Ahal Dugu-k zerga berrikuspenaren ituna defendatu du: «Baliagarriak izatea erabaki dugu»

Enpresaburuek gogor kritikatu dute ituna, eta uste dute «zigorra» ezarri zaiela. Jaurlaritza pozik dago akordioarekin.

Richar Vaquero eta Eneritz Madariaga, atzo, Gasteizen. BERRIA
Richar Vaquero eta Eneritz Madariaga, atzo, Gasteizen. BERRIA
aitor biain
2025eko martxoaren 14a
13:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Zerga berrikuspena aurrera ateratzeko EAJrekin eta PSErekin akordioa egin duela iragarri eta biharamunean, Ahal Dugu-k erabakia defendatu du. Richar Vaquero EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiak esan du ez zutela proposamena onartu beste aukerarik baldin eta joko zelai politikoan «baliagarri» izateko helburua bete nahi bazuten: «Ahal Dugu-k baliagarria izatea erabaki du, talde politiko guztiei eskatzen zaien erantzukizun politikoa kontuan hartuta».

Jeltzaleekin eta sozialistekin ados jartzeagatik egin dizkieten kritikei erantzunez, Vaquerok esan du «arduraz» jokatu dutela, alternatiba «okerragoa» zelakoan: «Zein zen beste aukera? Gustatzen ez zaigun zerbaitekin jarraitzea, edo PPk negoziatu eta emaitza okerragoa izatea?». Hori aintzat hartuta, Vaquerok azpimarratu du «aukera arduratsu bakarra» zera zela, «jendearen alde zerbait egitea».

EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak bere alderdia «errespetatzeko» eskatu du, eta, izenik aipatu gabe, EH Bilduri egotzi dio akordioa neurriak irakurri gabe kritikatu izana. Hain zuzen, Vaquerok nabarmendu du adostutako 27 neurriei esker Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek «diru gehiago» bilduko dutela zergen bidez, eta hala «baliabide gehiago» izango direla «behar handiena dutenentzat».

«Zein zen beste aukera? Gustatzen ez zaigun zerbaitekin jarraitzea, edo PPk negoziatu eta emaitza are okerragoa izatea?»

RICHAR VAQUERO Ahal Dugu-ko idazkari nagusia

Aurrera begira, ez du baztertu beste gai batzuetan ere jeltzaleekin eta sozialistekin ados jartzea, baina zehaztu du itun «ezkertiarragoak» egitea gustatuko litzaiokeela, hau da, EH Bilduren eta PSEren artekoak. Dena den, «zaila» dela azpimarratu du, iritzita asko «iraganean iltzatuta» daudela oraindik, eta «EAJren eta PSOEren arteko akordioa ez hausteko modua egiten duten gobernukideak» daudela hala Gasteizen nola Madrilen. Hori ikusita, Vaquerok uste du ituna «pixka bat ezkerrera» eramatea dela Ahal Dugu-ren egitekoa.

Jaurlaritza pozik

Hain justu, Noel D’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak esan du ezker-eskuin ardatzetik kanpo utzi behar direla zergen inguruko negoziazioak. Jeltzaleek eta sozialistek egindako proposamenak egitura ona zuela esan du sailburuak, baina Ahal Dugu-rekin ituna egin ondoren herritarrek dituzten beharrei aurre egiteko tresna «egokiagoa» dela. Argi utzi du, halere, ez dela Ahal Dugu-ren zerga erreforma.

Jaurlaritzako akordioarekin «pozik» dagoela esan du, eta nabarmendu itunak EAEko hiru lurraldeetako zerga sistema harmonizatzea bermatuko duela, nahiz eta ez duen behin ere arriskuan ikusi hori. Sozietate zerga handitzeagatik egindako kritiken harira, sailburuak enpresariei eskatu die neurri jakinak azpimarratu ordez «ikuspegi orokorragoa» izateko, eta berretsi du «enpresei laguntzea» dela Jaurlaritzaren eta aldundien asmoa.

Enpresariak, oso haserre

Confebask enpresaburuen elkarteak oso gogor hitz egin du akordioaren aurka. Jeltzaleek eta sozialistek Ahal Dugu-rekin adostu duten zerga berrikuspena enpresarientzako «zigortzat» jo du Tamara Yague patronaleko buruak: «Erabaki politikoa da, eta ez dituzte ondorio ekonomikoak neurtu».

Yaguek azpimarratu du ituna ulergaitza dela enpresaburuentzat, eta salatu du enpresarien bizkar eutsi nahi zaiola ongizateari. Bada, patronalaren hitzetan, gogoeta egin behar da, zerga bilketa aurrezki pribatuan oinarritzen delako eta aberastasuna enpresariek sortzen dutelako: «Hausnartu behar genuke hori ote den ongizateari eusteko bide egokia. Behiak ez du esne gehiagorik ematen».

«Hausnartu beharko genuke ongizateari eusteko bide egokia ote den. Behiak ez du esne gehiagorik ematen»

TAMARA YAGUE Confebaskeko presidentea

Zehaztu du patronalak hainbat proposamen egin zituela, helburutzat hartuta enpresen lehiakortasuna indartzea eta hazkunde ekonomikoa bultzatzea, baina salatu du soilik deskarbonizazioari lotutako kenkarien proposamena hartu dutela kontuan. Gainerako neurriak enpresen kalterako izango direla adierazi du. Horien artean daude, esaterako, enpresen irabaziei ezartzen zaien gutxieneko tasa %17tik %19ra igo izana, eta enpresa handien aparteko irabaziei ezartzen zaien tasa %24tik %28ra igotzea: «Hori ez da lagungarria ez gure enpresak lehiakorrak izateko, ez proiektu motorrak erakartzeko».

ELA ere kritiko

Sindikatuak ere ez daude konforme Ahal Dugu-k EAJrekin eta PSErekin egindako akordioarekin. ELA sindikatuk esan du gaur egungo «zerga sistema bidegabea» betikotu baino ez duela egiten, eta iritzi dio zerga bilketari kalte baino ez diola egingo: «Gure zerga sistemak gutxi biltzen du, modu bidegabean egin ere, eta permisiboa da iruzur fiskalari dagokionez. Eta akordioak ez du horietako bat bera ere zuzentzen».

Hori dela eta, ulertezina zaio Ahal Dugu-k zerga berrikuspena onartu izana. ELAren ustez, «aurrerapen txiki batzuk» jasotzen baldin badira ere, zerga sistema goitik behera aldatzeko «aukera galdu bat» da, eta ezinbestekoa da atzera egitea, «benetako eztabaida bat» zabaltzea, eta gizarteak eta sindikatuek hartan parte hartzea.

KALERATZEAK STOP: «AKORDIOA TXARRA DA»

Kaleratzeak Stop elkarteak ere proposamenaren aurka egin du, iritzita ez duela balioko etxebizitzaren arazoa konpontzeko: «Egoera bidegabe bati aurre egiteko aukera galdu da». Elkartearentzat, ulergaitza da ezkerreko bi alderdi politikok, hau da, PSEk eta Ahal Dugu-k ituna babestu izana, eta salatu du ez direla gai izan ugazaben «botereari» aurre egiteko. Halaber, kritikatu du etxebizitza bat alokatzeagatik eta erosteagatik ezarriko diren kenkariek laguntza beharrik ez dutenei mesede egitea eta ez behar handiena dutenei: «Etxebizitzaren arloari begiratuta, akordioa txarra da, eta gainditu behar ez zen marra bat gainditu du». 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.