Agirre Arabako ahaldun nagusi izendatzeko hurbilketarik ez dagoela dio EBk

Babesaren truke eskatutakoari EAJk eman dion erantzuna «etsigarria» izan da, Kontxi Bilbaoren ustez

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Xabier Agirre jeltzalea Arabako ahaldun nagusi izendatzeko negoziazioei buruzko ikuspuntu ezkorra eman du Ezker Batuak. Gaur-gaurkoz EBk ez luke EAJko hautagaia babestuko, eta negoziazioak «ez aurrera ez atzera» daudela ohartarazi zuen atzo Kontxi Bilbao EBko negoziazio batzordeko buruak, Gasteizen egindako agerraldian.

Inbestidura saioan Agirre babestearen truke eskaera jakinak egin dizkio EBk EAJri. Hala nola Ondare Zerga berriro indarrean jartzea, edo Sozietate Zergaren tasa igotzea. Era berean, urtero enplegua sustatzeko aurrekontuetan «gutxienez» hamar milioi euro egotea exijitu du. Alderdi jeltzaleak aldarrikapen horiei eman dien erantzuna «etsigarria» izan da, Bilbaoren ustez, eta hartzeko prest dagoen neurrietan «zehaztasun gehiago» galdegin dizkio.

Negoziazioak azkartzeko beharra ere adierazi zuen Bilbaok. «Ez dugu azken unera arte negoziatzen jarraitzeko asmorik». Hala, heldu den astelehenerako akordioaren oinarriak adostu behar dituztela esan zuen, edo bestela EBk hautagai propioa aurkeztuko du ahaldun nagusi kargurako.

Uztailaren 7an aukeratuko dute Arabako ahalduna. PP izan zen botorik gehien jaso zuen indarra, eta Javier de Andresek PSE-EEren babesa ziurtatuta du. Bilduren botoak izango ditu Agirrek, baina EBk dituen bi biltzarkideen jarrera erabakigarria izango da. EAJren alde bozkatzen ez badute, PPk gobernua hartuko du Araban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.