EAEko Ahal Dugu-k ez du ez zuzendaritzarik, ezta idazkari nagusirik ere, Lander Martinezek joan den otsailaren 27an dimisioa eman zuenetik. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, alderdia hurrengo hilabetean da zuzendaritza aukeratzekoa, eta, Pilar Garridok atzo baieztatu zuenez, idazkari nagusi izateko hautagaia izango da. Hautagaitzaren inguruko iturriek Efe berria agentziari adierazi diotenez, Garridoren asmoa da alderdiaren zuzendaritzan «ahalik eta ikusmolde gehien» biltzea.
Miren Gorrotxategi legebiltzarrerako Elkarrekin Podemos koalizioaren lehendakarigai izango denaren ildokoa da Garrido. Gorrotxategik bezala, idazkari nagusi izateko hautagaiak ere badu eskarmenturik Madrilen. 2015etik 2019ra senataria izan zen, eta iazko maiatzetik Unidas Podemosen diputatuetako bat da Espainiako Kongresuan. Alderdi morearen zuzendaritzako kidea ere bada, gainera.
Radio Euskadin egin zioten elkarrizketa batean jakinarazi zuen Garridok primarioetarako hautagai izango dela, eta, hain zuzen, gaur da zerrenda aurkeztekoa, bideo dei bidezko agerraldi batean.
Alderdiaren sektore guztietako ordezkariak erakarri nahi ditu Garridok, baina, dimisioa eman eta gero, Martinezek jakinarazi zuen bere taldea ez zela aurkeztuko zuzendaritza aukeratzeko prozesura.
Litekeena da hautagai independenteren bat primarioetara aurkeztea —maiatzaren 28ra arte dago irekita epea—, baina Garridorena izango da irabazteko aukerak edukiko dituen bakarra. Batetik, Martinezen sektoreak uko egin diolako; bestetik, korronte antikapitalistak alderdia utzi zuelako joan den otsailean, PSOE-Unidas Podemos gobernuarekin kritiko zela eta.
Hurrengo idazkari nagusia aukeratzeko bideokonferetzia bidezko kanpaina ekainaren 9tik 17ra egitekoa da; militanteak ekainaren 12tik 17ra dira telematikoki bozkatzekoak, eta, ondo bidean, ekainaren 19an argitaratuko dituzte emaitzak.
2017ko abenduaz geroztik idazkari nagusia izandakoak dimisioa eman zuenetik, hauteskunde batzorde teknikoak zuzentzen du alderdia, eta Gorrotxategi, Garrido eta Roberto Uriarte buru izan duten taldeko kideak daude organo horretan. Pablo Iglesias Unidas Podemoseko idazkari nagusiaren babesa dute.
Hain zuzen, Uriarte bera izan zen alderdi morearen EAEko adarraren lehen idazkari nagusia. 2015eko otsailean aukeratu zuten, baina urtebete pasatxo iraun zuen karguan, 2016ko martxora arte. Dimititu egin zuen, Madrilgo zuzendaritzarekin izandako desadostasunengatik. Nagua Albak hartu zion lekukoa —primario haietara aurkeztu zen Garrido bera—, baina hark ere dimititu egin zuen. Iñigo Errejon egun Mas Pais alderdiaren buru denaren tesiekin bat egiten zuen Albak.
Martinezek ere ez zuen oso harreman ona eduki Iglesiasekin, eta zuzendaritza uztea erabaki zuen hurrengo bozetan Elkarrekin Podemos koalizioaren lehendakarigai izateko egindako primarioak Gorrotxategik irabazi zituenean. Prozesu horretan Rosa Martinez beste hautagaia babestu zuen Martinezek, eta haren aldeko kanpaina egin.
Madrilen segitzekoa da
Idazkari nagusi aukeratua izanez gero ere, Garridok ez du diputatu kargua uzteko asmorik. Bestetik, zuzenbide konstituzionaleko irakaslea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Badajozen jaio zen (Espainia, 1966), baina aspalditik bizi da Euskal Herrian. Javier Madrazo Ezker Batuko liderra Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua izan zenean (2001-2009), Garrido saileko zuzendaria izan zen.
Ahal Dugu-ko zuzendaritzan ahalik eta sektore gehien bildu nahi ditu Garridok
Alderdiaren idazkari nagusi izateko hautagai aurkeztuko da. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiaren ildokoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu