Iñaki Azkunaren hileta elizkizuna dela eta, milaka herritar batu ziren atzo Bilboko Zazpikaleen erdigunean. Goizean goizetik, ilaratan pilatuz joan ziren alkate zutenari azken agurra Santiago katedralean bertan eman nahi ziotenak. Katedrala txikia izanik, jakina zen ez zela guztientzat lekurik izango. Eta 7:30erako multzoak sortzen hasiak ziren. Eguerdian egindako hileta katedral barrutik jarraitzeko aukera izan zuten gutxi batzuek; beste batzuek, elizaren albo batean dagoen aterpean zeinklaustroan jarritako pantaila handietatik ikustekoa. Halere, kanpoan geratu ziren gehienak; gogoz kontra asko, nahita besteak. Agurtu nahiak eta ikusi nahiak bat egin zuten atzo Santiago katedralaren inguruetan.
Ez zen gutxiagorako. Telebistan ikusi ohi diren dozenaka pertsonaia bertan zituzten. Ez eskura, baina ikusteko moduan bai, agian. Zerk emozionatu zituen ikusi besterik ez da. Agintari eta ordezkari politiko zein sozialen etengabeko etorreraren aurrean isilik egon ziren guztiak; hileta elizkizunek berekin duten errespetuzko isilune etengabean. Joseba Solozabal Telebilbaoko aurkezlea agertzeak eragin zituen lehen txalo eta oihuak. «Joseba! Joseba! Oso gustuko dut eta!».
Isilunea berriz, lehendakari ohiak elkarrekin agertu arte: Patxi Lopez, Juan Jose Ibarretxe, Jose Antonio Ardanza eta Karlos Garaikoetxea katedralera taldean hurbildu zirenean, txaloren bat egin zuten ikusleek, berriz.
Aztoratze handiena, ordea, Espainiako printzeek eragin zuten. Iñigo Urkullu lehendakariak eta haren emazte Lucia Arieta-Araunabeñak lagunduta joan ziren elizara printzeak. Soraya Saez de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea ere haiekin iritsi zen.Ohorerik handiena emanda, lehen lerroan egon ziren bostak, ondorengo mezan.
Herritarrek ere egin zieten ohore. Txaloak, oihuak, urduritasuna. Telefonoekin irudiak hartu nahia. «Ez dugu ikusten!». «Felipe!». Izan zen printzeen aurka «kanpora!» euskaraz oihukatu zuen bakanen bat.
Ikuskizunaren zain zeudenek bere momentua nahi zuten: «Ez dut ezer ikusi!». Kexuak. «Hau ez al zen herritarrentzat?», bakarren batek. Dozenaka pertsona kazetarien ondoan jartzen saiatu ziren, disimuluan, pertsonaietatik gertuago egoteko. «Emakumea, laugarren aldia da esaten dizudana ezin duzula hemen egon», ertzain batek andra bati.
11:00etan hasi eta ordubetez, instituzio, alderdi eta enpresa ordezkari andana igaro ziren haientzat prestatutako bidetik: Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ahaldun nagusiak, Donostia eta Gasteizko alkatea eta Bilbon Azkuna ordezkatuko duena, Espainiako hainbat alkate eta Donibane Lohizunekoa. EAJren ordezkaritza zabalak parte hartu zuen hiletan, EBBko zein BBBko presidente Andoni Ortuzar eta Itxaso Atutxa buru zirela. PPren presidente Arantza Quiroga bertan izan zen. PSEko Jose Antonio Pastor. EH Bilduko Aitziber Ibaibarriaga. Martin Garitanok Azkunaren familiari elizan doluminak eman zizkion, baina meza entzun gabe joan zen. UPDko Gorka Maneiro ere izan zen politikarien artean, besteak beste.
Enpresa munduak bere lekua izan zuen. Confebaskeko buruak bertan izan ziren, eta Iberdrolako presidentea, ere bai, esaterako.
EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak ere parte hartu zuen mezan, bai eta Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ere.
Mota guztietako polizia eta militar buruak elkarrekin egon ziren: Armadarenak, Guardia Zibilarenak, Espainiako Poliziarenak, Ertzaintzarenak eta Udaltzaingoarenak.
Santiago inguruetan lekurik ez, eta, Plaza Berrian jarritako pantaila erraldoiaren bidez ikusi zuten meza milaka herritarrek, euripean. Mario Izeta Bilboko gotzaiarekin otoitz egin, eta harekin abestu zuten. Begoñako Andra Mari kantuarekin amaitu zen agurra.
Irteera elizkizuna ere, alkate zenak horrenbeste maite zuen Begoñako amatxuren aurrean egingo da, igandean, 13:00etan.
Agurra eta ikusmina
Milaka herritar batu dira Bilboko Zazpikaleetan alkate zuten Iñaki Azkunari azken agurra emateko eta, bide batez, joandako ehunka agintari eta pertsonaia bertatik bertara ikusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu