Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan ziren joan den apirilean, eta ekainaren 9an izanen dira Europako Parlamentukoak. Batzuendako Europako bozak urrun dauden arren, denbora gutxian bi aldiz bozkatzeko aukera izanen dute zenbait herritarrek. Hori jakinda, joan den larunbatean boz horietan parte hartzera deitu zuen Andoni Ortuzar EBBko presidenteak, eta hala egin du gaur Oihane Agirregoitia jeltzaleen hautagaiak ere. Erran du inkesta guztiek diotela muturrean kokatzen diren alderdiek «goranzko joera» izanen dutela, eta hori «kezkagarria» dela: «Gorroto diskurtsoak eta indarkeriazko gertaerak sustatzen eta indartzen dituzte, eta asko sinplifikatzen dituzte Europak dituen erronka handiak».
Agirregoitiak Efe agentziari egin dizkio adierazpenak, eta ekain hasieran eginen diren bozen garrantzia azpimarratu du: «Gero eta gehiago eragiten digu geopolitikan gertatzen den guztiak, eta Europako Parlamentuan onartzen ari den legeriak gugan duen eragin handia ere aipatu behar da». Hori ikusita, EAJk «bozkatzearen garrantzian» jarri nahi du arreta, Agirregoitiaren arabera. «Txinaren eta Ameriketako Estatu Batuen artean espazio eta ahots bat izan nahi badugu, Europan batasun bat egon behar da, eta errespetu handiagoa erakutsi behar diogu gure aniztasunari». Are, hautagai jeltzalearendako garrantzitsua da EAJk Europan duen rola, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren «interesak defendatzeko ahotsa» izanen baitira. CEUS-Europa Solidarioaren aldeko koalizioaren barruan parte hartuko du EAJk Europako bozetan, Geroa Bairekin batera, baita Koalizio Kanariarra eta El Pi-Balear Uharteen Aldeko Proposamena alderdiekin ere.
Jeltzaleek uste dute hauteskunde hauetan «Europako esentzia» dagoela jokoan. Izan ere, «muturreko mugimenduak, ezkerrekoak zein eskuinekoak, populistak eta antieuroparrak, Europako erakundeen bidez beren mezuak iragazkor bihurtzen saiatzen ari dira». Hortaz, horiei aurre egitea ezinbertzekoa zaie. Vox alderdia jarri du adibide gisa, eta zehaztu adierazpen «oso gogorrak» egiten dituela alderdi ultraeskuindar horrek: «Lehenengo migratzaileak dira, gero LGTBI eta bestelako kolektibo minoritarioak izango dira, gero emakumeak joango dira, eta azkenean merkatuaren zentralizazioa eta babesa izango da, zeina Europar Batasunaren garaipen handia izan baita».
Garaipenetan arreta
Arazoetan arreta jartzeaz gain, Agirregoitiak orain arte lortutakoei erreparatu die, eta azaldu ezinbertzekoa dela zehaztea zer erronka dituen Europako Batasunak, eta nola egiten ahal zaien aurre. Alde horretatik, erran du jeltzaleek hori egiten dutela, eta «proposamen zehatzak» dituztela arlo guztietarako.
Next Generation funtsei buruz galdetuta, onartu du «lorpen handia» izan zirela, baina egia dela ez direla «behar bezala iritsi ETE Enpresa Txiki eta Ertainetara». «Madril bidez kudeatzea mantsoagoa da, horregatik eskatu genuen autonomia erkidegoak kudeatu ahal izatea», gehitu du. Zentzu horretan, erran du Europako lurraldeen errealitateak kontuan izan beharko liratekeela: «Kudeatzen ditugun eskumenei buruzko erabakiak hartzen diren guneetan ahotsa izan beharko genuke. Oso garrantzitsua da Europak, kasu honetan, aurrerapausoak ematea».
Espainiako arlo politikoan PPren eta PSOEren artean dagoen polarizazioaz ere mintzatu da Agirregoitia, eta zehaztu du eztabaida horren ondorioz «herritarrak Europatik urrun» sentitzen direla. «Tamalgarria da eztabaidaren polarizazio hori, Europako Parlamenturako hauteskundeak aski garrantzitsuak baitira. Hau ez da ezeren bigarren itzulia, Europako Parlamenturako hauteskundeak dira, eta garrantzi handia du gure egunerokoan Europan gertatzen den guztiak».
Agirregoitiak Izaskun Bilbaoren lekukoa hartuko du, Bilbaok abenduan iragarri zuen ez zela berriro aurkeztuko Europako hauteskundeetara. Aldaketa hori «naturaltasunez» egin dela onartu du hautagai jeltzaleak, eta bere ezaugarriak dituen norbait egokia izan daitekeela trantsizio energetikoa edo digitala jorratzeko, besteak beste. «Ezustekoa izan zen niretzat, baina nik uste dut tokian-tokian izan dudan esperientziak balio erantsia eman diezaiekeela Europak dituen erronka handi horiei, ezta?», gehitu du. Izan ere, bi ingeniaritza ikasi zituen, eta hamabi urtez Bilboko Udaleko zinegotzia izan da. Hain zuzen, Bilbon Next Generation funtsak kudeatzeko ardura izan zuen, eta Bilbo nazioartean ordezkatu zuela dio EAJk.