Aginte makila hartu du Asironek

EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak agintetik kendu dute Ibarrola, eta Joseba Asiron egin dute alkate. UPNk «konplize zintzo eta txotxongilo» izatea aurpegiratu die hautetsi sozialistei eta Iruñeari «traizio egitea».

Joseba Asiron
Joseba Asiron, alkate izendatu berritan, aginte makila esku artean duela. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2023ko abenduaren 28a
20:00
Entzun

Ezohiko osoko bilkuran, aurreikusitako gidoia bete da. UPNkoek bere haserreari eutsi diote, eta PPkoek hautetsi sozialistei matxinatzeko eskatu diete, baina ez da halakorik gertatu. EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa udal taldeetako hamabost zinegotziek zentsura mozioaren alde bozkatu dute, eta, ondorioz, abenduaren 13an adierazitako konpromisoa bete da. Areto barruan irekirik zen leihatilatik Udaletxe plazako ospakizunen oihartzuna entzuten zen bitartean, Asironek aginte makila hartu du. Hiru urte eta erdi ditu aurretik haren udal gobernuak.

Ordubete lehenagotik, jende andana elkartu da plazan. Udaletxe barruan, areto nagusiko gonbidatuen lau harmailak kazetariz beteta zeuden. Euren zinegotziei babesa adierazteko udaletxean izan dira alderdietako buruzagi nagusiak, baina beste toki batetik entzun behar izan dute: besteak beste, Javier Esparza UPNko presidentea; Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroako koordinatzailea, Laura Aznal parlamentaria eta Bel Pozueta diputatua; Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkaria; eta Laura Funes PPko Antolakuntza idazkaria eta Javier Garcia Nafarroako burua.  

«Ez dugu hitza hartu nahi izan. Ez zen momentua. Zorionez, kalean dugu erantzuna; kaleak hitz egin du argi eta garbi».

JOSEBA ASIRON Iruñeko alkatea

Hamabietan ekin diote osoko bilkura bereziari. Adineko mahaiari egokitu zaio saioa gidatzea, eta, hautetsi zaharrena izaki, Geroa Baiko Koldo Martinezek zuzendu du dena. Bi protagonistei eman die hitza. Bakoitzak sei minutu zituen, eta Asironek uko egin dio hitza hartzeari.

Polemika antzua

Orduan piztu da polemika. UPNko Maria Caballerok Martinezi leporatu dio «alde bakarreko erabakia hartu» duela, hitz egiteko tartea hasieran aurreikusitako hamar minutuetatik seira murriztu duelako. Neurri hori legez kanpokoa dela salatu eta salaketa jartzearekin egin du mehatxu. UPNko protesten harira, udal idazkariak baieztatu du mahaiburuak baduela ahalmen hori. Bilkura amaituta, Martinezek azaldu du hamar minutu «gehiegi» zirelako eta bilkura luzatu zitekeelako hartu duela erabaki hori.

Polemika antzua izan da, Ibarrolak hamar minutuz hitz egin ahal izan baitu. Bere diskurtsoan, «Judas Iskariote» deitu dio Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari, eta zentsura mozioa PSNk egindakoa «traizio doilorra» izan dela esan du. Jarraian bere aurrean esertzen ziren hautetsi sozialistak bi aldiz banan-banan izendatu ditu, eta mozioaren bozketaren aurrean aurpegiratu die «konplize zintzo, aseptiko eta txotxongilo» izatea: «Historiara pasatuko zarete hatza beherantz biratu eta Iruñeari traizio egiteagatik».   

PSNko Marina Curielek erantzun dio sei hilabeteotan «larderiaz» jokatu duela: «Elkarrizketa eskaerei entzungor egin diezu, gainerako taldeak mespretxatuz, nahiz eta gutxiengoa izan. Inoiz ez duzu akordiorik egin nahi izan, eta, hala, hiriak aurrera egin dezan eragotzi duzu». Behin bilkura amaituta, Curielek gogoratu du bere udal taldearen botoak funtsezkoak izango direla. «Iruñeak aurrera egiteko giltza gara».  Alzorrizek esan du zentsura mozioa «iragana» dela, eta euren helburua dela 2027an udal gobernua zuzentzea.

