«Ohiko egoera batean, maiatzaren 31k egun handia izan behar zuen gurean, milaka euskaltzale Elorrion bilduta», azaldu dute Txintxirri ikastolak eta Ibilaldiak. Eta, bistan denez, ezin izan da hala izan. Horren partez, Ibilaldiaren agur ekitaldia egin zuten atzo Elorrion (Bizkaia). Azaldu dute ez dela «erraza» izan halako ekitaldi bat muntatzea gaur egungo egoeran, «baina ezin genuen besterik gabe Ibilaldiaren urte hau joaten utzi». Guraso, ume eta ordezkari instituzionalek parte hartu zuten atzoko ekitaldian, dantza, bertso eta kantuak emanez. Bertzeak bertze, han izan ziren Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Josune Bañales Ibilaldia elkarteko lehendakaria eta Idoia Buruaga Elorrioko alkatea.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete urte osoan Ibilaldia aurrera atera ahal izateko lanean aritu diren boluntarioei: «Gauza jakina da Ibilaldia egun osoko jaia izaten dela, baina jende askoren urte osoko lana izaten du atzetik». Nabarmendu dute ikastolako langile, guraso eta ikasle ohi ugari aritu direla lanean hilabetez hilabete: «Ordu piloa auzolanean, ilusio eta gogo guztiarekin».
Azaroaren 13an, Donostian
Ibilaldia ez da bertan behera gelditu den ikastolen festa bakarra, halaxe gelditu baitira bertze guziak ere. Eta, horien partez, azaroaren 13rako ekitaldi bat antolatu dute Donostiako Kursaalean. Ikastolak Herriari jarri diote izena ikuskizunari, eta jakinarazi dute heldu den astetik aitzina salgai jarriko dituztela sarrerak.