Nagua Alba. EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusia

«Ahal Dugu bateratu eta integratzaileagoa sortzeak izan behar du lehentasuna»

Alderdia eta idazkari nagusia «elkarrekin hazi» eta gero, bi urtean eginiko lana goraipatu du Albak. Arantza batekin doa, halere: «Podemosek gehiegi hitz egiten du Podemosi buruz».

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Alderdikideak ere ezustean harrapatu ditu Nagua Alba (Donostia, 1990) Ahal Dugu-ko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusiaren erabakiak; zuzendaritza berrituko dute, eta ez da kargura berriro aurkeztuko. Abendu erdira bitarteko prozesua zabaldu dute alderdi barnean, baina etxetik kanpoko gaiei ere heldu nahi die: esaterako, datozen egunetan aurkeztuko du Ahal Dugu-k proposamena Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldean.

Zergatik ez zara berriro aurkeztuko?

Bi erabaki ezberdindu behar dira; alde batetik, Batzar Hiritarra irekitzearena eta hauteskunde primarioetara deitzearena, eta, bestetik, ez aurkezteko nire erabaki pertsonala. Lehenengoari dagokionez, askotan pentsatu izan dugu gure epeak udal eta foru hauteskundeak hastear zirenean hasiko zirela, eta hori ez zela data aproposa batzar bat egiteko, zuzendaritza horrek denbora behar duelako hauteskundeak prestatzeko. Boz horiek bereziki garrantzitsuak dira, herrietan eta auzoetan benetan sustraitzeko modua ematen dutelako. Bestalde, eztabaida politiko sakon bat edukitzeko aukera iruditzen zaigu udazken hau, badugulako denbora. Alderdi gaztea izanda, helduagoak gara orain.

Nire erabaki pertsonalari dagokionez, ez da orain hartutako erabaki bat. Aurreko primarioetara aurkeztu nintzenean, argi neukan nire lana epe baterako zela,politika ez dela nire lanbidea; ni psikologoa naiz, eta horretan egin nahi dut lan. Batzuetan, momentuak eskatzen du aurrerapauso bat ematea, baina, nire ustez, zuzendaritza lanetan aritzen zarenean, eraiki behar duzun proiektuak zu gabe jarraitu dezakeen proiektu bat izan behar du. Ez du zertan zure presentziaren mende egon.

Baina espero zenuen buruzagitza hain laburra izatea?

Alderdi zaharretako zuzendaritzetan edo instituzioetan aritzen denean, jendea saiatzen da boterean ahalik eta gehiena irauten. Baina argi daukat proiektuak izan behar duela epe luzerakoa, eta ez buruan dagoen pertsonak.

Gogorra da politika?

Bai, oso. Gogorragoa da zure alderdia gaztea bada, zu zeu gaztea bazara, eta, bereziki, emakumea baldin bazara. Hala ere, diferentzia nabaritu dut azken hilabeteetan; lan honetan hasi nintzenean, zaila zen besteengandik errespetua lortzea, eta, orain, errazago ikusten dut. Nire ustez, egindako lanaren emaitza da hori. Hala ere, oso gogorra da politikan aritzea; ez dut ulertzen 40-50 urte politikan ematen duen jendeak nola jasaten duen hori.

Idazkari nagusi izan zaren urte eta erditik, zer nabarmenduko zenuke?

Ni neu eta Podemos, biak hazi gara elkarrekin. Izugarrizko lana egin dugu zuzendaritzan, bereziki auzo eta herrietan; egoitza eta zirkulu berriak dauzkagu, estatu mailan militante aktibo gehien duen lurraldeetako bat gara, eta bereziki pozik nago Eusko Legebiltzarrean daukagun taldearekin. Oso lan polita egiten ari dira; prisma berritzailea sartu dute zenbait gai aztertzean.

Eta zein arantzarekin joango zara?

Hasi nintzenean batez ere, baina orain gutxiago, Podemosek gehiegi hitz egiten du Podemosi buruz. Gure helburu nagusiak kanpora begiratzea izan beharko luke, eta, askotan, barne eztabaidetan sartzen gara. Horregatik ireki dugu orain batzarra, hori konpondu nahi dugulako; benetako eztabaida politiko sakona izan nahi dugu, horrela, kanpora begira egiten dugun lana hobea izateko.

Bi urtean hirugarren idazkari nagusia izango du Ahal Dugu-k. Egonkortasuna falta zaio proiektuari Araba, Bizkai eta Gipuzkoan?

Proiektuaren eta buruzagien egonkortasuna ez dira gauza bera, eta, askotan, eztabaida irekitzeko ausardia izatea da proiektuaren egonkortasuna ziurta dezakeena. Horregatik zabaldu dugu Batzar Hiritarra. Proiektuak izan behar du epe luzerakoa eta egonkorra, ez pertsonak.

Baina pertsona bat edo beste egoteak ez al du alderdiaren ildoa baldintzatzen?

Alderdia gidatzen duena eztabaida da, eta eztabaida horretatik ateratzen diren lan ildoak eta ondorioak. Denon artean adosten saiatuko gara zeintzuk diren gure lan ildo nagusiak, eta, noski, pertsonak beharko ditugu hori zuzentzeko, baina benetan garrantzitsua alde politikoa da, ez pertsonak.

Alderdikide batzuk kritiko azaldu dira, eta eskatu dute «ildoen arteko trikimailurik» gabe osatzeko zuzendaritza. Zer iritzi duzu argitaratu duten gutunaz?

Orain badugu aukera, eztabaida eta primario hauen bitartez, zuzendaritza zabalago eta integratzaileago bat izateko eta alderdi indartsuagoa eta bateratuagoa lortzeko. Hori izango da nire azken helburu edo betebeharra idazkari nagusi gisa. Halere, argi daukat azken bi urteotan lan ona egin dugula; ondo dagoena mantendu egin beharko dugu, baina gauza hobeekin aberastu beharko dugu, ideiekin eta pertsonekin. Pertsona berriak sar daitezke.

Hitz egin duzu eskutitz hori argitaratu zuten alderdikideekin?

Bai, beti saiatzen naiz alderdiko pertsona ezberdinekin eztabaidatzen, askotan hitz egiten dut haiekin. Nire nahia hori bera da: alderdi indartsuago eta bateratuago bat sortzea, eta, horretarako, eseri beharko dugu, eztabaidatu, eta ondorio komunak atera.

Ahal Dugu «birsortzeko» beharra aipatu dute. Bat zatoz?

Ez. Ondo dagoena zaindu eta mantendu behar dugu, eta gauza hobeak gehitu; baina ez hutsetik hasi. Egindako lana baliatu beharko dugu.

Zeintzuk izan behar dute Ahal Dugu-ren lehentasunek urte politiko berrian? Eta zuzendaritza berriarenak?

Batetik, alderdi integratzaileago eta bateratuago bat sortzea, horrek egiten duelako indartsuago; bestetik, kanpora begiratzea eta gehiengo sozialaren zerbitzura lan egitea. Legealdian aukera polita izango dugu horretarako, bai autogobernu lantaldean, bai bakegintzari buruzkoan, eta baita estatu mailan ere.

Autogobernu lantaldean proposamena aurkeztekoak zarete. Aurreratu duzue «berritzailea» izango dela. Zertan?

Autogobernuari buruz hitz egiten dugunean, bereziki EAJk egiten duenean, konpetentzia kopuruari buruz egiten du bereziki; Madrilera doa, eskumenak eskatzen ditu han, eta dominarekin itzultzen da, edo ez. Hori garrantzitsua da, baina inportanteagoa iruditzen zaigu eskumen horiek zertarako erabiltzen ditugun; autogobernua oso tresna baliagarria da gure herritarren bizimodua hobetzeko eta horien eskubide sozialak babesteko.

Idazkaritza aldaketak eragin dezake proposamenean? Ildo guztien babesa dauka?

Ez du eragingo. Guretzat garrantzitsuena eztabaida politikoa baldin bada, hau eztabaida horren barnean sartzen dugu.

