Ahal Dugu-k Miren Gorrotxategi lehendakarigai gisa berretsi duen egun berean jakinarazi dute Sumar Mugimenduak, Ezker Anitza-IUk eta Berdeak-Equo taldeak akordioa egin dutela lehendakarigai bakarrarekin lehiatzeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Bihar bertan plazaratuko dute akordio horren edukia, eta, hautagai bakar horren izena ematea espero da. Sumarreko Alba Garcia, Ezker Anitza-IUko Jon Hernandez eta Berdeak-Equo alderdiko Carmen Muñoz egongo dira, hau da, talde horiek aurkeztu dituzten lehendakarigaiak. Litekeena da Garciaren aldeko apustua eszenaratzea ekitaldi horretan.
Eusko Legebiltzarrean gaur egun Elkarrekin Podemos-IUk ordezkatzen duen esparru politiko horren beste subjektu nagusiak, Ahal Dugu-k, bere primarioen emaitzak ezagutarazi dituen egun berean iritsi da beste taldeen akordioa, kontraprogramazio baten modura. Edonola ere, Ahal Dugu-k aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begirako primarioen emaitza horiek, eta Miren Gorrotxategi berretsi lehendakarigai gisa. Militanteen %93,5en babesa jaso du. Horrenbestez, Gorrotxategi izango da Bizkaiko zerrendaburua, David Soto Gipuzkoakoa, eta Guillermo Presa Arabakoa. Primarioen fasea amaitutzat emanda, Gorrotxategik hauteskunde kutsu beteko ekitaldia egin du arratsaldean Durangon, hainbat alderdikidek babestuta. Jone Belarra Podemoseko idazkari nagusiak ireki du ekitaldia: «Badaukazue lehendakarigaia», esan du. Horrenbestez, oso zaila ematen du Sumarrekin irekita dauden negoziazioek fruiturik ematea, are gutxiago azken orduko akordioaren ondoren. Belarraren ostean, Pilar Garrido EAEko Ahal Dugu-ko buruak hartu du hitza, eta esan alderdi horrek ordezkatzen duela hobekien ezkerra.
Pantaila handian ikusi eta entzun ahal izan dira bi buruzagiak, eta Gorrotxategik berak hartu du hitza gero. Esan du ilusio handiz helduko diola erronkari. Nabarmendu du Ahal Dugu-k arlo publikoa defendatuko duela beti pribatizazioen aldean. «Ez nintzen politikan sartu bankariei politikariei baino gehiago agintzen uzteko, baizik eta ezinezkoa ematen duena posible egiteko proiektu bat badagoelako».
EITB Focus inkestak emandako datuei erreferentzia eginez, uste du saritu egin duela alderdi moreak Eusko Legebiltzarrean egindako lana, eta lan horretan jarraitzeko prest agertu da. «Gaur inoiz baino gehiago, posible da aldaketa, eta aldaketa horretan ezinbestekoak gara». Bildutakoen txalo artean amaitu du ekitaldia, Sumarrekin abiatutako negoziazioei aipurik egin gabe. Handik ordu gutxira heldu da ezkerreko esparru horretako gainontzeko taldeen akordioa. Itun horrek are gehiago indartu du esparru horretan bi lehendakarigai lehiatuko direlako tesia.
Itxaso Gipuzkoako zerrendaburu
Bien bitartean ari da argitzen gainerako alderdien zerrendetan nor egongo den. Gaur jakinarazi dutenez, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak kargu hori utziko du, PSE-EEko Gipuzkoako zerrendaburu izango baita. Bizkaikoa Eneko Andueza izango da; eta Arabakoa Aroa Jilete. Bestalde, EH Bilduk Pello Otxandiano Araban aurkeztuko du zerrendaburu gisa, eta Nerea Kortajarena izango da Gipuzkoako zerrendaburua.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilean egingo direla diote zenbait politikarik eta hedabidek zabaldutako mezuek, eta horietara aurkezteko asmoa duten alderdi eta koalizioak lanean ari dira. Eskumena, baina, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurena da, eta hark ez du informazio askorik eman nahi, eta esana du badituela oraindik legealdia amaitu aurretik bete beharreko konpromisoak. Zehazki, legebiltzarrean martxan diren legeen tramitazioa eta zenbait eskumenen transferentzia.
Legealdi amaiera
Argitzeko dago oraindik hauteskundeak noiz izango diren. EH Bilduko eledun Nerea Kortajarenak horri buruz galdetu dio Urkulluri Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, galdera «interes orokorrekoa» dela iritzita. Urkulluren esanetan, hiru irizpide erabiliko ditu erabaki hori hartzeko: gobernu programa betetzea, «hurrengo lehendakariari eta gobernuari ahalik eta legaturik onena uztea» eta gizartearen «interes orokorra defendatzea».
Era berean, azpimarratu egin du aurrerantzean ere Gernikako Estatutua betetzeko beharra. Zehazki, PSOEk eta EAJk azaroan adostu zuten moduan, legealdia amaitu aurretik Eusko Jaurlaritzaren esku nahi ditu migrazioen, aldiriko trenen kudeaketaren eta tituluen homologazioaren eskumenak. «Legealdia ez da amaitzen azken eguna iritsi arte».