Agur duin bat asteburuan Bidasoan hildako migratzaileari

Harrera taldeek antolatuta, jende andana elkartu da Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian. Erakunde publikoei esku hartzeko eskatu diete, muga zeharkatzea errazteko

Santiago zubian eginiko mobilizazioa, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
Irun
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Kandelak eskuan hartuta, herritar ugarik egin zuten bat Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) batzen dituen Santiago zubian, atzo iluntzean. Irungo Harrera Sareak eta Ipar Euskal Herriko harrera taldeek deituta, asteburuan Bidasoa ibaia gurutzatu nahian hildako migratzailearen heriotza salatu zuten, eta hari «agur duin bat» eman. «Esan genuen ezbehar hau gerta zitekeela berriz ere», adierazi zuten antolatzaileek. Izan ere, muga zeharkatzen hil den zazpigarren migratzailea da aurten: ibai horretan edo haren inguruan lau hil dira, eta beste hiru trenak harrapatuta hil ziren urrian, Ziburun (Lapurdi).

«Hegoaldean, Bidasoak du hiltzen; iparraldean, burdinbideak». Hartara, mugaren bi aldeetako erakunde publikoei eskatu zieten neurriak hartzeko, «bederen», Baionarainoko bidea segurtasunez egin dezaten. Ipar Euskal Herriko harrera taldeek Euskal Elkargoko lehendakariari eta migratzaileek zeharkatzen dituzten herrietako hautetsiei eginzieten mobilizatzeko deia. Irungo Harrera Saretik, berriz, etorkinei harrera duin bat eskaintzeko exijitu zieten hegoaldeko erakundeei. Izan ere, salatu zutenez, azken astean hamar lagun artatu gabe utzi zituen Gurutze Gorriak, eta etxe partikularretan hartu behar izan zituzten.

Denek ere bat egin zuten mugetako kontrolak gogortu izanaren aurka. Salatu zuten, «arrisku terroristaren» aurkako neurritzat saldu arren, «pertsona migratzaileen mugimendua oztopatzeko» egindela. Hala, heriotzen «arduraren zati bat» izatea leporatu zieten erakunde publikoei, «beharrezkoak ez diren arriskuak hartzera» bultzatzen dituztelako migratzaileak.

Mobilizatzeko deialdiarekin bat egin zuen EH Baik ere. Koalizio abertzalearen esanetan, asteburuko heriotza ez zen «istripu baten» ondorio izan, «Europak eta estatuek aplikatzen dituzten politika kriminalen» emaitza baizik. Hala, ekidin zitekeela uste dute, «harrera hobea eskainiz gero, edota mugak kudeatzeko politikan jarrera hexagonala errotik aldatuko balitz».

Larunbat goizean aurkitu zuten 38 urteko gizonezkoaren gorpua, Endarlatsa inguruan, Irunen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Boli Kostatik zetorren gizona, eta El Ejidoko (Espainia) anbulatorioan COVID-19aren kontrako txertoa hartu izanaren dokumentua zeraman gainean. Ikertzaileek uste dute sasoikako langilea zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.