Agurainen ia 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzea aurreikusten duen proiektuaren aurka agertu da herriko udala, eta egitasmoa sustatzen duen enpresari —Cañaveras Solarri— eskatu dio eguzki parkearen proiektua berriz aztertzeko. Udalaren jarrera gaurko udalbatzan islatu da, onartu baita EH Bilduk egitasmoaren kontra aurkeztu duen mozioa. Koalizioaren esku daude alkatetza eta osoko bilkuraren gehiengoa.
Ubalza II izeneko egitasmoak 30,9 MWeko potentzia izango luke, eta 50 hektarea gaindituko lituzke 48.960 panelak instalatuta. Udalak azaldu duenez, zenbait aldaketa egiteko eskatu dio enpresari, baina Cañaveras Solarrek horiei «jaramonik egin gabe» jarraitu du aurrera. Besteak beste, udalak eskatu dio instalazioak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metrora egon dadila. Udalaren esanetan, proiektuak ez du tarte hori errespetatzen Egileor auzoari dagokionez.
Horrez gain, udalak uste du zentral fotovoltaikoak onura ekonomiko eta sozialak izan beharko lituzkeela herritarrentzat, eta enpresari galdegin dio azpiegitura ustiatzeko sortutako sozietatearen jabetzan parte hartzeko aukera zabaltzea Aguraingo erakunde publikoei, sozialei eta ekonomikoei.
«Udal Gobernuak hainbat eskaera egin dizkio enpresari, proiektu hau energia berriztagarriaren hedapenari ekiteko defendatzen ditugun printzipioetan txertatzeko: gure eremu babestuak eta balio estrategiko handiko nekazaritza lurrak babestea eta energia ekoizpenaren demokratizazioan urratsak egitea, gure komunitateak proiektuetan parte hartuz. Eta orain arte ezezko erantzuna jaso dugu. Horregatik gaude proiektu hauen aurka», azaldu du Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak.
Jaurlaritzari ardura eske
Eusko Jaurlaritzari ere mintzatu zaio udala, eta eskatu dio bere gain hartzeko energia berriztagarrien hedapenean ordena jartzeko betebeharra, «gure lurraldearen energia beharrei erantzungo dien trantsizio energetiko justu eta demokratikoa bermatuko duten deliberazio prozesuak bultzatuz».
Udalak Jaurlaritzari galdegin dio ez dezala Ubalza II proiektua gauzatzeko baimenik eman Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu arte. Plan horrek antolatu eta arautu behar du energia berriztagarrien zabalkundea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Jaurlaritzak onartua du haren behin-behineko bertsioa. Planaren arabera, hamar hektareatik gorako eta bost MW baino gehiagoko zentral fotovoltaikoak ezin izango dira ezarri balio estrategiko handiko nekazaritza lurretan. Horrez gain, gisa horretako azpiegiturek gune populatuetatik 500 metrora egon beharko dute gutxienez. Jaurlaritza plan sektorialari azken onarpena ematekoa da.
Cañaveras Solar enpresak bi proiektu aurkeztu dizkio Jaurlaritzari, Agurainen parke fotovoltaikoak egiteko. Ubaza II proiektuaren aurretik, Ubaza izeneko egitasmoa aurkeztu zion enpresak Jaurlaritzari: Agurainen 38.000 plaka instalatzea aurreikusten du, eta 21,3 MWeko potentzia instalatua edukiko du. EH Bilduk mozioan argitzen duenez, 2023ko maiatzean aurkeztu zion lehenengoz enpresa sustatzaileak udalari Ubaza egitasmoa, eta beste proiektu bat —Ubaza II— garatzeko asmoa zuela aurreratu zion. Lehen bileran, Aguraingo Udalak kezka agertu zion, energia berriztagarrien hedatzea «premiazko eta beharreko neurria» dela uste duen arren arduratuta dagoelako «energia proiektuen ugaritze kaotikoa» ikusita.
Hori dela eta, gaurko mozioan jasotzen diren eskari berak egin zizkion enpresari: balio estrategiko handiko nekazaritza lurrak salbuesteko, gune populatuetatik gutxienez 500 metrora jartzeko instalazioa, eta herriko eragile publikoei, ekonomikoei eta sozialei azpiegituraren ustiaketan ariko den sozietatearen jabetzan parte hartzeko aukera irekitzeko. «Enpresak eskaera horiek aztertzeko konpromisoa helarazi zion udalari, baina ez genuen berririk izan, harik eta 2024ko martxoan Ubalza proiektua jendaurrean ikusgai jarri zen arte». Egitasmoak ez zituen udalaren eskariak jaso, eta udalak proiektuaren kontrako alegazioak aurkeztu zituen.
Mozioak jasotzen duenez, udalak eta enpresak beste bilera bat egin zuten 2024ko irailean. Orduan, Cañaveras Solarrek atea itxi ziola Aguraingo eragileek parke fotovoltaikoaren enpresa ustiatzailean parte hartzeari.
Ubalza II proiektuaren berri apirilaren 7an eman zuten, eta orduan jakin zituen haren xehetasunak Aguraingo Udalak ere. Proiektuari alegazioak aurkezteko aukera aztertzen ari da udalaren hirigintza zerbitzua. Maiatzaren 6an amaituko da horretarako epea.