Ahal Dugu-k hasi ditu Eusko Legebiltzarreko bozei begirako primarioak

Miren Gorrotxategik bere hautagaitza aurkeztu du. Otsailaren 2an bukatuko dute prozesua.

Miren Gorrotxategi EP-IUko legebiltzarkidea, atzo, Eusko Legebiltzarreko eztabaidan. RAUL BOGAJO/ FOKU.
Miren Gorrotxategi, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko urtarrilaren 8a
15:30
Entzun

Ahal Dugu-k eta Sumarrek oraindik ere ez dute argitu ea Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara batera aurkeztuko ote diren. Bien bitartean, baina, lehenak martxan jarri dute hauteskunde zerrendatan joango diren kideak aukeratzeko prozesua, otsailaren 2an amaituko dutena. Alderdikideek gaurko eta biharko egunak dituzte hautagaitzak aurkezteko, eta Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko eledun eta 2020ko bozetako koalizioaren lehendakarigaiak jada aurkeztu du berea.

Behin izen-emate prozesua amaituta, Ahal Dugu-k urtarrilaren 11n jakinaraziko ditu behin-behineko lehen hautagai zerrendak, eta horiek hurrengo bi egunak izango dituzte alderdikideen babesak eskuratzeko. Horiek hala, datorren astean zehaztuko dituzte prozesuan aurrera egiteko adina babes dituztenen izenak; horiek egingo dute aurrera prozesuan. Behin betiko hautagai zerrendak, berriz, urtarrilaren 22an argitaratuko dituzte. Egun hartatik otsailaren 1era bitarte kanpaina egiteko aukera izango dute aurkeztu direnek, eta alderdikideek urtarrilaren 24tik otsailaren 1era arteko tartea euren botoa emateko, telematikoki.

Datozen egunetan jakingo da, beraz, zein izan daitezkeen Ahal Dugu-ren edo hura parte izango den koalizioaren zerrendak bete ditzaketen izenetako batzuk. Horien artean, Gorrotxategirena nabarmentzen da. Izan ere, Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garridok adierazi du hura dela alderdiaren hautagaia lehendakarigai izateko; berriro aurkeztuko litzatekeen bakarra izango litzateke Eusko Legebiltzarreko bost talde nagusietako hautagaien artean.

Ahal Dugu 2020ko hauteskundeetarako formula berriro erabiltzearen alde azaldu da azken hilabeteetan: berriro Ezker Anitzarekin, Equorekin eta Aliantza Berdearekin koalizioa osatzeko asmoa. Horiei Sumar Mugimendua batzearen alde ere hitz egin dute Garridok eta Gorrotxategik, nahiz eta Madrilen bien arteko harremanak onak ez izan; Galizian ere Podemosek uko egin dio Sumarrekin aurkezteari.

Hala, Sumarrek Espainiako Kongresuan duen diputatu eta mugimendu haren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arduradunetako bat den Lander Martinezek aurreko astean adierazi zuen bien arteko negoziazioak «hoztu» egin direla. Izan ere, Andeka Larrea Sumarren eledunak aurreko astean adierazi zuen euren mugimenduko kide bat izan beharko litzatekeela balizko koalizioaren lehendakarigaia. Garridok, baina, ez du ontzat jo hori, eta emakumezko lehendakari baten beharra nabarmendu du, Gorrotxategiri erreferentzia eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.