakeen Madrilen, Ibarretxeren egitasmoak erakutsi zuen bezala. Azken finean, Iñigo Urkulluren tesiak baitira Mikel Legardaren bidez testu artikulatuan jaso direnak; EAJren botere orekan, 2004tik Josu Jon Imazekin eta, ondoren, 2008tik Urkullurekin berarekin Euzkadi Buru Batzarrean nagusi diren tesiak, beraz.
EH BILDUREN INSPIRAZIO
Dena dela, 2004ko agiriaren doinuak oihartzuna du 2019an, EH Bilduk ondutako artikulatuaren zenbait edukik orduko planteamenduak dituztelako oinarrian. Biek mahai gainean jarri duten berme sistema da dokumentuen arteko loturarik esanguratsuena; arlo politikoan, Euskadi-Estatua Aldebiko Batzordea eratzea proposatu zuen Jaurlaritzak —Kontzertu Politikoaren Batzorde Mistoa EH Bilduk—, harreman eredu horretan sor daitezkeen desadostasunak konpontzeko. Maila judizialean, biek jaso dute «Gatazken Auzitegi» bat sortzea Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko areto berezi gisa; bi kasuetan, magistratu kopuru parekidea izango lukete Espainiak eta Euskal Autonomia Erkidegoak.
Ahalegin baten oihartzunak
Eusko Legebiltzarrak orain dela hamabost urte onartu zuen estatutua erreformatzeko proiektua. Mahai gainean jarraitzen du eztabaida berberak, baina EAJ eta ezker independentista mugitu egin dira 2004ko jarreretatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu