Ahal Dugu-k akordioa egin du EAJrekin eta PSErekin, zerga berrikuspena babesteko

EAEko Ahal Dugu-renarabera, errenta txikienen aldeko neurri gehiago jaso ditu EAJren eta PSE-EEren proposamenak. Horregatik, alderdi morea prest dago hiru lurraldeetan zerga erreforma babesteko.

EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Richar Vaquero eta Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaile Eneritz Madariaga, gaurko agerraldian. BERRIA
EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Richar Vaquero eta Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaile Eneritz Madariaga, gaurko agerraldian. BERRIA
Aitor Biain - Edurne Begiristain
Gasteiz
2025eko martxoaren 13a
11:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Erabakian atzera egin du Ahal Dugu-k, eta EAJren eta PSE-EEren zerga berrikuspenaren proposamena babesteko prest azaldu da. EAEko Podemoseko zuzendaritzak akordioa egin du jeltzaleekin eta sozialistekin, hiru lurraldeetan erreforma onartu dadin. Erabakia behin betikoa da, ez baitie militanteei kontsulta bidez galdetuko oraingoan. Hala ere, zuzendaritzak adierazi du proposamen berriarekin «ezkerrera biratzea» lortu dutela, errenta txikienak dituztenen aldeko 27 neurri adostea lortu dutelako. Besteak beste, adostu dute errenta aitorpena egitetik salbuetsita egoteko gehienezko kopurua 20.000 euroraino igotzea. Azpimarratu dute hori onuragarria izango dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen erdientzat.

Alderdi moreak duela bi aste ere egin zuen akordioa jeltzaleekin eta sozialistekin, baina ez zuten berretsi, alderdi barruko desadostasunak tarteko. Izan ere, barne galdeketan akordioa babestearen alde azaldu ziren militanteak, baina alderdiaren zuzendaritzaren ustez ez zuen nahikoa babes lortu eta zerga berrikuspena ez onartzea erabaki zuten. Militanteen %25ek baino gutxiagok parte hartu zuten galdeketan —presaz egin izanarekin lotu zuen parte hartze txikia alderdiak—, eta bozkatu zutenen %46k EAJren eta PSE-EEren proposamena babestearen alde egin zuten. %43k kontra bozkatu zuten, eta %11 abstenitu egin ziren. Zuzendaritzaren ustez, «berdinketa teknikoa» izan zen «ia».

Dena den, ez zuten negoziazioa amaitutzat eman, eta prest azaldu ziren hartutako jarrera «berriro planteatzeko» baldin eta EAJk eta PSE-EEk «aldaketa esanguratsuren bat» jasoko lukeen beste proposamen bat aurkeztuko balute. Bada, eskakizun horietako batzuk jaso ditu proposamenak, zuzendaritzak adierazi duenez, eta horregatik erabaki dute orain proposamena babestea. Richar Vaquero EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak esan du «hobekuntza esanguratsuak» jaso dituela proposamenak, eta erabakia hartzeak eskatzen zuen «premiagatik» erabaki dutela barne galdeketa berriro ez egitea. Alderdiaren barneko organoetan berretsiko dute erabakia.

«Badakigu erabakiak hartzeko modua ez dela ondo hartu eta ulertu. Baina ez dut militantziari balioa emateko aukera galdu nahi», adierazi du Vaquerok gaur, Gasteizen egindako premiazko agerraldian. Eneritz Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramailearekin batera eman du akordioaren berri.

Adierazi dute «maximalismoak» alde batera utzi eta oinak lurrean jarri dituztela, eta «erantzukizunez» hartu dutela akordioa lortzeko erabakia. Ahal Dugu-ren arabera, «ezkerrera» mugitu dituzte jeltzaleak eta sozialistak, errenta apalenei lagunduz eta errenta handien kaltetan. Zehazki, diotenez, milioi bat herritar baino gehiagori ekarriko dizkie onurak akordioak.

Zerga sisteman «arrakala»

Adostutako akordioaren arabera, «historian lehen aldiz» zerga sistemaren egituran «arrakala» bat irekitzea lortu dutela nabarmendu dute Ahal Dugu-ko ordezkariek. Izan ere, besteak beste, urtean 20.000 eurotik beherako diru sarrerak dituztenek ere jasoko dituzte hobariak. Hau da, aukera izango dute etxebizitzarengatik ordaintzen duten alokairuaren %20 eta %35 arteko kenkariaz baliatzeko.

