Ahal Dugu-k esan du «erabateko autonomia» duela zerga erreformaz erabakitzeko

Alderdiak gezurtatu egin du Madrilgo zuzendaritzaren jarraibiderik jaso izana EAJren eta PSE-EEren proposamena atzera botatzeko, eta gogorarazi du ez dela altxatu negoziazio mahaitik.

EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Richar Vaquero. JAVI COLMENERO / EFE
EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Richar Vaquero. JAVI COLMENERO / EFE
aitor biain
2025eko martxoaren 10a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Asteburuan Vocento taldeko egunkariek argitaratutakoaren arabera, Ione Belarrak Richar Vaquero Euskal Autonomia Erkidegoko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiari deitu ondoren erabaki zuen ezkerreko koalizioak EAJren eta PSE-EEren proposamena ez babestea. Vocentoren esanetan, EH Bilduko kideren batekin hitz egin ondoren etorri omen zen Belarraren deia. Bada, Ahal Dugu-k ohar bat kaleratu du horren harira, eta adierazi du zabaldu den informazioa «faltsua» dela eta alderdiari «kalte egitea» duela helburu.

Ahal Dugu-k nabarmendu du Madrilgo zuzendaritzako kide bakar batek ere ez diola deitu Vaquerori zerga erreformaren inguruko jarraibideak emateko. Beraz, azpimarratu du zuzendaritzak ez duela eraginik izan alderdiaren EAEko Koordinazio Kontseiluak astelehenean hartutako erabakian, eta «autonomia osoz» erabaki zutela EAJk eta PSEk osatutako foru gobernuen zerga erreforma ez onartzea.

Izan ere, gogorarazi du barne galdeketaren emaitza ez zela «erabakigarria» izan, «berdinketa teknikoa» izan zelako «ia». Militanteen %25ek baino gutxiagok parte hartu zuten galdeketan —presaz egin izanarekin lotu zuen parte hartze txikia alderdiak—, eta bozkatu zutenen %46k EAJren eta PSE-EEren proposamena babestearen alde egin zuten. %43k kontra bozkatu zuten, eta %11 abstenitu egin ziren.

Ahal Dugu-k esan du jeltzaleen eta sozialisten proposamena ez zaiela nahikoa iruditzen, baina, halere, negoziazioa ez dutela bukatutzat eman: «Ez gara inoiz altxatu mahaitik». Eta gogorarazi du prest daudela hartutako jarrera «berriro planteatzeko» baldin eta EAJk eta PSE-EEk «aldaketa esanguratsuren bat» jasoko lukeen beste proposamen bat aurkeztuko balute.

Jaurlaritzaren itxaropena

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxena baikor azaldu da gaur, zerga berrikuspenaren inguruko akordio bati begira. Mahai gainean dagoen proposamena EAJk eta PSEk adostu dute, eta Ahal Dugu-rekin batera doitu, baina oposizioko zenbait talderekin ituna egiteko modukoa dela esan du gobernu eledunak, EAJk eta PSEk eurek sarritan helarazi duten moduan, baina jarraian zehaztu du: «Euskadiko Ahal Dugu-k aukera du jarrerak hurbiltzeko eta akordio bat egiteko».

Ituna egingo duten esperantza badu Gasteizko gobernuak: «Ateak zabalik daude, eta akordio bat egongo dela espero dut», erantsi du Ubarretxenak. Segidan, aurreko astean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Ogasun diputatuek eman zuten mezua errepikatu du: «Akordio horrek milioi bat pertsona baino gehiagori egingo lieke mesede».

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Jaurlaritzako eledunak esan du ez duela baloraziorik egin nahi Ahal Dugu-ren barruan egon den prozesuari eta haren ondotik iritsitako ezezkoari buruz. Zuzendaritza moreak eta foru gobernuak osatzen dituzten bazkide biek, EAJk eta PSE-k, akordiorako oinarria egin zuten, baina, afiliatuei onespena eskatzeko galdeketaren ondoren, Ahal Dugu-k ezezkoa eman zuen. Ubarretxenak, azkenerako, «harrigarria» hitza erabili du Ahal Dugu-ren erabakiari buruz aritzeko: «Akordiorako oinarria bazegoen, eta oinarriei galdetu zuten; ezezkoa eman zuten gero; eta, orain, beste informazio batzuk iritsi dira».

Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiaren esku hartzeari buruz kaleratu dituzten informazioak dira horiek; alegia, hark akordioa egin ez zedin esku hartu zuela diotenak. Madrilgo zuzendaritzaren esku hartze hori EH Bilduko kide baten dei baten ostean iritsi zela ere kaleratu dute.

Otegi: «Errua ez da EH Bildurena»

Bada, EH Bilduko kide batek egindako deiari buruz galdetu diote Arnaldo Otegi idazkari nagusiari Iruñean, Aberri Eguna aurkezteko ekitaldian. «Mundu guztiak daki Euskal Herrian arazo guztien iturria EH Bildu izan dela beti», erantzun du ironikoki. Haren esanetan, EAJk eta PSE-EEk dute arazoa, ez dutelako gehiengorik Gipuzkoan eta Araban. «Hala ere, pentsatzen dute gehiengoa dutela».

Are, Otegiren ustez, EAJ eta PSE-EE ez daude ados zergen arloko neurriekin eta gobernu barruko gai nagusiekin —haren ustez, euskara, AHTa, etxebizitza, estatusa...—. «Ez daude ados ia ezertan. Bakarrik daude ados gobernuak egin behar dituztela gobernuak banatzeko. Beraien arazoa ez da EH Bildu, baizik eta ez dutela gehiengorik. Errealitate hori ezkutatu nahian-edo, errua beste toki batean jarri nahi dute», kritikatu du. Gaineratu du Araban eta Gipuzkoan derrigorrez akordioa bilatzera behartuta daudela.

Euren posizioari buruz, Otegik zehaztu du hasteko Batzar Nagusietan jeltzaleek eta sozialistek proposatutako neurriei ez dagoela «erreforma» deitzerik. Haren esanetan, proposatutako kenkarien ondorioz, diru gutxiago bilduko da etorkizunean zerbitzu publikoak finantzatzeko. «Hasieratik galdetu dugu nola den posible diru gutxiagorekin zerbitzu publikoak sostengatzea hemendik bi-hiru urtera. Ez dute erantzun». Haren esanetan, erreforma sakon bat egin ezean kontra bozkatuko dute. «Ez dugu erraztuko ukitu soil batzuk egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.