Ahal Dugu-k eta Sumarrek «ia ezinezko» ikusten dute akordioa, negoziazioak etenda baitaude

Sotok adierazi du Ahal Dugu-k lehendakaritzarako hautagaitza bateratua proposatu zuela, eta bozeramailetzari uko egin ziola. Larrearen esanetan, aldeek ez dute bat egiten «diagnostiko politikoan».

sumar
Sumar koalizioa osatuko duten alderdietako hautagaiak, larunbatean. SUMAR
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 7a
12:50
Entzun

Inork ez du izan nahi akordio bati atea ixtearen arduraduna, baina batzuen eta besteen adierazpenek iradokitzen dute Ahal Dugu-ren eta Sumar Mugimenduaren arteko negoziazioak amaierara iritsi direla, Eusko Legebiltzarrerako bozetarako aliantzarik osatu gabe. Sumarrek, Ezker Anitza-IUk eta Equo Berdeek sinatutako aurreakordioa da gakoa. Ahal Dugu-ko David Sotoren esanetan, negoziazioei «bidea itxi» dielako. Sumarreko Andeka Larrearen arabera, itun hark jada ezarri dituelako lanerako oinarriak.

Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garridok adierazi zuen sorpresaz hartu zutela larunbatean euren hiru solaskideek jakinarazitako erabakia, eta hala berretsi du gaur Sotok Radio Euskadin. Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak azaldu du, Sumarren, Ezker Anitza-IUren eta Equoren arteko ituna ikusita, «ia ezinezkoa» dirudiela lau alderdiek bat egitea, nahiz eta gehitu duen ez diotela aukerari uko egiten.

Sotok negoziazio mahaian plazaratu dituzten elementuei erreparatu die, esanez ez dutela «marra gorririk» ezarri. Azaldu du Ahal Dugu-k «ahal zuen guztiari» uko egin ziola hautagaitza konpartitu baten mesedetan, eta «espazio ia guztia» Sumarri eskaini ziola: «Miren Gorrotxategiren eta Alba Garciaren arteko hautagaitza bat eskaini genuen, eta uko egin genion Eusko Legebiltzarreko bozeramailetzari».  

Proposamen hori «oso eskuzabala» izan zela uste du Ahal Dugu-ko kideak, Sumar Araba, Bizkai eta Gipuzkoa lurralde ezarpenari dagokionez «ezer ez izateko zorian dagoela kontuan izanik». Halere, kritikatu du aurreakordioa aurkeztu baino lau egun lehenago ezezkoa jaso zutela, beste proposamenik jaso gabe.

Larreak, baina, egoeraren gaineko beste ikuspegi bat du. Hark ere aitortu du akordioak zaila dirudiela. Izan ere, «elkarrizketa informalak» egon badauden arren, atzo Radio Euskadin azaldu zuen negoziazioak etenda daudela aurreko astetik: «Negoziazioa, per se, bukatu da».

Gakoa da, Sumarreko kidearen esanetan, eurek eta Ahal Dugu-k ez dutela bat egiten egoeraren «diagnostiko politikoan». Hala nola Sumar koalizioaren aldeko apustua berretsi du, eta Alba Garciaren hautagaitza defendatu, haren izendapenak «aldaketarekin sintonizatzen» duela esanez. Izan ere, argudiatu du espazioa «berritu» behar dela ziklo politiko berriari begira.

Horregatik, berriz ere elkarrizketei heltzeko baldintzatzat jarri du horiek zuzentzea larunbatean Sumarrek, Ezker Anitza-IUk eta Equok sinatutako aurreakordioari «ekarpenak egitera». Izan ere, argudiatu du hiru alderdi horiek oinarri politiko batzuk eta lanerako ildo bat zehaztu dituztela, eta horiekiko leialtasuna «garrantzitsua» dela.

Egoera kontuan izanik, Larreak azaldu du hiruko koalizioak egingo dituen hurrengo urratsak direla Alba Garcia lehendakarigaiaren zerrendakideak zehaztea eta programa bat prestatzea eta euren proposamena aurkeztea.

Ahal Dugu-k, berriz, bere bidetik jarraituko du hauteskundeei begirako ekinbideekin, eta, nahiz eta badakiten bananduta aurkezteak boto eta eserleku galera ekar dezakerla, defendatu du Gorrotxategiren hautagaitza dela horietara begira onena. Hautagaitza horrek Elkarrekin izena hartuko duela ere adierazi du, eta gehitu Aliantza Berdearekin eta gizarte zibilarekin hitz egiten ari direla: «Guk ez dugu espazio hori utzi».

Madril

Ahal Dugu-k eta Sumarrek elkarri leporatu diote Espainiako politikagintzaren egoerak bestearen jarreran eragin izana; besteak beste, Podemosek Espainiako Kongresuko Sumar talde parlamentarioa utzi zuen, eta Yolanda Diaz Lan ministroak bultzatutako dekretuen aurka egin.

Larreak azaldu du eurak saiatu direla negoziazioak «euskal esparrura» mugatzen, baina onartu du Espainiako egoera «zailak» eragin duela. Era berean, Sotok adierazi du Podemosen zuzendaritzak elkarrizketarako «gaitasun osoa» eman diola Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zuzendaritzari, eta eginiko proposamenak haren babesa izan duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.