Oro har, 1.600 eurorainoko laguntza jasotzeko aukera izango da, eta 2.800 eurorainokoa jaso ahalko dute 36 urtetik beherakoek, edo familia ugariek, desgaitasun edo mendekotasunen bat dutenek eta indarkeria matxistaren biktimek. Salbuetsita egonik ere, errenta aitorpena egin beharko da laguntza horiek eskuratzeko.

Urtean 20.000 eurotik beherako diru sarrerak dituztenek ez dute errenta aitorpenik egin beharko —EAJk eta PSEk 19.000 euroko muga proposatu zuten—, eta neurri horrek 340.000 pertsona ingururi eragingo diela kalkulatu dute.

Etxebizitza arloan, berriz, alokairua sustatzeko neurriak jasoko dituzte zerga erreforman. Ahal Dugu-k proposatuta, 68.000 eurotik gorako irabaziak dituztenek ez dute etxebizitzari lotutako kenkaririk izango. Aurrezkiari dagokionez, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeetan egindako ekarpenak kobratzerakoan, jasotakoaren %70 sartu beharko da errenta aitorpenean —jeltzaleek eta sozialistek aurreikusitakoa baino %10 gehiago—. Eta sozietate zergan ere aldaketa batzuk egitea hitzartu dute: besteak beste, gutxieneko zerga %15etik %17ra igoko dute, eta ezohiko irabaziak dituzten enpresei zerga handiagoak kobratuko dizkiete.

Neurri zehatzekin batera, konpromiso politikoak ere jaso ditu akordioak; besteak beste, adierazi dute finantza erakundeen eta multinazionalen zerga arautu eta aurten indarrean sartuko dutela, eta hiru lurraldeetan zerga sistemaren progresibitatea aztertuko dutela. Gainera, konpromisoen artean jaso dutenez, martxo eta apiril artean hiru foru aldundiek alokairuen prezioak mugatzeko erreferentziako prezioen indizeak bidaliko dizkiote Espainiako Etxebizitza Ministerioari.

Ezker Anitza, kontra

Ezker Anitza-IUrekin batera aurkeztu zen Ahal Dugu foru hauteskundeetara, eta alderdi horrekin koalizioa osatuta lortu zituen batzarkideak 2023ko hauteskundeetan. Alabaina, Ezker Anitza-IUk ohar batean jakinarazi du ez duela babesten akordioa, eta negoziazioetatik at utzi izana leporatu dio Ahal Dugu-ri.

Ezker Anitza-IUren ustez, «zerga erreforma sakona» behar da, progresibitatean eta justizia fiskalean aurrera egingo duena, baina ez desberdintasunak zuzenduko ez dituena eta diru bilketarako ahalmena gehiago murrizten duena. Komunikabideen bitartez izan dute akordioaren berri, eta salatu dute kapitalaren errentek eta enpresen irabaziek lanaren errentekin parekatu gabe jarraitzen dutela, eta finantza erakundeei eta multinazionalei zerga berriak ezartzea ez dela neurri berria.

Ezker Anitza-IUk zerga erreforma bat aurkeztu du publikoki, foru ogasunen diru bilketa urtean 1.311 milioi handituko lukeena, taldearen ustez. Proposamen hori hainbat erakunde sozial, sindikal eta politikori helarazten ari zaie.

EAJ eta PSE-EE, pozik

Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariak ituna babestu du, eta esan du akordioa lortu nahi izan duenak soilik negoziatu duela. Elkarrekin Podemosek izandako jarrera goraipatu du, eta EH Bilduren eta PPren jarrera kritikatu. «Alderdi batzuek euren interesak lehenesten badituzte herritarren onura orokorra baztertuta, zera gertatzen da: jokaldia txarto ateratzen zaiela. Hori gertatu zaie Bilduri eta PPri».

Ortuzarrek EH Bilduri eta PPri egotzi die osoko zuzenketak aurkeztu izana EAJren eta PSE-EEren zerga berrikuspenari. Baina, osoko zuzenketez gain, EH Bilduk partzialak ere aurkeztu zituen Araban eta Gipuzkoan, akordiorako atea irekita uzteko asmoz.

