Ahal Dugu-k aukeratuko du ezkerreko koalizioaren zerrendaburua Nafarroan

Bozetara elkarrekin aurkezteko aurreakordioa plazaratu dute Batzarrek, IU-NEBk eta Ahal Dugu-k. Iruñeko hautagaia Batzarrekoa izanen da

Alfaro, Guzman, Egino eta De la Nava, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Elkarrekin egin nahi dute bidea. Heldu den urteko foru eta udal hauteskundeetara koalizioan aurkezteko erabakia hartu dute Nafarroako Ahal Dugu-k, IU-NEBk, Batzarrek eta ezkerreko independente talde batek, eta atzo aurkeztu zituzten aurreakordioaren nondik norakoak, Iruñeko Takonera parkean. Izenik ez dute eman, oraingoz: ez koalizioarena, ezta zerrendak osatuko dituzten hautagaiena ere. Izanari erreparatu nahi izan diote, nagusiki: koalizioa osatuko dutenen oinarri eta helburu politikoei, alegia.

Zerrendaburuen banaketa ere erabakia dute: Ahal Dugu-k aukeratuko du Nafarroako Legebiltzarrerako hautagaia, eta Batzarrek, berriz, Iruñeko Udalekoa. IU-NEBrentzat bigarren postua izanen da bi zerrenda horietan. Independenteen ordezkariak, bestalde, «zerrendetako goi postuetan» izanen direla azaldu zuten atzoko aurkezpenean. Hil honen amaieran aurkeztu nahi dituzte koalizioaren izena eta irudia. Edonola ere, alderdi bakoitzeko militanteek berretsi beharko dute aurreakordioan jasotako guztia.

Atzoko aurkezpenean parte hartu zuten Begoña Alfarok, Ahal Dugu-ren Nafarroako koordinatzaileak; Carlos Guzmanek, IU-NEBko koordinatzaileak; Edurne Eginok, Batzarreko ordezkariak; eta Marisol de la Navak, independenteen izenean. Alfarok esan zuen koalizio berriaren helburu nagusia dela «eskuina Nafarroako Gobernura itzul dadin eragoztea» eta, horretarako, «ezkerreko sektore aurrerakoien erreferente» izan nahi dute. Parlamentura ez ezik, «ahalik eta udal gehienetara» ere aurkezteko asmoa du koalizioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.