«Elkarrizketa eskaerei entzungor egin diezu, gainerako taldeak mespretxatuz, nahiz eta gutxiengoa izan».

MARINA CURIELPSNko hautetsia

PPko Carlos Garcia Adanerok alderdiaren aginduei men ez egiteko eskatu die hautetsi sozialistei. «Sanchezek eman du agindua, baina, kontuz, erabakia zuek hartu duzue. Desberdin bozkatu daiteke zuek boto emaileei beste gauza bat esan zenietelako. Gogorra da, baina egin daiteke».

Zurekin Nafarroako Txema Mauleonek «historikotzat» jo du zentsura mozioa, eta UPNri eta PPri eskuin muturraren estrategiarekin bat egitea egotzi die. «Ideologikoki urrun egonagatik, inoiz ez dut zalantzarik izan hemen diren eskuineko bi alderdiak demokratikoak zirela. Gogoeta egiteko eskatuko nieke. Bere adierazpen eta irainekin, demokraziaren balioak sendotzen ari dira, ala guztiz kontrakoa egiten ari dira?».

«Ulertzen dugu benetan galtzen duenaren pena eta irabazten duenaren poza, baina demokraziaren funtsa berresten dugu».

KOLDO MARTINEZGeroa Baiko hautetsia

Hitzaldiak amaituta, banan-banan deitu dituzte hautetsiak, eta ahoz bozkatu dute. Koldo Martinezek Joseba Asiron alkate izendatu eta hari eman dio aginte makila. Bilkura amaituta, udal gobernuko kideek argazki bateratua atera dute, eta, ondoren, Asiron balkoira atera da.

Galdu duenarekiko enpatia

Prentsaurrekoan, Asironek arrazoitu du nahiago izan dutela isilik geratu azken egunetan UPNk erabilitako hitz gogorren aurrean: «Ez zen momentua. Zorionez, kalean dugu erantzuna; kaleak hitz egin du argi eta garbi». Asironek ulertzen du UPNren haserrea eta tristezia, baina eskatu dio bere onera itzultzeko. «Enpatia sentitzen dut aginte makila galdu duenaren atsekabearen aurrean. Ni ere hortik igaro naiz, eta politikan aritzen garenok badakigu prest egon behar dugula batzuetan goian egoteko eta beste batzuetan, ez hain goian». Nahiz eta oposizio irmoa egingo dutela badakien, errespetuz egitea espero du, eta eskua luzatu die UPNri zein PPri.

Antzera  aritu da Geroa Baiko Koldo Martinez ere, eta demokraziaren joko arauak errespetatzea galdegin dio UPNri: «Ulertzen dugu benetan galtzen duenaren pena eta irabazten duenaren poza, baina demokraziaren funtsa berresten dugu». Hala, Ibarrolari gogorarazi dio hobe dela hamabost zinegotziren babesa duen alkatea, 11rena soilik duena baino.

Osoko bilkura hasi baino ordu erdi lehenago, 11:30ean, beste saio bat antolatu da. Udal gobernu berriko hiru taldeek arratsalderako zuten deitua, baina UPNk urteari amaiera emateko presazko bilkura egin du. Aho batez onartu da AVT biktimen elkarteari 3.000 euroko laguntza onartzea. Gainera, 2024ko lurralde ekarpenaren zerga araua aurrera atera da UPNren eta PPren abstentzioarekin —UPNk proposatutako araua abenduaren 13an zen onartzekoa, baina bilkura hori bertan behera utzi zuen Ibarrolak mozioaren berri jakin ostean—. Azkenik, hautetsi ez izateko PSNko Tomas Rodriguezen eskaera aintzat hartu dute.

Cristina Ibarrola, osoko bilkuran. IÑIGO URIZ / FOKU
Cristina Ibarrola, osoko bilkuran. IÑIGO URIZ / FOKU

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.