Ahal Dugu-k azaldu du «biziberritze demokratikorako» ezinbestekoa dela 'lawfare'-arekin amaitzea

Garridok Espainiako CGPJ berritzeko akordioa kritikatu du, eskuin muturra laguntzen duelakoan, eta azken horren kontrako «osasun hesia» defendatu du.

Pilar Garrido, gaur eguerdian egindako ekitaldian, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Pilar Garrido, gaur eguerdian egindako ekitaldian, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko uztailaren 18a
14:35
Entzun

Ahal Dugu-k 1936ko estatu kolpe faxistaren urteurrena baliatu du frankismoaren biktimak omentzeko eta aldarri «antifaxista» egiteko. Argien Basoan egindako lore eskaintzarekin batera, alderdiko koordinatzaile nagusi Pilar Garridok eskuin muturrari «osasun hesi» bat jartzeko deia egin die gainerako alderdiei, eta Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezi leporatu dio «biziberritze demokratikoaz» aritzea «gerra zikin judizialarekin eta lawfare-a amaitzeko» neurririk aurkeztu gabe. Hori ez da «benetako biziberritze demokratiko bat», haren ustez.

Garridok azaldu duenez, Gasteizko ekitaldiaren asmoa «memoria egitea» izan da, «eskubide eta askatasunen alde borroka egin zutenak» gogoratuz. Izan ere, atzera begirako bat eginez, salatu du frankismoak «40 urteko errepresio gogorra» eragin zuela herritarrengan, eta eskubideen eta askatasun arloan eragin nabarmena izanik. Halere, Garridok uste du arlo horretan egin beharreko bidea ez dela amaitu, eta azaldu du asko dagoela egiteke «egia, justizia eta erreparazioa» eskuratzeko. Haren esanetan, bidea jada irekita dago, baina «bultza» egin behar da aurrerapenak egiteko.

Bultza, bestelako norabide bat ez gailentzeko. Izan ere, Ahal Dugu-ko koordinatzaileak hizpide izan du eskuin muturra Europan izaten ari den «gorakada», eta horrek herritarren eskubide eta askatasunetan zer eragin izan dezakeen. Horregatik, aurrerapen hori eteteko akordioak eskatu ditu: «Indar politiko demokratiko guztiek, eta ez ezkerrekoek bakarrik, izan beharreko xedeetako bat da eskuin muturraren aurrerapena geldiaraziko duen osasun hesi bat eraikitzea».

Horren adibidetzat jo ditu Frantziako Asanblearako bozak, non alderdiek «lezio demokratiko eta antifaxista bat» eman duten, eskuin muturrari irabazteko barruti ugaritan lehen itzulian boto gutxien eskuratu zituzten hautagaitzak baztertuta. Hala, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezi eskatu diote gauza bera egiteko, eskuin muturra «ezkerretik» gerarazteko helburuarekin: «Eskubide gehiagorekin, demokrazia gehiagorekin, benetako biziberritze demokratiko batekin».

«Ezin duzu PPrekin koalizio handi bat egin eta gero Kongresura joan biziberritze demokratikoaz hitz egitera; mahai gainean neurri bakar bat ere jarri gabe»

PILAR GARRIDOAhal Dugu-ren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako koordinatzailea

Izan ere, Garridoren esanetan, PSOEk eta PPk CGPJ Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusia berritzeko egindako akordioa bestelako norabide batean doa. PP indartzeaz gain, eskuin muturra ere laguntzen duela uste du, eta «gerra zikin judiziala betikotzen» duela. Batez ere, norbanako eta alderdi politiko batzuek jasandakoa; besteak beste, Podemosek.

Garridok uste du Sanchezek aste honetan Espainiako Kongresuan aurkeztutako «biziberritze demokratikora» proposamenak PPrekin duten «lotsaren ituna» ezkutatzea duela xede, ez duelakoan benetako soluziorik planteatzean: «Ezin duzu PPrekin koalizio handi bat egin eta gero Kongresura joan biziberritze demokratikoaz hitz egitera; mahai gainean neurri bakar bat ere jarri gabe». Horren partez, PSOEri eskatu dio «bloke aurrerakoia indartzearen» alde egiteko.

Bilerak, astelehenean

Bien bitartean, Espainiako Gobernuak hasi ditu bere plana Espainiako Kongresuan bideratzeko lanak. Felix Bolaños Presidentetza ministroa (PSOE) eta Ernest Urtasun Kulturakoa (Sumar) arduratuko dira horretaz, eta jakinarazi dute EH Bilduko eta EAJko ordezkariekin elkartuko direla datorren aste hasieran. Kongresuko eztabaidan, EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak adierazi zuen Sanchezen iragarpenak «oso motz» geratzen direla benetako aldaketa bat sustatzeko, baina hitz egiteko prest azaldu zen. 

Jeltzaleen kasuan, berriz, Aitor Esteban eledunak atzo adierazi zuen arlo horretan jorratu beharreko bi gai direla mozal legea zein Sekretu Ofizialen Legea. Hain zuzen, adierazi zuen azken hori dela «Espainiako demokraziaren ahultasunaren» adibiderik argienetako bat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.