Agirrek EBri eskatu dio Araban ez errepikatzeko «Extremadurakoa»

Arabako EBren zuzendaritzako talde batek alderdi horretako batzarkideen jarrera kritikatu du

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ezker Batuaren bi biltzarkideen eskuetan egongo da Arabako Foru Aldundia nork gidatuko duen erabakitzea. Xabier Agirre hautagai jeltzalea ez da haietaz fio, eta EBren zuzendaritzari eskatu dio jarrera argitzeko. Arabako EBren barruan, baina, agerikoa da iritzi desadostasuna. Zuzendaritzako talde batek Biltzar Nagusietako Mahaia osatzeko bozketan EBren bi biltzarkideek hartutako erabakia kritikatu du, eta gogorarazi du herrialde horretako zuzendaritzak ez duela erabaki bat hartu diputatu nagusiaren hautaketari dagokionez.

Xabier Agirrek beharrezkoa du EBren bi biltzarkideen botoa. Nerea Galvezek eta Mertxe Etxezarretak abstentzioaren aldeko hautua egiten badute, PPren Javier de Andresek lor dezake aginte makila. Hori hala, «Extremadurakoa ez errepikatzeko» eskatu dio Agirrek EBren zuzendaritzari. Izan ere, Extremadurako Izquierda Unidako batzarrak erabaki du PPren eskuetan uztea Espainiako autonomia erkidego horretako gobernua. Inbestidura saioan abstenitu egingo direla iragarri dute.

Arabako diputatu nagusia aukeratzeko saioa noiz egingo den zehazteko dago oraindik. Atzo bildu ziren lehen aldiz Biltzar Nagusietako Mahaiko kideak eta taldeetako bozeramaileak, eta ostegunean egingo dute bateraezintasunak aztertzeko saioa. Litekeena da, beraz, uztaileko lehen hamabostaldian egitea inbestidura saioa. Agirrek azaldu duenez, «astebete eta pixka bat gehiago» dute oraindik alderdiek negoziazioekin jarraitzeko. «Denbora tarte horretan ikusiko dugu nola doan kontua. Espero dut Extremadurakoa sentsazio bat izatea bakarrik, eta hemen ez errepikatzea», nabarmendu du Agirrek.

Joan den astean piztu zen polemika EBren barruan. Mahaiko presidentea aukeratzean, zuri bozkatu zuten Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarreta biltzarkideek, baina presidenteordeen bozketan PSE-EEko hautagaiak EAJkoak baino boto bakar bat gehiago eskuratu zuenez, ondorioztatu zen EBko bi biltzarkideek boto bana eman zietela PSE-EEko eta EAJko hautagaiei.

PSE-EEk, berriz, jakinarazi zuen EBrekin akordioa zuela elkarri botoa emateko lehen presidenteorde eta lehen idazkari postuak banatzeko. Akordio horren arabera, gainera, PSE-EEk biltzarkide bat utziko dio EBri, hark talde propioa izan dezan.

Arabako EBren zuzendaritzako lau kidek —batzordea osatzen duten kideen heren batek— komunikabideei igorritako ohar labur batean biltzarkideen jarrera kritikatu dute. Galvezek eta Etxezarretak salatu dute beren kabuz hartutako erabakia izan zela eta ez zela zuzendaritzan eztabaidatu. Gogorarazi dute biltzarkideak ez direla euren buruen ordezkariak bakarrik, alderdi osoarenak baizik. «Eta hau Arabatik kanpo ere zabaltzen da; errespetu osoa zor diote botoa eman diguten herritar guztiei», nabarmendu dute. «Kromo aldaketen espektakulua» amaitu behar dela diote, eta EBk azken urteetan egin dituen «akatsak» zuzendu behar dituela. «Gaur-gaurkoz zuzendaritzak ez du erabakirik hartu diputatu nagusiaren aukeraketaren gaian. Hala ere, gehiengoak uste du gure soslai politikoa desitxuratzen duen gobernu itunik ez dugula egin behar».

Bilduren proposamena

Gasteizko Udalean, berriz, Bilduk proposatu du udaleko taldeei, kargudunei eta aholkulariei bideratutako aurrekontua % 10 murriztea. Krisialdi ekonomikoa dela eta, «zentzuzko neurria» dela defendatu du koalizioak.

Kike Fernandez de Pinedo Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, koalizioaren helburua daudalaren kudeaketa «irekia eta gardena» izatea. Hori hala, proposatu dute ordezkaritza lortu duten alderdi guztiei irekitzea Udal Gobernu Batzordea, eta udalaren kudeaketa «irekiagoa eta parte hartzaileagoa» izatea eskatu dute. Bilduko kideak gogorarazi du urtea amaitu aurretik herritarren parte hartzearen inguruko arautegi berria egin behar duela Gasteizko Udalak.

Euskararen alorrean, berriz, azken urteetan «atzerapausoa» eman dela salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.