Eta talde parlamentarioaren jardunean, oro har?

Ez da aldaketarik egongo. Gure taldea oso adibide ona da, alderdi barruan aniztasuna ona dela erakusten duelako. Pertsona asko ari dira lanean. Adibidez, Juan Luis Uria eta Pili Zabala dauzkagu; elkarrekin lehiatu ziren primarioetan, eta elkarrekin lan egiten dute orain, oso ondo gainera. Oso talde kohesionatua da, eta horrela izango da aurrerantzean ere.

Zabala zure apustua izan zen Eusko Legebiltzarreko bozetan. Zuk kargua utzita, zein posiziotan geratzen da?

Nire apustua izan zen, ezagutzen eta miresten nuen, eta horregatik eskatu nion primarioetara aurkezteko. Baina, gero, alderdiak aukeratu zuen lehendakarigai, eta hark bere lanarekin jarraituko du. Konpromiso hori du alderdiarekin eta gure militantziarekin.

Eduardo Maura alderdikideak esan du euskal gizarteak burujabetza gauzatu zuela 1979ko estatutua bozkatuz. Erabakitzeko eskubidea estatutu baten bozketara mugatzen duzue?

Ez. Askotan esan dugu estatutua ez dela bete, bete behar dela, eta, erabakitzeko eskubidea babesten dugunean, bizitzaren arlo guztietan babesten dugula. Aurrerago joan gaitezkeela defendatu dugu, euskal herritarrok eskubidea dugula gure etorkizunaz erabakiak hartzeko, baita lurraldeaz ere.

Hurrengo idazkari nagusiak euskalduna izan behar al du?

Noski. Euskal alderdi bat gara, Euskadin egiten dugu lan eta politika, gure hizkuntza da. Militantziak aukeratu beharko du, baina hori da nire nahia.

Zer diozu Kataluniako egoeraz?

Eragin handia izan du [Espainiako] Estatuko gobernuaren jarrerak. Arduragabekeria hutsa da gobernuaren eta Mariano Rajoyren jarrera. Arazo politiko bat dago, eta hori demokraziaren bidez konpon dezakegu. Kataluniako gizarteak erabaki nahi du, gehiengo zabal batek nahi du, eta gobernua oztopoak jartzen ari da etengabe. Halere, Kataluniakoa ez da gure eredua; gurea aldebikotasunarena da, horrek ematen baititu berme nahikoak jendeak benetan erabakitzeko. Gainera, zail ikusten dugu horrelako eredu batean jende guztia gonbidatuta sentitzea botoa ematera.

Orduan, zer egin Madrilen mintzaiderik ez badago?

Harrigarria zait EAJren jarrera. Katalanen erabakitzeko eskubidearen alde dago, baina Rajoyren gobernua sostengatzen du; ez zaigu oso koherentea iruditzen. Beste gobernu batekin errazagoa litzateke legezko kontsulta adostu bat.

Espainiako Kongresuan aukera ikusten al da beste gobernu bat osatzeko?

PSOEren esku dago. Haiekin hitz egin dugu, zenbait helburu planteatu ditugu, eta borondatea dagoela dirudi legealdi honetan beste politika batzuk aurrera eramateko eta bestelako gobernu bat izateko; ez bakarrik lurralde arazoa konpontzeko, baita ustelkeria eta PPren politika antisozialak eteteko ere. Goizegi da PSOEren jarrera zein izango den jakiteko.

Erreferendumaren harira, desados daude Kataluniako eta Espainiako Podemoseko zuzendaritzak; baita Catalunya Si Que Es Poteko ildoak ere.

Badaude adostasunak; denok dugu argi erabakitzeko eskubidearen zein eredu babesten dugun, eta erreferenduma zilegi dela protesta edo sintoma moduan.

Alardea izan zen herenegun. Nola bermatu berdintasuna?

Funtsezkoa da, gizartearen konpromisoaz gain, erakundeena. Instituzioetan gaudenon esku dago emakumeen presentzia eta parte hartzea bermatzea gune guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.