Agerraldiak eta mugikortasuna (eguneko laburpena)

Lau positibo gehiago atzeman dituzte Basurtuko Ospitaleko agerraldiarekin lotuta. Txagorritxuko Ospitaleko agerraldiari dagokionez, hiru positibo berri atzeman dituzte.

Pertsona bat kalean, maskara jantzita. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko ekainaren 11
19:26
Entzun

Erkidegoen arteko mugikortasuna mugatuta jarraituko du datorren astean ere. Beraz, ezarrita dauden salbuespenak kenduta, Nafarroako biztanleak ezin izango dira mugitu Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara, eta azken lurralde hauetako biztanleak ezin izango dira joan Nafarroara. Bien bitartean, Bruselak Europako Batasuneko estatuen arteko mugak ekainaren 15ean irekitzeko gomendatu du. Baliteke lehenago mugitu ahal izatea iparraldearen eta hegoaldearen artean, hegoaldeko bi esparru administratiboen artean baino. 

Gainera, Kantabriako Gobernuak uko egin dio astelehenean Bizkaiarekiko muga irekitzeari, Basurtuko ospitaleko agerraldi berriaren ondorioz. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak datorren astelehenean aztertuko du alarma egoerari eusten dion edo ez. Ekainaren 21an amaitzea aurreikusita dago, baina lehenago bukatutzat ematea badagoen baloratuko du.

Ospitaletako agerraldiak. Lau positibo gehiago atzeman dituzte Basurtuko Ospitaleko agerraldiarekin lotuta. Guztira 798 PCR proba egin dituzte eta 29 pertsona kutsatuta aurkitu dituzte: 11 profesional, 11 paziente eta 7 bisitari. Pazienteetako bi hil dira. Txagorritxuko Ospitaleko agerraldiari dagokionez, hiru positibo berri atzeman dituzte. Beraz, guztira zazpi kasu dira: hiru paziente, profesional bat eta hiru bisitari edo kontaktu estu. Bigarren paziente positiboa atzo arratsaldean hil zen. 

Eguneko datuak. Atzotik PCR proba bidezko positibo kopurua pixka bat jaitsi da. 17 kasu atzeman dituzte,  bat Araban, 12 Bizkaian eta lau Nafarroan. EAEko oinarrizko birsokuntza tasak, hala ere, altu jarraitzen du (R0 = 1,88). Hildakoak bost izan dira (lau EAEn eta bat Nafarroan). Guztira, 2.112 pertsona hil dira gaur arte, koronabirusaren gaitzarekin lotuta. Ospitaletako egoerari dagokionez, ospitaleratze berri bat egon arren, ospitaleratuen kopurua jatsi da, baita zaintza intentsiboetako unitateetan dauden pertsona kopurua ere (25, atzo baino bi gutxiago).

Agian honek ere merezi du

Hedabideen diagnostikoa. Hekimen euskarazko herri ekimeneko hedabideen elkarteak sektorearen diagnostikoa egin du, koronabirusaren krisiaren eragina neurtzeko asmoz. Batetik, inoiz baino euskaldun gehiagorengana iritsi dira euskal hedabideak, gehienbat sarean. Bestetik, arazo ekonomikoak areagotu dira, publizitatea nabarmen gutxitu delako itxialdiarekin batera. Igor Astibia Hekimen elkartearen koordinatzaileak kezka nabari du sektorean, baina baita aurrera egiteko gogoa ere. Astibiaren ustez, herri ekimeneko euskal hedabideen indarra herritarren babesean dago.

Hileta martxa. Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek erakundeen abandonua eta langabeziaren igoera larria salatu dute. Sindikatu bat osatuko dute laster. Haien egoera kalera eramango dute, ekainaren 12an mobilizazioak egingo dituzte hiruburuetan eta hurrengo egunean kulturaren "hileta martxa" egingo dute Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzara.

Oharra: Koronabirusaren krisiari buruzko eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu buletinera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.