Loditzeko kezka; Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak inkesta bat egin du, herritarrek euren gorputzaren inguruan zer-nolako iritzia duten aztertzeko, eta gehienek erantzun dute loditzeak kezkatzen dituela. Inkestak erdigunean jarri dituen datu horiek mankomunitateko arduradunak larritu ditu, eta, egoerari aurre egiteko asmoz, lodifobiaz eta indarkeria estetikoaz hitz egiteko saio bat antolatu dute, Larraintzarren.
Ainhoa Garcia Aragues hezitzaile feministak zuzendu du saioa. Garcia Araguesek bere bizipenak hartu ditu oinarri, eta mankomunitateak egindako inkestak jasotako datuen inguruko gogoeta sustatu du parte hartzaileen artean.
Ultzamaldeko 12 urte baino gehiagoko biztanleen artean zabaldu zuen Ultzamaldako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak galdetegia, udazkenean; erantzun dutenen artean, baina, gehienak emakumeak izan dira. Jasotako emaitzen arabera, erantzun duten herritarren %70ek beldurra diote loditzeari. Gizonen artean, berriz, «indartsua izatea» da kezka nagusia.
Nerabeak ahaldundu
Garciak azpimarratu du «oso garrantzitsua» dela nerabeekin ahalduntzea lantzea: «Milaka arrazoi egon daitezke loditzeko, baina loditu nahi ez izateko arrazoia inoiz ezin da izan lodiak izango garela, loditzea ez baita txarra», nabarmendu du.
Inkesta erantzun duten nerabeen erdiak baino gehiago ez dira erakargarriak sentitzen, eta gai horri heltzeko beharra aipatu du hezitzaileak. «Ez dute hori esaten ez direlako erakargarriak, baizik eta kanpotik etengabe beren gorputzen kontrako mezu negatiboak jasotzen dituztelako», azaldu du Garciak.
Gazteek jasaten duten indarkeria islatzeko, haurra zenean medikuarenean gertatu zitzaiona kontatu du hezitzaile feministak: «Egun batean, anginak nituelako joan nintzen medikuarengana, eta, eztarria begiratu ordez, dieta generiko bat egiteko agindu zidan, eta argaltzen nintzenean itzultzeko esan».
Inkesta erantzun dutenen %20k esan dute Garciak egin behar izan zuen dieta horren gisako bat egiten ari direla. Hezitzailearen ustez, horrek eragiten du gorputz lodiak «argaltzeko bidean» dauden gorputz gisa hartzea: «Esaten digute gorputz lodi bat ez dela balekoa izanen argaldu arte, eta, ondorioz, argaltze fasea pasatuta, gorputza nahi duena egiteko gai izango da».
Lanean, bazterketa
Dietaren auziak interesa sortu du hitzaldia entzun dutenen artean, eta ama batek esan du ez duela harritzen dieta egin duten gazteen kopuruak: «Haurrak jaiotzen direnetik, pisu pertzentiletan mugitzen gara». Garciak gaineratu du garaia dela lodi egotea gaixorik egotearekin lotzeari uzteko, hain zuzen ere: «Lodien egon naizen garaietan, osasun aldetik hobekien egon naiz».
Dietekin batera, arropak ere sortu du saioko parte hartzaileen arteko eztabaida. Batzuek adierazi dute azken urteetan arropa erosteko geroz eta aukera gehiago dagoela; emakume batek, baina, irmo salatu du esparru horretan oraindik «lan asko» badela egiteko: «Niri asko kostatzen zait nahi dudan arropa topatzea, neska gazte baten antzera jantzi nahi badut ia ez dagoelako aukerarik».
Pertsona lodiek lanean pairatzen duten indarkeriari ere erreparatu diote Larraintzarren egindako saioan, eta lan elkarrizketa batean gertatutakoa kontatu du Garciak: «Esan zidaten ezin nindutela hartu ez zituztelako nire tamainako jantziak. Horrek esan nahi du ez gaituztela kontratatzen lodi izateagatik, eta hori indarkeria eta bazterkeria da», salatu du.
Jarrera lodifobo horiek guztiak aldatzeko zenbait gomendio eman ditu hezitzaile feministak; besteak beste, azpimarratu du lodi hitza irain gisa erabiltzeari utzi egin behar zaiola: «Adjektibo gisa erabili beharrean, altu edo ilehori hitzen antzera, konnotazio txarra ematen diogu lodi izateari».
Besteen gorputzen inguruko iruzkinik ez egiteko eskatu du, gainera, Garciak, iruzkina jasotzen duen pertsonarengan «eragin handia» izan baitezake, eta norbait argaldu dela gorestea «oso arriskutsua» izan baitaiteke: «Ez dakizu beste pertsona nola dagoen, eta nola eragingo dion esaten diozunak; niri, adibidez, asko eragiten zidan lehen», kontatu du.
Errespetu eske
18 urte inguru zituenean, osasun arazoak izan zituen Garciak. «Oso azkar» hogei kilo inguru galdu zituela esan du: «Etengabe esaten zidaten oso ongi nengoela asko argaldu nintzelako; gogoan dut esan zidatela argaldu nintzenez parrandan ateratzen ahal nintzela».
Behin eta berriz jasotzen zituen mezuen ondorioz, «terrorea» zion loditzeari, eta «etengabe» neurtzen zuen zer jaten zuen: «Zera pentsatzen nuen: lur jota egon arren, argalago nengoenez bizitzea merezi nuela». Horregatik, pertsona lodienganako errespetua exijitu du hezitzaileak: «Ezin dugu inor behartu gu maitatzera, baina errespetua zor digute».
DATUAK
%40
ZENBAT NERABEK DIOTEN BELDURRA LODITZEARI. Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak egindako inkestak agerian utzi du 12 eta 16 urte bitarteko nerabeen %40k beldurra diotela loditzeari. Inkesta erantzun dutenen %40 ez daude pozik beren pisuarekin.
%67
ZENBAT HERRITAR SAIATZEN DIREN PISUA KONTROLATZEN. Mankomunitateak egindako inkestaren arabera, herritarren %67 oso kontziente dira euren pisu aldaketez; hau da, pixka bat argaldu edo loditu ote diren sumatzen dute berehala. Euren pisua kontrolatzen dute, alegia.