Udalen osaketa. Hego Euskal Herria

Agintean, abertzaleak nagusiki

Bilboko eta Donostiako alkatetzak ez ezik, Gasteizkoa ere lortu du EAJk, PSEren azken orduko jarrerak arriskuan jarri duen arren.Iruñeak, aurreneko aldiz, alkate abertzalea dauka: Joseba Asiron (EH Bildu)

Gorka Urtaran EAJko kidea (argazkian, eskubian), atzo, Gasteizko alkate aukeratu berritan, udaletxean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2015eko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren ikusmira izanik, Iruñean egin da urrats kualitatibo handiena, aldaketaren aldeko indarrak batu, eta lehen aldiz talde abertzale batek hartu baitu alkatetza: EH Bilduk (Joseba Asironek). Iruñean egon da, beraz, udal inbestidura saioen foku garrantzitsu bat. Baita Andoainen, zeharka Portugaleten eta, haien segida gisa, Gasteizen ere, han Javier Maroto (PP) alkatetza eskuratzear egon baita. Gorka Urtaranek (EAJ) bereganatu du, bozetako hirugarren indarreko buruak; Maroto «arrazista» paretik kentzearren, EH Bilduk, Hemen Gaude-k eta Irabazik Urtaranen alde bozkatu dute.

EAJk eta PSE-EEk ostiralean EAEko udal eta batzar nagusietako ituna itxi ostean, ez zen atzo ustekaberik espero. Baina goizean goiz sortu ziren txispak, hamarretan, Andoainen EAJko hautetsi batek zuri bozkatuz alkate Ana Karrere EH Bildukoa atera zelako. Asko haserretu zen PSE, ez baitzuen alkatetza lortu jeltzaleen botoekin, eta ikusteko zegoen pare bat ordura zer jazoko zen Gipuzkoan bertan beste bi herritan: Astigarragan eta Soraluzen; PSEk EAJ bozkatuz geroz, lehen indar EH Bilduren partez alkatetzara, EAJ. Eta hala gertatu zen.

Baina ordu bertsuan Portugaletik heldu zen ezustea: han zegoen Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia, alkate sozialista izendatzeko saioan, eta adierazi zuen Andoaingoagatik Gasteizen ez ziotela EAJko alkategaiari emango botoa, zurizkoa emango zutela. Aurrez Gasteizko Irabaziko hautetsiak iragarri zuen bere burua bozkatuko zuela. Hortaz, Urtaranek ez zeukan gehiengo osorik. Horra iristeko, boto bat faltazitzaion; EH Bilduren, EAJren eta Hemen Gaude-ren hamahiru zituen. Egoera zailean zen, beraz, Irabazikoa. 14:00etan zen hastekoa udalbatzarra, eta ordu laurden bat falta zela iragarri zuen hark EAJko hautagaiaren alde bozkatuko zuela. Hamalau botorekin hautatu zuten Urtaran. EAJ 1999tik alkatetzan egon gabea zen Gasteizen, Jose Angel Cuerdaren arotik.

Esan zuen Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariak kanpainaurrean: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, eta Gasteiz, Bilbo eta Donostia nahi zituztela. Gasteizen izan ezik, beste denetan EAJ izan zen lehen indarra maiatzaren 24ko udal eta foru bozetan. Gasteizen ere lortu du agintea. Indartsu dago instituzioetan Ortuzarren alderdia, Eusko Jaurlaritzan ere hura baitago. Baina inon ez dauka gehiengo osorik, eta «erakundeen egonkortasuna» du xede; batik bat, azaldu izan duen moduan, krisi garaiotan erabaki instituzionalek «sendotasun» handiagoa izan dezaten. Eusko Legebiltzarreko agintaldi honetako lehendabiziko urtebetean bakar samarrik aritu ziren EAJ eta Iñigo Urkulluren gobernua, eta EAJk 2013ko irailean ituna egin zuen PSErekin; oraingo hitzarmenarekin, udaletara eta batzar nagusietara hedatu du. Aldundietan koalizio gobernuan ariko dira, eta udal askotan ere bai; ikusi egin behar Jaurlaritzan ere hala amaituko duten, nahiz eta legealdia bukatzeko urtebete pasatxo baino ez den falta.

