Ahal Dugu-k eta Sumarrek negoziatzen jarraituko dute, oraindik desadostasunak dituzten arren

Ahal Dugu-k ohar bidez jakinarazi du ez diotela uko egingo Miren Gorrotxategiren hautagaitzari.

(ID_13443937) (Endika Portillo/@FOKU) 2023-12-21, Gasteiz. Legebiltzarreko osoko bilkuran Hezkuntza Legea eztabaidatu eta onartu eg...
Miren Gorrotxategi, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko urtarrilaren 12a
19:50
Entzun

Akordiorik ez, baina hausturarik ere ez, oraingoz. Gaur arratsaldean bildu dira Ahal Dugu, Sumar Mugimendua, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak alderdiak, eta elkarrizketei eusteko asmoa adierazi dute. Ahal Dugu-k ohar baten bidez eman du erabakiaren berri: «Ezin diogu uko egin proiektu hau ahalik eta eragile gehienekin gorpuzteko aukerari». Halere, agerian utzi du lehendakarigai bat hautatzeko desadostasunak direla talka eragile nagusia.

Lau alderdien arteko bilkuraren ostean elkartu da Ahal Dugu-ren Euskadiko Herritarren Kontseilu Autonomikoa, eta bat egin du «hauteskunde eskaintza korala aldarrikatzen duten ahotsekin». Hau da, espazioko alderdi guztiek protagonismoa izango duten formula bat topatzearen alde egin du. Halere, Ahal Dugu-k akordioa ixtea zailtzen duten zenbait gako ere azpimarratu ditu. Besteak beste, azaldu du Sumar Mugimenduaren eraketak eragindako berrantolaketa dela «espazioak oraintxe duen arazoa».

Era berean, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen eledunaren hautagaitza babestu du, hura izan dadin koalizio posible baten lehendakarigaia. Horretarako, argudiatu dute funtsezkoa dela hauteskunde programaren ordezkari izango direnak ahalik eta «trebeenak» izatea, eta transmititu nahi dituzten balioekin bat egitea: «[Gorrotxategik] Beharrezko esperientzia, profil profesionala, akademikoa eta linguistikoa biltzen dituelako, primarioen prozesu baten bidez hautatzeak dakarren bermeaz gain». Izatez, gaur jakinarazi dute Gorrotxategi dela alderdiaren primarioen prozesuan aurrera egin duen lehendakarigai bakarra; prozesua otsailaren 2an da amaitzekoa.

Lehendakarigaiarena da alderdien arteko eztabaidagai nagusietako bat. Ezker Anitza-IUk Jon Hernandez legebiltzarkidea proposatu du, eta Equok, Carmen Muñoz Bilboko Udaleko zinegotzi ohia. Halere, Sumarren proposamenak eragin du harrabotsa. Azken asteetan, mugimendu hartako kideek zenbait adierazpen egin dituzte esanez eurek proposatutakoa izan beharko litzatekeela lehendakarigaia, eta Alba Garciaren aldeko apustua egin dute kargu horretarako. Hura Elkarrekin koalizioko langilea zen hautagaitza jakinarazi zuten arte, eta izendapenak Ahal Dugu-ren «harridura» eragin zuen: «desleial» jokatzea leporatu zion Sumarri.

Hala, negoziazio mahaiko desadostasunak kontuan izanik, Ahal Dugu bestelako formulak topatzearen alde ere azaldu da: «Koraltasunaren formula gauzatzea lortzen ez bada, erantzun aukera bakarra dago, korala eta parte hartzailea: herri berrespena». Oharrean azaldu dutenez, tresna bat topatu beharko litzateke esparru politikoaren parte diren «pertsona guztiek» hautagai bat aukeratzeko.

Sumarren eta Ahal Dugu-ren arteko harremanak «hoztu» egin dira azken asteetan, Sumarren Espainiako Kongresuko diputatu eta mugimenduak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkari Lander Martinezek azaldu zuenez. Zehazki, Podemosek Galiziako Parlamenturako bozetara Sumarrekin ez aurkezteko erabakia hartu ostean egin zituen adierazpen horiek. Era berean, Espainiako Kongresuan agerian geratu dira bi mugimenduen arteko desadostasunak. Podemosek Espainiako Gobernuko Lan ministro eta Sumarreko buru Yolanda Diazek sustatutako langabezia subsidioaren erreformarako dekretuaren kontrako botoa eman zuen, eta eurekin negoziatu ez izana kritikatu zuen. Kontuan izan behar da alderdi hark Sumarren talde parlamentarioa utzi zuela, Diazek Espainiako Gobernuan eta taldearen barruan eskaini zion espazioaz kexu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.