Matxinada bertan behera utzi nahi du Nafarroako Ahal Dugu-k. Atzo goizean, prentsa ohar bidez, Carlos Couso, Laura Perez, Ruben Velasco eta Fanny Carrillo parlamentari kritikoei euren akta utz dezatela eskatu zien alderdiko organo gorenak, Herritarren Kontseiluak. «Bere garaian sinatu zuten konpromisoarekiko koherentziaz», legebiltzarkide izateari uztea galdegin diete. Herritarren Kontseiluak argudiatu duenez, herritarrek aukeratutako proiektu politikoaren arabera izendatu zituzten parlamentari eta proiektu horren ordezkari diren heinean, alderdiaren organoen esanak bete behar dituzte. Hain zuzen, Ahal Dugu-k uste du irizpide horiek ez dituztela bete.
Azken egunetan, iritzi publikoaren aurrean urak zertxobait baretu zirela ematen zuen. Baina laster, Ahal Dugu-ko berme batzordeak erabaki bat hartuko du Laura Perez idazkari nagusi ohiaren aurka irekirik dagoen espedientearen inguruan. Hain zuzen ere, espediente horren aurka altxatu ziren urtarril amaieran lau parlamentariak, eta Perezen aurkako sorgin ehiza salatu zuten. Era berean, eledun batek taldetik kentzeko ahalmena duela argudiatuta, kritikoek Mikel Buil kargutik kentzea erabaki zuten, eta haren ordezko Carlos Couso izendatu zuten. Haatik, urrats horrekin, ildo ofizialeko beste parlamentariek —Ainhoa Aznarezek, Builek eta Tere Saezek— susmoak dituzte taldetik kanporatu ditzaketela.
Barne krisiak agerian utzi du mesfidantza handia dagoela bi sektoreen artean, eta aldaketaren aldeko beste indarrek konponbiderako deia egin diete biei.
Orain, Nafarroako Ahal Dugu-ko Herritarren Kontseiluak aktak itzultzeko eskatu die kritikoei. Alderdiko organo gorena da kontseilua, eta bi sektoreetako ordezkariz osatua dago. Iragan maiatzean hala idazkari nagusia nola kontseilua berritzeko hauteskunde primarioak egin ziren. Ozta-ozta bada ere, Eduardo Santos nagusitu zitzaion Perezi. Hala, egun kontseiluko 24 kideetatik hamahiru bere hautagaitzakoak dira, eta beste 11, ildo kritikokoak.
Larritzat jo dute
Herritarren Kontseiluak nabarmendu du alderdiak antolamendu bat eta kode etiko bat dituela: «Horiek errespetatu eta bete behar ditugu erakunde politikoaren funtzionamendu onerako. Hari zor gatzaizkio militanteak, kontseiluko kideak eta legebiltzarkideak». Herritarren Kontseiluak uste du lau legebiltzarkideek hala parlamentuko araudia nola Herritarren Kontseiluaren eskumenak urratu dituztela, eta «larritzat» jo du, «arduragabe» jokatu dutelako. «Modu antidemokratikoan jokatu dute, Ahal Dugu-ren zuzendaritzaren funtzioa bere gain hartu baitute».
Herritarren Kontseiluaren arabera, lau legebiltzarkideek alderdiko hainbat organo gutxietsi dituzte. Adierazpen publikoetan kritikoek gogor gaitzetsi dute Eduardo Santos idazkari nagusia, eta koordinazio batzordea zein berme batzordea bere kontrolpean daudela aipatu dute. Kritika horiek gaitzetsi ditu kontseiluak.
Aldaketarekiko zein akordio programatikoarekiko leialak izango direla berretsi du, era berean, eta ohartarazi du kode etikoaren edozein urraketaren aurka «irmo» jokatuko dutela.
Oharra 11:00etan kaleratu zuen, eta handik gutxira Eledunen Batzordearen bilera osteko agerraldian Couso zen hitz egitekoa. Ez zuen albistearen berri, baina zuhur agertu zen. Nahiago izan zuen adierazpenik ez egin. Eledun gisa inpartzialtasunez jokatu behar duela esan zuen.
Duela hamar egun Cousok militanteei azaldu zien auzia ez dela botere borroka bat. Aurretik datorren prozesu baten barruan kokatu zuen barne krisia, eta aipatu zuen egungo zuzendaritzak Laura Perezen aurka sorgin ehiza abiatu duela. Haren ustez, maiatzetik, egungo zuzendaritzak ez du jakin oreka bilatzen, eta egungo bidetik alderdia hausturarantz doa. 2015ean Ahal Dugu-k jasotako babesa ahuldu daitekeen neurrian, aldaketa arriskuan jar daitekeela aipatu zuen.
Ahal Dugu-k parlamentari akta uzteko eskatu die lau kide kritikoei
«Antidemokratikoki eta arduragabe» jokatu dutela salatu du Herritarren Kontseiluak. Carlos Cousok ez dio erantzun eskaerari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu