Opus Deik Nafarroan 70 urte. Historia eta eragina

Agur estatus bereziari

Joan Paulo II.a aita santuak 1982an prelatutza bakarraren estatusa eman zion, eta Opus Deiko buruzagiak gotzain baten ahalmena izan du 40 urtez, Eliza barruko kontrolpetik at. Frantzisko I.ak hori amaitzea erabaki du.

Frantzisko I.a aita santua Fernando Okariz Opus Deiko prelatuarekin bildu zen iaz, Vatikanoan. VATIKANOA / EFE.
joxerra senar
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Azken 40 urteetan izaera berezia izan du Opus Deik Eliza katolikoaren egitura barruan. Frantzisko aita santuak hori amaitzea erabaki berri du aurtengo udan. Ad charisma tuendum idatziaren bitartez, Opus Deiren estatus berezia aldatuko dela iragarri du. Hemendik aurrera, Opus Deiren prelatu nagusia ez da gotzain izango, eta urtero txosten bat aurkeztu beharko dio aita santuari. Batzuentzat, Eliza barruko antolaketaren aldaketa soil bat baino ez da, baina, beste askoren iritziz, erreforma horrek Opus Deiren pribilegioaren amaiera ekarri du.

Ikusi gehiago:OPUS DEI, 70 URTEKO ARRASTO ISILA

1960ko hamarkadan, Gerra Hotzaren testuinguruan, Vatikano II konferentziak prelatutza pertsonalaren estatusa sortu zuen. Helburua zen Eliza iristen ez zen herrialdeetara, hala nola Europa ekialdera, bidalitako apezei babes juridikoa ematea, hara iristeko tramitazioak errazteko. Sorrerako helburu horretatik at, Joan Paulo II.a aita santuak 1982an Opus Deiri prelatutza bakarraren izaera eman zion. Javier Etxeberria Opus Deiren orduko buruzagiak Erroman egindako lan isilaren emaitza garrantzitsuena izan zen kontzesio hura.

Izan ere, estatus hori ezohikoa da Eliza katolikoan. Erakunde nagusiaren lurralde egituren kontrolpetik at, mundu mailako elizbarruti handi bat izan da. Opus Deiko buruzagiak, prelatuak, gotzain baten izaera juridikoa zuen, eta bere ardurapeko kide erlijiosoak zein laikoek haren aginduei baino ez zieten erantzuten, tokian tokiko gotzainen erabaki ahalmenetik at.

Frantzisko I.aren erreformari garrantzia kendu nahi izan dio Fernando Okariz egungo prelatuak, zarata mediatiko orotatik aldendu nahirik. Haren hitzetan, ez da ezer aldatuko: «Prelatua gotzain gisa ordenatzea ez zen eta ez da beharrezkoa Opus Deiren gidaritzarako. Izan ere, prelatua gidari bat da, eta batez ere aita bat».

Kolpe horrekin aita santuak orain arteko autonomia amaitu eta erakundeari mezu bat bidali diola uste dute zenbaitek. Dena den, estatus berezia kenduta ere, egungo Elizan erabat integratuta dago, eta Europan bokazioak atzerantz egiten ari diren honetan, harrobi moduko bat da.

Mendeurrenaren atarian

Opus Deiren datuen arabera, 93.400 kide ditu munduan, horietatik 4.500 inguru Euskal Herrian. Kideen %57 emakumeak dira. Bost kontinenteetan dago barreiatuta, baina batik bat Europan (%57) eta Amerikan (% 34) du indarra.

Opus Deiren kide gehienak (%95 inguru) laikoak dira. Azken hamarkadetan erakundea utzi duten kide ohiek jarrera sektarioa eta manipulazioa salatu dute. 2018an, 90. urteurrenean, Opus Deiko buruzagiak barkamena eskatu zuen hutsegiteengatik: «Opus Deirekin harremanetan izandakoak ditut gogoan. Ez diegu eman haiek behar zuten eskuzabaltasun eta adeitasuna».

Argentinan, iaz, Opus Deiren laguntzaile izandako emakume talde batek erakundea salatu zuen Vatikanoan, urteetan zortzi ordutik gora lan egiteagatik ezer kobratu gabe.

Sexu abusuen aferan garbi zegoela goraipatzen zuen maiz Opus Deik, baina 2020an amaitu zen hori. Vatikanoak Manuel Cocin?a apezari bost urteko zigorra ezarri zion. Hura izan da zigortutako Opus Deiko lehen apeza. Erakundeak barkamena eskatu zion biktimari, baina hark nabarmendu zuen bera ez zela bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.