19. Korrika. Aurkezpena

Ahaldundu, euskalduntzeko

2015eko martxoaren 19tik 29ra izango da 19. Korrika: Urepelen hasi eta Bilbon bukatuko da.'Euskahaldundu!' leloa erabilita, euskararen alde «ahalduntzeko» deia egingo dute 11 egunez

19. Korrika-ren aurkezpena egin zuten atzo Bilbon. Irudian, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusia, hizketan; atzean, Artezkaritza Kontseiluko kideak, eserita. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Hasi da atzerako kontua. Bi urteren ondoren, iritsi zaio berriro txanda: 2015eko martxoaren 19an abiatuko da 19. Korrika. Urepelen hasiko da (Nafarroa Behera), eta 11 egunez 2.000 kilometro baino gehiago egin ondoren iritsiko da Bilbora, martxoaren 29an. Han irakurriko dute korrikalarien artean eskuz esku igaroko den lekukoak eramango duen mezua. Euskararen aldeko ahalduntzean egin nahi dute indar hemeretzigarren aldian. Horregatik, Euskahaldundu! hitz jolasa hautatu dute 19. Korrika-ren lelo gisa. Norbere gaitasunetan sinetsi eta eragiteko deia egin diete herritarrei.

Bi urte dira Baionan Amets Arzallus bertsolariak 18. Korrika-ri bukaera eman zion testua irakurri zuenetik. Honela zioen lekukoak gordeta zeraman orriak: «Herri hau pentsatzen ahal dugu, edo ezin dugu pentsatu». Mezu hori jaso eta euskararen aldeko ahalmen horretan indar egingo dute hemeretzigarren Korrika-n. «Ezagutzen al ditugu gure ahalmenak? Ba al dakigu zer egiten eta eragiten ahal dugun? Ala ahul gabiltza? Ahaldunduko al gara?». Galdera horiek egiten ditu proiekturako prestatu duten iragarkiak. Bada, norbere gaitasunez jabetzea eta horiek erabiltzea beharrezkoa ikusten dute AEK-ko kideek eta Korrika-ren antolatzaileek. Ahalmenenen batuketa egin eta eragin; horra euskaldun eta euskaltzaleei eginiko deia.

Elkartuz areagotu nahi dituzte ahalmenak: dakienak erabiltzeko eta ez dakienak ikasteko ahala, ikasteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko ahala, euskaltegiak ikaslez betetzeko ahala, euskal kultura hedatzeko eta euskal hedabideak aupatzeko ahala, euskara taldeak laguntzeko eta euskalgintza babesteko ahala.Horiekin guztiekin osatu nahi dute euskararen herria. Auzolanean eta elkarlanean euskaraz bizi daitekeela azpimarratu dute.

Elkarlanak berebiziko garrantzia du AEK-ko kideentzat. Eta, horregatik, Durangoko Azoka izango da hemeretzigarren Korrika-ko omendua. Antolatzaileentzat, auzolanaren adibidea da Durangoko ekitaldia. 50 urte beteko dira 2015ean lehen azoka egin zenetik, eta urteurrenean ekarpena egin nahi du Korrika-k ere. Izan ere, liburu eta disko azokatik harago euskalgintzaren eta euskal kulturaren bilgunea dela uste dute antolatzaileek.

Handituz doan ekitaldia

34 urte dira Oñatitik (Gipuzkoa) abiatu zen lehen Korrika egin zenetik. Ordutik, milaka herritarrek parte hartzen dute bi urterik behin ekitaldian. Ekitaldiz ekitaldi kopuruak gora egin duela azpimarratu dute antolatzaileek. Eta Korrika-ren inguruan sortzen diren mugimenduak ere nabarmendu dituzte; tartean, herriz herriz zein auzoz auzo antolatzen diren jaialdi eta kultur ekitaldiak. Horiek guztiek Euskal Herriko gizarteak euskara berreskuratzearen alde egindako hautua erakusten dute, AEK-ko kideen arabera.

Hilabete da helduak euskalduntzea helburu duen AEK-k ikasturtea hasi zuenetik. Ordutik, euskara ikaslez zein irakaslez beteak dituzte Euskal Herri osoan dituzten gelak. Hauxe adierazi du Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak: «Milaka aridira euskara hobetzen eta ikasten, eta milaka euskaraz bizitzeko urratsak egiten». Euskaltegien egitekoa argi du Mugikak: «Euskara normalizatzeko, funtsezkoa da helduen espazioetan euskaraz funtzionatzea».

Behin eta berriz azpimarratu du euskaraz bizitzeko helduen euskalduntze eta alfabetatzeak duen garrantzia. Eta horretarako euskaraz gozatzea ezinbestekoa dela uste du: «Funtsezkoa da euskaraz komunikatzeko gai izatea. Horra heltzea beharrezkoa ikusten dugu guk. Posible da, eta sinesten dugu horretan». Gogorarazi du euskararen aldeko herri gogoa sustatzeko sortu zela Korrika, 1980an: «Euskararen aldeko ilusioa pizteko, indarrak batzeko eta lagunartea sortzeko jaio zen Korrika. Eta helburu horri eusten dio gaur egun ere. Herritarrek osatzen dute Korrika; herritarrek egiten dute Korrika».

Gelak betetzea helburu

Herritar asko euskalduntzea bermatzen dute euskaltegiek. Izan ere, helduen alfabetatze eta euskalduntze lanean Euskal Herri osoan aritzen den bakarra da AEK. Bostehun irakasle baino gehiago ditu, ehun euskaltegi eta gau eskolatan baino gehiagotan banatuta. Eta horiek bultzatzea ere bada Korrika-ren helburua, Mugikaren arabera. Esan du gaur-gaurkoz finantzaketa publikoak dituen gabeziak arintzeko diru baliabideak eskuratzea ahalbidetzen duela Korrika-k. Adierazi du Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako euskaltegien egoera ekonomikoa ez dela ona: «Ez dute behar adina diru laguntza jasotzen».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere okerrera egin du egoerak. Krisi ekonomikoaren «aitzakiarekin» diru laguntza politikak erabat okertu direla nabarmendu du Mugikak. Eta, horregatik, hutsune horiek betetzeko erabiliko dute, besteak beste, 19. Korrika-ren bidez jasoko dituzten baliabideak. «Jasotako diruarekin, Euskal Herriko gau eskola eta euskaltegiei behar duten laguntza emango zaie».

Iragarri dute 19. Korrika-ren hasiera eta bukaera data, baita abiapuntua eta helmuga ere. Hemeretzigarren aldiaren abestia noiz kaleratuko zain egongo dira orain asko; beste asko, norbere herrira noiz iritsiko den egun eta ordu zehatzaren zain. Datozen hilabeteetan emango dituzte xehetasun gehiago. Hala adierazi dute antolatzaileek. Baina sekretupean gordeko duten zerbait, eta martxoaren 29ra arte inork jakingo ez duena: kilometroz kilometro, herriz herri eta eskuz esku 19. Korrika-n Euskal Herria gurutzatuko duen lekukoak gorderik eramango duen mezua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.