Hauteskunde giroa kanpoan, lasaitasuna parlamentu barruan. Bederatzigarren legealdiarenak egin du, eta atzo, azken osoko bilkuran, eguneroko politikaren ohiko tentsioa baretu egin zen Nafarroako Parlamentuan. Politikagintzak antzerkitik zerbait badu, eta, ideien zein arrazoieneztabaidaren zurrunbiloan, parlamentari eta talde bakoitzak bere rola jokatzen du, maiz atzean den pertsona ezkutatuz. Atzo, baina, pertsonek protagonismoa bereganatu zuten. Azken finean, ezker-eskuin, ganberako harmailen erdiek ziurtasun osoz dakite ez dutela hurrengo legealdian jarraituko. Hainbatek euren mintzaldia esker ona adierazteko edo bizitako esperientziaren laburpen bat plazaratzeko baliatu zuten. Ezinbestean, agur kutsua hartu zuen azken egunak.
Horrek ez du esan nahi garrantzi gutxiko saioa izan zenik. Besteak beste, berdintasunaren lege proiektua eztabaidatzeko zuten alderdiek, eta, horren adierazle, gonbidatuen harmailak beteta zeuden. Egitasmoaren erredakzioan hainbat gizarte taldek parte hartu dute, eta zutik txaloka hartu zuten legea onartu izana: laukoak eta PSNk aldeko botoa eman zuten, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuneranzko bide luzean «aurrerapausoa» dela eta «egiturazko aldaketak» bultzatzen dituela argudiatuta.
Eztabaidan, Geroa Baiko Virginia Alemanek, EH Bilduko Bakartxo Ruizek eta Ahal Dugu-ko Tere Saezek gogora ekarri zuten mugimendu feministaren azken urteetako borrokaren ondorioz lortu dela, baina «atzerapauso autoritario baten» arriskuaz ohartarazi zuten. «Ezta urrats bat atzera ere Vox alderdiaren moduko diskurtsoen aurrean», aipatu zuen Alemanek. «Ez dago zertan Andaluziara jo. Hemen ere eskuinak generoaren ideologia erabiltzen du argudio gisa», azpimarratu zuen Ruizek.
Legealdi amaieran, UPNk eta PPk gogor egin dute Skolaeren aurka, eta atzo Maria Solana Hezkuntza kontseilariak Skolaeren aldeko kamiseta zeraman soinean. Goizean, Ana Beltran ez zen parlamentuan izan, Kongresurako PPren Madrilgo zerrendan bosgarren izango baita, eta haren aurkezpenean izan baitzen. Bere lekukoa Javier Garcia parlamentariak hartu zuen, eta gaizki ulertu baten ostean Maria Solanari «Skolae anderea» deitu zion.
UPNko Ana San Martinen ustez, legeak Skolae programaren moduko neurriak sustatuko ditu hezkuntzan, «gurasoen parte hartzea aintzat hartu gabe».
Hutsuneak eta agurrak
Parlamentua utziko dutenetako bat da San Martin. 2015ean, Esparzaren ostean UPNren zerrendako bigarrena izan zen, baina postu horrek ez dio erantzun gerora legealdian izan duen pisuari, garai hartako alderdiaren barne orekari baizik: 2015ean, hautagaitzari uko egiteko Yolanda Barcinak Esparzari inposatutako izenetako bat izan zen. Lau urteren ostean, Navarra Sumaren zerrendetatik atera da, eta Barcinaren inguruko batek soilik jarraitzen du: Juan Luis Sanchez Muniainek.
UPNren talde barruan, agur esan zuten askok. Carlos Garcia Adanero, Sergio Sayas edo Alberto Catalan Madrilera zuzenduko dira. Beste batzuek, berriz, Begoña Ganuza Lizarrako alkate ohiak, Luis Casado Tuterako alkate ohiak eta Luis Zarraluki kontseilari ohiak parlamentua utziko dute. Esparzak aurpegi berri asko sartu ditu zerrendan, baita legebiltzarretik sartu-irten bat egingo duen aurpegi ezagun bat ere: Iñaki Iriarte.
Arratsaldean, XVIII. mendeko sorgin ehizaren biktimen aldeko mozio baten eztabaidan parte hartu zuen Adanerok. «Agerraldia prestatzen ari nintzela, pentsatu nuen Gazteluko plazatik igaroko nintzela beste inkesta bat egitera, baina agur esateko baliatuko dut», hasi zen esanez, legebiltzarkideen barreen artean —legealdian, baliabide dialektiko gisa erabili ditu inkesta propioak—. 1991tik parlamentuan, erakundeko langile presidenteak izendatu zituen, Jose Luis Castejon presidente zena tarteko. Arerioez ere gogoratu zen: «Hemen gauden guztioi milaka herritarrek bozkatu digute, eta, diferentzien gainetik, horrek errespetua merezi du. Ororen gainetik pertsonak daude. Gehiago esango nuke, baina hartu dudan katarroagatik eta emozio apur bat ere badudalako, hor geratuko naiz».
Geroa Bairen kasuan, zerrendak oraindik osatzeko daude, eta Uxue Barkosen atzetik ziurtzat jotzen da Unai Hualde edo Koldo Martinez egongo direla. EH Bilduren kasuan ere, egungo taldeko askok segituko dute zerrendako postuetan. Alta, Asun Fernandez Garaialdek hamabi urteren ostean politika utziko du, eta atzo esker ona adierazi zien guztiei.
Ahal Dugu-ren kasuan, Mikel Buil izango da zerrendaburu eta bigarren Ainhoa Aznarez. Laura Perezen kargugabetzeak eta azken urteko tirabirek haustura eragin zuten talde barruan. Fanny Carrillo 2016an sartu zen parlamentuan, Fatima Andreoren ordez. Atzo bere esperientzia laburbildu zuen. Ekuadorren eta hemen krisia bi aldiz pairatu ostean, egoera eraldatuko zuela promes egin zuen alderdia ez duela inondik ikusi aipatu zuen.
Laura Perezek ez zuen agur esan nahi izan: «Nagoen tokian nagoela, nire ideiak defendituko ditut, 2015ean hasitako aldaketa harago joatea defendituko dut. Erakunde honetan gauza ugari lortu dira, horietako batzuk isilduak, baina beste askotan ametsen kaiola bat ere izan da, baita zenbaitetan sorgin ehiza ere. Sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik, borrokan jarraituko dugu».
Beltran, barkamen eske
PPren kasuan, ez dute argitu nor joango den Navarra Sumaren zerrendan, baina Ana Beltran ez da izango. Madrildik bueltan, arratsaldeko saioan izan zen, eta Garcia Adaneroren hitzen ondotik, hunkituta agertu zen. «Bi legealdi izan dira. Azkena intentsitate handikoa, ederra, oso sutsua. Nire ideiak defenditu ditut. Askotan asmatuz, eta, ziurrenik, gehiagotan oker eginez. Baina beti sinesten dudan horren defentsan, norberak duen bizitasunarekin». Parlamentari guztiei hitz egin zien. «Eztabaida biziak izan ditugu, arratsalde handiak eta tirabira ugari. Plazera izan da eta barkamena eskatu nahi dut, ez baita izan nire asmoa arlo pertsonalean inori begirunea galtzea». Irribarrea ahoan, Unai Hualdek zera erantzun zion: «Zalantzarik gabe, legealdiko intentsitatearen neurrian egon zara».
Agur kutsuko azken saioa
Parlamentarien erdiek ez dute segituko datorren legealdian. Berdintasun Legea onartu dute, eta «mugimendu feministaren lanari» balioa eman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu