Agur sentikorra egin diote herritarrek eta politikariek Sabin Intxaurragari

Alderdi guztietako politikariek hartu dute parte EAko buruzagi historikoaren hiletan eta geroko omenaldian

Intxaurraga zenaren familiak eraman zuen hilkutxa. Eskuinean, Gontzal Mendibil lehengusua. L. JAUREGIALTZO / ARG.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Zeanuri
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Jendetsua oso. Politikari asko eta pentsaera askotakoak. Baina xumea eta hunkigarria izan zen Sabin Intxaurragari bere herrian, Zeanurin, atzo eman zioten azken agurra. Protokolorik gabea; politikariek herritarrei protagonismo handirik kendu ez ziotena.

Ermita itxura duen eta mendi aldean dagoen Andra Mari Parrokian ezin izan zuten bertaratutako guztiek sartu. Kanpotik jarraitu zuten, beraz, askok eta askok hileta elizkizuna. Beste asko eta asko, eliza inguruan geratu ziren multzoka, hizketan. Herritarrak eta politikariak. Alde desberdinetakoak adeitsu aritu ziren luzaro, multzo berean. Ezker abertzaleko Pernando Barrenak eta Karmelo Landak, esaterako, Aralarreko Iñaki Aldekoa eta Josu Murgiarekin partekatu zuten multzoa hasieran.

EAJko Joseba Egibar joan zitzaien ondoren, bostekoa irribartsu ematera. Hitz batzuk trukatu, eta ELAko Adolfo Muñozengana eta German Kortabarriarengana joan zen ondoren Egibar.

Geroago konturatu ziren Kortabarria eta Jose Elorrieta Barrena eta Landa inguruan zeudela, eta berehala joan ziren haiek lagun giroan agurtzera.

Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia meza hasi baino minutu batzuk lehenago iritsi zen, eta agurrei ekin zien hark ere. Besteak beste Tontxu Campos, Javier Balza eta Gabriel Inclan Ibarretxe garaiko sailburuak agurtu ostean, elkarrekin sartu ziren elizara. Carlos Garaikoetxea ere sartu zen Ibarretxeren atzetik, bi lehendakari ohiek elizaren lehen lerroan baitzuten lekua gordea.

Egungo lehendakaria, ordea, ez zen elizkizunera joan, Gabonetako harrera ekitaldia zuelako. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako ordezkaririk izan zen Zeanurin: Pilar Unzalu eta Rafael Bengoa sailburuak. PPko kideak ere izan ziren: Carmelo Barrio eta Carlos Urquijo. Eliza kanpoan denbora askorik eman gabe sartu, eta joan ere hala egin ziren.

Eta, pentsatzekoa denez, EAren zuzendaritzak, eta ordezkaritza zabalak eman zioten azken agurra alderdikideari, Pello Urizar eta Unai Ziarreta egungo eta lehengo presidenteak buru zirela.

Inaxio Oliberi, Josu Jon Imaz, Pedro Etxenike eta Roman Sudupe multzo berean egon ziren hizketan, elizkizuna hasi aurretik. Angeles Iztueta eta Miren Azkarate presaka iritsi ziren mezara. Javier Madrazok ez zuen hutsik egin. BERRIAko ordezkaritza batek ere parte hartu zuen ekitaldian, Martxelo Otamendi zuzendaria buru zela.

Hala ere, mezaren ondorengo ekitaldi labur baina sentikorrak hunkituko luke gehien, seguruenik, omendua. Arkaitz Estiballes bertsolariak errekonozimendu eta miresmeneko bi bertso eskaini zizkion. Dantzariak aurreskua, eta Zeanuriko abesbatzak Xalbadorren heriotzean kanta. Bildutako guztien artean, Agur, jaunak abestuta amaitu zen ekitaldia, Intxaurragaren gorpua horren maite zuen Gorbeiako tontorrari begira zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.