Agiriak ikusi ahal izatea eta delituak ez preskibatzea galdegin diote legebiltzarrari

SOS Haur Lapurtuak eta Anadir elkarteen arabera, legebiltzarraren batzordea egiten ari den lana ez da nahikoa

jon eskudero
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Dokumentuak lortzeko erraztasun gehiago edukitzea eta delituak ez preskribatzea. Anadir eta SOS Haur Lapurtuak elkarteek eskaera hori egin zioten atzo Eusko Legebiltzarreko ume lapurtuen batzordeari. Elkarteetako ordezkarien arabera, erregistroetan, ospitaleetan eta erakunde erlijiosoetan dokumentuak eskuratzeko zailtasun ugari dituzte, eta oztopo horiekin amaitzen laguntzeko eskatu diote haur lapurtuen batzordeari. Batzordea otsailaren erdialdean sortu zuen legebiltzarrak, 1940 eta 1990 bitartean lapurtutako haurren kasuak ikertzeko helburuarekin. Bada, atzokoa izan zuen lehenengo bilera.

Antonio Barroso Anadir Elkarteko presidentearen ustez, ez da nahikoa ordezkari politikoek dagokionari dokumentuak eskatzea. Haren arabera, hori baino zerbait gehiago egin behar da: «Dokumentuen bila jo beharko luke batzordeak, eta ez eskatu eta zain egon. Botererik handiena bertako kideek daukate, eta ez guk. Izan ere, jasotzen ari garen erantzuna funtzionarioaren araberakoa izaten ari da, eta hori lotsagarria da». Barrosok bost urte eman ditu haur lapurtuen kasuagatik borrokatzen, eta legebiltzarrari aurpegiratu dio azkenean elkarte bat sortu beste erremediorik ez duela izan bere ahotsari kasu egin diezaioten.

Barrosok ez du eskatzen erruduna izan daitekeen hori espetxeratzea, baina bai dagokion zigorra ezartzea: «80 urteko pertsona bat ezin daiteke kartzelan sartu, baina uste dugu zigorra jarri beharko litzaiokeela, nahiz eta gero ez bete. Berak lotsa sentitzearekin soilik gustura geundeke». Anadirreko presidentearen esanetan, elkarteak 2.050 bazkide ditu egun, eta oraindik ez dute ez diru laguntzarik ez deus jaso: «Zoritxarrez, pertsona asko hilerrira loreak eramaten aritu da azken berrogei urteetan, eta orain ikusi dute hilobia hutsik zegoela. Onartezina da hori, benetan krudela, eta psikologikoki laguntza edukitzea litzateke logikoena».

«Garai moderno» hauetan politikariek erruki gehiago eduki behar lukete, Barrosoren esanetan. Bartzelonako (Herrialde Katalanak) adibidea eredugarria da, haren arabera: «Bartzelonan salaketa guztiak ikertzen dira, eta hemen horixe bera nahi dugu». Zaragozan (Espainia) kasuei begiratu ere ez zaiela egiten gogorarazi du Anadirreko presidenteak.

Fernando de la Sotilla elkarteko abokatuaren hitzetan, onerako izan da azken hilabeteetako aldaketa politiko-insituzionala, eta kasuak argitzen lagunduko du. Eusko Legebiltzarrari eskatu dio garrantzia emateko haur lapurtuen kasu guztiei: «Batzordearen laguntza beharrezkoa da. Justiziak jakin behar du ez goazela inoren kontra, baizik argia ikusi nahi dugula».

Diaz, legea aldatzearen alde

Argia ikusteko lanean ari den beste bat Flor Diaz SOS Haur Lapurtuak elkarteko presidentea da. Diazek esan du biktimek harresi batekin egiten dutela topo kasu bat preskribatzen duten bakoitzean, eta fiskalei irizpideak bateratzeko eskatu die, «bakoitzak ez dezan legea nahi duen bezala irakurri».

Politikariei ere laguntza eskatu die legedian beharrezko aldaketak egin eta delituen preskripzioa baztertzeko, bestela eginiko lan guztiak baliorik ez duelako: «Jakin beharra daukagu haur lapurtuekin gertatu den guztia, eta eskatzen diogu batzordeari jarraitzeko lanean, hainbat biktima lasai bizi daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.