Alderdiak euren zuzendaritzak berritzeko prozesuetan lanetan buru-belarri ari dira Hego Euskal Herrian, eta EAEko Ahal Dugu ez da salbuespen bat. Alderdi moreak aurreikusia zuen 2024an zuzendaritza berritzeko barne prozesuari heltzea, eta aste honetan ekin dio. Hartan, aldaketak izango dira ezinbestean, Pilar Garrido idazkari nagusiak urrian iragarri baitzuen ez zuela karguan jarraituko. Haren ondorengoa abenduaren 14rako izendatuko dute.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kolpearen ostean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan eta udaletan gotortu da Ahal Dugu. Halere, barne prozesuaren ostean «indarberriturik» ateratzeko helburua dute. Horretarako giltza militanteek izango dute, Herritarren Batzar Autonomikoan haiena baita azken erabakia. Argitzeko dago zein izango diren gidaritza berria osatuko duten hautagaiak, baina han ez dira izango alderdiak azken urteetan izandako ikurrik nabarmenenetako batzuk. Garridok ez ezik, politikagintzaren lehen lerroa utzi dute azken hilabeteetan Miren Gorrotxategi lehendakarigai eta senatari izanak eta Roberto Uriarte alderdiko buru eta diputatu ohiak ere.
Batzarra atzo jarri zen martxan, Batzorde Teknikoa eta Hauteskunde Batzordea osatuta, eta prozesuaren egutegia, araudia eta protokoloa ere militanteen esku utzita. Hala, militanteek jada aukera dute zuzendaritzarako hautagaitzak aurkezteko ere. Alderdiaren zuzendaritzan leku bat nahi duten kideek ostegun gauerdira arteko tartea izango dute izena emateko, eta ostiralean horien berri emango da. Horiek bigarren fase bat igaro beharko dute, ordea: hurrengo egunetan, alderdikideen bermeak eskuratu beharko dituzte. Gutxieneko langa gainditzen dutenen izenak azaroaren 29an jakinaraziko dituzte.
Behin zuzendaritzarako hautagaiak zehaztuta, zerrendak osatzeko epea iritsiko da. Abenduaren 2rako erregistratu behar dira horiek, eta berme batzordeen galbahea igarota, abenduaren 7an emango da behin betiko hautagai zerrenden berri.
Zerrenda bat baino gehiago aurkezten badira, horiek kanpaina egiteko aukera izango dute abenduaren 8tik 13ra bitarte. Hain zuzen, bitarte horretan —9tik 13ra—, alderdikideek bozkatu egingo dute, telematikoki. Behin bozketa amaituta, abenduaren 14an jakinaraziko dituzte emaitzak.