Lizarra-Garazi akordiotik (1998) zeuden EAJ eta PSE horrelako itun bat egiteke. 1987an abiatu zuten lankidetza instituzional egonkorra, baina ordukoaren aldean ahul dago PSE. 1986an,kasurako, EAJren zatiketaz baliatuta, sozialistek lortu zituzten legebiltzarkide gehien EAEko bozetan, baina ez ziren ausartu lehendakaritza hartzera. EAJrekin ituna egin, eta Jose Antonio Ardanza jeltzalea jarri zen lehendakari, 1987 hasieran. EAJ-PSE koalizioen hamarraldiaren hasiera izan zen hura. 1996ra artean, gainera, Espainiako Gobernuan PSOE izan zen (1982tik zegoen).

Joan den maiatzeko hauteskundeek bestelako argazki bat erakutsi dute PSEri dagokionez: 146.000 foru boto Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; laugarren indarra Araban eta Bizkaian, hirugarrena Gipuzkoan. Bederatzi alkatetza baizik ez ditu, haietako lau udalerri handiak diren arren (Portugalete, Irun, Eibar eta Lasarte-Oria). EAJ, berriz, orain 28 urte baino askoz indartsuago dago aginte aldetik. Eta Madrilgo gobernuan ez dago PSOE, PP baizik, urte honen bukaeran errepikatzeko aukerekin. Baina EAJk PSErekin erabaki du hitzarmena egitea. 1987an bezala, gaur egun ere badu EAJk behar bat, adierazi duenez: erakundeen sendotasuna. Urte batzuetarako bidea hasi dutela ematen du. Atzo Gasteizen jeltzaleen alkatetza arriskuan izan zen arren, ez dirudihorrek ezer ezbaian jarriko duenik, uneko haserreak haserre.

Nafarroan, aldiz, udalean ere indar harremanak bestelakoak dira; erregimenaren aldaketaren aldekoak dira nagusi (EH Bildu, Geroa Bai, herritar batasuneko hautagaitzak eta Ezkerra), udalerrietan talde bozkatuenak izateagatik edo euren arteko itunengatik. 30 udalerri handienetako udalak kontuan hartuta, adibidez, Nafarroako biztanleen %57k EH Bilduko, Geroa Baiko edo Ezkerrako kideren bat izango dute alkate. Udalerri haien artean, EH Bildu jarri da alkatetzan Iruñean, Barañainen, Lizarran, Tafallan, Antsoainen, Atarrabian, Berriozarren, Baztanen, Uharten eta Beran; Geroa Bai, Eguesibarren, Zizur Nagusian eta Altsasun; Ezkerra, Tuteran; eta herritar hautagaitza bat, Noainen.

Hiru bloke, baina...

Udal bozek eta udalen osaerak hiru bloke marraztu dituzte. Batetik, abertzaleek indar handia daukate, 1979az geroztikako handiena. EAJk ez ezik, EH Bilduk presentzia nabarmena du: Nafarroan alkatetza ugari, eta garrantzitsuak; Gipuzkoan ia 40 alkatetza (Errenteria, Hernani, Andoain, Azpeitia...); Araban Gasteizen pisu handia dauka, eta herrialdean Laudion ere badu agintea; kualitatiboki eskasen, Bizkaian dago (Bermeo du alkatetza nagusia). EAJk 1.019 udal hautetsi ditu, EH Bilduk 1.195 eta Geroa Baik 59. Hiruren artean, 2.273.

Bloke konstituzionalistaren (PSE/PSN, PP, UPN) udal pisua asko murriztu da. Haien esku ez dago hiribururik (azken legealdian, Gasteiz eta Iruñea), eta Hegoaldeko ondorengo hamar udalerri handienen artean, bakarra (Portugalete). PPk zartada jaso du: hiru alkatetza baizik ez ditu (Araban). UPN Iruñea, Tutera edo Iruñerria gabe geratu da. PSEk eta PSNk 411 hautetsi dituzte, UPNk 281 eta PPk 100. Denera, 792.

Bada beste bloke bat: Ahal Dugu-k sustatutako hautagaitzak, Irabazik eta Ezkerrak ez dute udal indar handirik (bien artean 50 hautetsi eta alkatetza bat), baina eremu batzuetan erabakigarriak edo garrantzitsuak dira: Nafarroan eta Araban, batez ere.

Dena dela, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bloke abertzalearen nagusitasuna ez da bere ahalmen osoarekin garatuko erakundeetan, EAJ-PSE itunagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.