Nafarroako inbestidura saioa. Taldeen hitzartzeak

Ahal Dugu. «Inork ez dezala uste otzandu egin garenik»

IÑIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroako Ahal Dugu-ren izenean, Mikel Buil eledunak hartu du hitza. Gobernua osatzeko lortu duten itunaren defentsa irmoa egin du, eta esan du haren alde egitea beste hauturik ez zutela: «Izan ere, Nafarroak ez du gobernu autoritario eta kolore bakarreko bat nahi». Aitortu du ez direla «errazak» izan akordiorako bidean egindako hainbat urrats, baina onespen hitzak izan ditu Maria Txibite PSNko hautagaiak elkarrizketetan izan duen portaera goratzeko: «Akordiorako bidean izan duzun jarrera eskertu behar dizugu». Eta Ahal Dugu-ko ordezkariak nahiko pozik daude amaierako emaitzarekin: igaro lau urteetan Nafarroako Gobernuan egindako lanaren «jarraipena» egiteko era ikusten dute, hein batean, itun berrian. «Nafarroa abangoardia izateko abagunean dago hainbat alorretan».

Builek xehe-xehe aurkeztu ditu ituneko aldagai nagusiak. Uste du giltzarri izango dela «indibidualismoaren» inguruan ardaztutako gizarte ereduak dakartzan desorekak gainditze aldera, eta «konpromiso zehatzak» dituela, gainera. Ez dira denean Ahal Dugu-k nahi bezain urrunera heldu. «Desadostasunak izan dira, adibidez, zergen arloan; talka egiten dugu hor». Baina aintzat hartzeko moduko neurriak badira, eta horiei so daude. Ez kezkarik gabe, hala ere: «Badakigu koalizio gobernu batean sartzea arriskutsua dela talde minoritarioentzat, baina hartuko dugu arrisku hori». Orain zuhurragoak direla esan du: «Ulertu dugu estrategia adostasunean dagoela». Baina, muinean, lehengoak: «Inork ez dezala uste otzandu egin garenik». Hauspo izan nahi dute. «Leialtasunez, irmo egongo gara aldaketa aireen alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.