Agirrek politikarako zuen «pasioa» bildu dute liburu batean

Urkullu lehendakaria eta Garaikoetxea eta Ibarretxe lehendakari ohiak presente izan dira aurkezpenean, Bilbon

Iñigo Urkullu, Aintzane Agirre, Carlos Garaikoetxea, Juan Jose Ibarretxe eta Juan Mari Atutxa, atzo. LUIS TEJIDO / EFE.
Erredakzioa
2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Jose Antonio Agirre (1904-1960) Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariari buruzko liburua plazaratu dute lau historialari eta unibertsitate irakaslek: Ludger Meesek, Jose Luis de la Granjak, Santiago de Pablok eta Jose Antonio Rodriguez Ranzek, hain zuzen ere. Horien hitzetan, Agirre izan da XX. mendean eragin handiena izan duen euskal politikaria; maitatuena eta ospetsuena.

Tecnos argitaletxeak argitaratu duen liburuak 700 orrialde ditu, eta atzo aurkeztu zuten Bilboko Artxibategi Historikoan, presente zirelarik bertan Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta bertze bi lehendakari ohi: Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea. Juan Mari Atutxa Sabino Arana fundazioko presidentea, Aintzane Agirre lehendakari zenaren alaba eta Ludger Mees liburuaren ekoizpenerako koordinatzailea ere han izan ziren.

Aurkezpenean gogoratu dute, besteak beste, Joseba Agirre, duela bi urte zendu zen Agirreren semea eta lehen lehendakariaren heriotzaren karietara egindako ekinbideak sustatzeko batzordeko eragilea. Atzo aurkeztutako lan horrekin bururatzen baita, Agirre zenaren omenez egindako ekitaldien egitaraua —1960an zendu zen Agirre Parisen —.

Agirreri buruz plazaratu den azken ikerlanaren emaitza dela adierazi dute idazleek. «Biografia zientifikoa da, Agirreri buruz egin den osoena, hamar urteko lanaren emaitza, artxibategi anitzetan arakatu ondoren idatzia». Lehendakaria zenaren biografia politikoa garai hartako testuinguru historikoan kokatu eta horren arabera aztertu dute.

Agirrek politikarekiko zuen harremana egiazko pasioa zela nabarmendu dute liburuaren egileek —La politica como pasion izena du liburuak—. Egokitu zitzaion garaia berezia izan da oso Euskal Herriaren historian. Batetik, Espainiako Errepublika bizitzea, Francoren matxinada militarraren ondoren izandako gerra zibila sufritzea eta haren ondorioz, erbestera alde egin beharra. Mees alemana da jatorriz, baina hamarkada luzeak dira Euskal Herrian bizi dela. «Plazaratu dugun testua interpretazio kritikoa da, eta maila batean, gure ekarpena egin dugu Agirreren mitifikazioa desegiteko, jakin arren bati baino gehiagori eragozpenak sor diezazkiola».

Liburuan aurkeztu duten politikariak, guztiek bezala, hutsak egin zituela jakinarazi du Meesek. Baina euskal politikan eragin handiena izan zuen politikaria izan dela jakinarazi du. Haren eragina, abertzaleen artean ez ezik, errepublikarren eta ezkertiarren artean ere nabarmena izan zela. «Agirre ez da profeta, ez da aldez aurretik egin beharreko bidea ezagutzen duen politikaria, ez da mitoa; lider bat izan zen, gizon bat, aldeko eta kontrako elementu guztiekin». Liburuan akatsak ez direla gorde azaldu du. Mugagabeko eskuzabaltasuna eta garai hartako solaskideen erabateko zintzotasuna uste okerrak direla erran du.

Sarera ere bai

Sabino Arana fundazioa izan zen batzordeak finkatu egitaraua garatzearen arduraduna. Karia horretara, webgune berezi bat osatu zuen fundazioak, sarean ezartzeko Agirreri buruzko dokumentu ugari, hala nola liburuak, mintzaldiak eta argazkiak. Gisa berean, Agirre Lehendakariaren familiari Gernikako Arbolaren domina ematea Lehendakaritzan eta «Agirre Lehendakaria eta haren gobernuak» izeneko erakusketa ibiltaria antolatzea.

Horrekin batera eta Agirreren oroimenez, Donostiako Euskal Unibertsitatearen udako kurtsoetan hainbat kurtso antolatu ziren. Columbia unibertsitateak ere omenaldi berezia antolatu zuen Agirre lehendakariaren omenez. Historia eta pentsaera arloetan diharduen Hermes aldizkariak ere zenbaki berezia plazaratu zuen. Lehendakariaren jatorrizko egunerokoak ere publikatu zituzten. Urriaren 7an Agirrek Gernikako arbolaren azpian egindako zinaren irudikatzea ere egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.