Ortuzarrek akordioa babestu du, «egoera zaurgarrienean» daudenak babestuko dituelakoan. Kontziliazioarekin edo etxebizitzarekin lotutako neurriak aipatu ditu, besteak beste, eta adierazi du hiru lurraldeen arteko harmonizazioa bermatu dela. Milioi bat pertsonak onurak izango dituztela esan du.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia ere pozik agertu da zerga erreformaren negoziazioan lortutako akordioaren inguruan, «hasiera-hasieratik» norabide aurrerakoia hartuta egin delako, haren hitzetan, sozialistek nahi bezala. Anduezaren ustez, akordioari esker atea itxiko zaie zerbitzu publikoen kalterako diren zerga jaitsierei, besteak beste.

«Norabide aurrerakoian aurrera egiten tematu gara hasieratik, eta agerian geratu da gehiengo sozial hori gure zerbitzu publikoak mantentzen eta indartzen jarraitzearen alde dagoela», Anduezaren esanetan. Haren ustez, akordioak hainbat premiari erantzungo die, hala nola enplegu duina lortzeari, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borrokari, etxebizitza merkeagoa izateko eskaerari eta ingurumenaren babesari.

EH Bildu, kritiko

EH Bildu, berriz, oso kritiko agertu da akordioaren inguruan. «Lasterbide bat hartu dute, biderik errazena, motzena», deitoratu du Unai Urruzunok. Bide horrek «aukerak galarazi» egiten dizkio herriari, eta ez dio erantzuten etortzekoa den ziklo ekonomiko zailari, haren hitzetan. «Ziklo ekonomiko berriari dagokion mailan egotea administrazioak indartzea da, zerbitzu publikoak eta herritarren ongizatea bermatzeko baliabide nahikoa izatea. Eta, horretarako, ezinbestekoa da nahikotasun ekonomikoa ziurtatzea». Hori lortzeko erreforma fiskal «sakon» bat behar dela iritzi dio koalizioak, eta ez «kenkarien zerrenda» soil bat.

Urruzunok ohartarazi du «kezkagarria» dela Ahal Dugu jeltzaleak «erreskatatzera» joatea eta haien «makulu» gisa aritzea. «EAJri boteretsuak erreskatatzea leporatzen zioten horiexek erabaki dute gaur egun ezer aldatzen ez duen arau bat erreskatatzea».

EH Bilduren ustez, «makillaje fiskala» da adostutakoa, eta ez da ez erreforma bat, ez berrikuspen bat: «Orain arte egin izan denaren segida baino ez da, eta bere garaian PPrekin hitzartu zen bera da». Urruzunoren ustez, orain beharrezkoa da argitzea erreforma horrekin nola bermatuko den zerbitzu publikoen kalitatea, eta zer eredu sustatu nahi den gizarterako, ekonomiarako eta lehiakortasunerako.

Akordioaren kontra egin du PPk ere. Iñaki Oiartzabal Arabako PPko buruak adierazi du «klase ertainen, euskal enpresen eta autonomoen kalterako» izango dela. Hark, baina, ezkerrera egin izana leporatu dio EAJri, «PSEren eta Ahal Dugu-ren eskuetan» dagoelakoan.

Foru aldundiak, gustura

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak pozik agertu dira akordioaren inguruan. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak uste du lortutako akordioa «ona» dela Gipuzkoarako, «19 urtetik gorako herritarren erdiei baino gehiagori mesede egingo dielako» eta lurraldeko industriaren lehiakortasuna sendotuko duelako. Haren ustez, PPren eta EH Bilduren planteamenduak «errealitatetik kanpo» zeuden. Ahal Dugu-ri eskertu egin dio «presioak» izan arren amore eman ez izana.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, berriz, EH Bilduri eta PPri eskatu die «argi eta garbi» azaltzeko zer dela-eta ez duten akordioa babesten. Era berean, poztu egin da zerga berrikuspena onuragarria izango delako bereziki errenta apalak dituztenentzat, emantzipatu nahi duten gazteentzat, lan merkatuan sartzen diren emakumeentzat eta pentsiodunentzat.

Antzera mintzatu da Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia ere. Esan du lortutako akordioak errenta txikienei eta «kolektibo ahulenei» lagunduko diela, baina baita errenta ertainei ere. Gainera, uste du enpresak lehiakorrago izatea sustatuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.