Richar Vaquero EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusia eta haren taldea Pilar Garridorekin batzartu dira gaur, boterea eskualdatzeko. Halere, Vaquerok eskatu dio ez joateko oso urrun, alboan izan nahi duela: «Ez soilik militante gisa, zure esperientzia lagungarri izango zaigulako. Eskerrik asko egindako lan guztiagatik». Ekitaldian izan diren hainbat alderdikidek txalo artean agurtu dute Garrido.
Agurra luzatu gabe, lanean hasi behar dela azpimarratu dute Vaquerok eta Maite Gartzia koordinatzaile laguntzaileak. «Beharrezkoa da aurreko urteetako inertziak hautsiko dituen herrialde eredu berri baten inguruko ilusioa berreskuratzea», esan dute. «Nahikoa da EAJren eta PSE-EEren aurrekontu kontserbadore eta kontinuistekin. Gainera, orain EH Bilduren babesa dute». Gizarte arrakala murrizteko, aberastasuna banatzeko eta etxebizitza larrialdiari erantzuteko «neurri ausartak» aldarrikatu dituzte. Hala, iragarri dute etxebizitza, fiskalitate progresiboa eta trantsizio ekologikoa izango direla Ahal Dugu berriaren lehentasunak.
«Erabakitzeko eskubidea gure izaeraren parte da, eta hori ez dago auzitan. Baina estatus berriaren barruan galdera asko daude»
MAITE GARTZIAKoordinatzaile nagusiaren laguntzailea
EAJrekin eta PSE-EErekin akordioak lortzeko borondatea agertu dute, «Euskadik fiskalitate justua, progresiboa, bidezkoa eta solidarioa izan dezan». Erreforma fiskala aberastasunaren banaketan eta aukera berdintasunaren berme gisa egituratzen bada, eurekin kontatzeko esan dute bozeramaileek, baina «errenta eta kapital handiak mesedetzen dituen eredu bidegabe baten alde egiten jarraitu nahi badute, kontra izango gaituzte», ohartarazi dute.
Vaquerok iragarri du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eledunekin batzartuko dela hurrengo astean. «Haiek landu dute gaia, eta inork baino hobeto ezagutzen dute. Errespetuagatik, ez dut ezer aurreratu nahi, baina argi dago nondik joko dugun», aipatu du.
Taldeari garrantzia eman dio Vaquerok. Hautagaitza prozesuan alderdia deszentralizatzeko beharraz hitz egin zuen, eta gaur ere aipatu du kazetarien galderei erantzuterakoan. «Militanteek esango digute noraino deszentralizatu nahi duten alderdia, baina uste dut onuragarria dela orain arte baino erabakitzeko ahalmen handiagoa izatea».
5
EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak. Roberto Uriate izan zen lehen koordinatzaile nagusia. Bi urtez jardun zuen, 2015 eta 2016 urteetan, Nagua Albari lekukoa eman arte. Hark ere bi urte egin zituen, eta Lander Martinez iritsi zen gero. 2020an Pilar Garridok hartu zuen kargua, eta, orain, Vaqueroren txanda da.
Etxebizitzari dagokionez, arduradun berriek beste etxebizitza politika bat posible dela azpimarratu dute. Errenteria jarri dute adibide gisa. Ahal Dugu-k koalizioan gobernatzen du Gipuzkoako herri horretan –Gartzia bigarren alkateordea da–, eta tentsio handiko eremu izendatu zuen urrian Eusko Jaurlaritzak, udalak hala eskatuta. Hego Euskal Herriko lehen herria izan zen. «Gobernatzen dugun lekuetan gehiengo sozialaren alde egiten dugu, eta ez negozioa egitearen alde».
Izan ere, EAJri eraso egiteko erabili dute gaia. Salatu dute jeltzaleek ez dutela etxebizitza eskubide gisa ikusten, baizik negozioa egiteko aukera bezala. Imanol Pradales lehendakariari ere mintzatu zaizkio: «Pazientzia, itxaropena eta konfiantza eskatzera mugatu zen urte amaierako hitzaldian. Non bizi zara? Euskal gazteen konfiantza politika ausartekin irabazten da».
Halaber, trantsizio energetikoan aurrera egiteko ezintasuna ere egotzi diote EAJri, «ez baitio kosk egin nahi jaten ematen dion eskuari». Iragarri dute Ahal Dugu-k lan egingo duela gehien kutsatzen duten eta klima aldaketan erantzukizun handiena duten enpresei zergak ezartzeko, eta zin egin dute Urdaibaiko Guggenheim eta proiektu eoliko erraldoien moduko asmoak geldiaraziko dituztela.
Estatus politiko berria
Estatus politiko berriaren auzia «lantzen» ari direla iragarri dute. «Talde berria gara, eta gure ildo estrategiko guztiak landu eta berriz aztertu behar ditugu», esan du Gartziak. «Erabakitzeko eskubidea gure izaeraren parte da, eta hori ez dago auzitan. Baina estatus berriaren barruan galdera asko daude, eta militantziarekin hitz egin beharko dugu». Halere, esan du ez duela aldaketa handirik espero.
Asmoak gauzatzeko argi dute orain baino Ahal Dugu indartsuago bat behar dutela. Kalean jarri dute arreta. «Garbi daukagu militantziarik gabe ez dagoela Zirkulurik, eta Zirkulurik gabe ez gara iristen gizarte mugimenduetara. Guretzat hori funtsezkoa da». Gartziak ere bide beretik jo du: «Gu Podemos baikara, kaletik gatoz, eta puntu horretara itzuli nahi dugu».
Izan ere, Ahal Dugu ez da egoera samurrean. Duela hamarkada bat sortu zen Podemos Espainian, eta Hego Euskal Herrian emaitza oso onak izan zituen sorrera hartan. 2015eko eta 2016ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan 300.000 bototik gora ere eskuratu zituen, lehen indar bilakatuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Haiek izan ditu emaitzarik onenak. Foru aldundietan, udaletan, Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan apalagoak izan ditu emaitzak, baina 2016an 11 ordezkari izan zituen Eusko Legebiltzarrean, Pili Zabala lehendakarigaitzara aurkeztuta. Nagua Alba zen orduan idazkari nagusi.
Orduz geroztik, baina, gain behera joan zen. 2020an, sei ordezkari lortu zituzten Eusko Legebiltzarrerako. Pilar Garridok hartu zuen koordinatzaile nagusiaren kargua 2020an. Sumar sortu zen gero, eta zatiketa alderdi morearen kalterako izan zen. Azken hauteskundeetan ordezkaritzarik gabe geratu dira Eusko Legebiltzarrean. Batzar Nagusietan eta hainbat udalerritan eusten diete ordezkaritza apalei.