Agerraldia taldea sortu du Errigorak, Nafarroan euskara sustatzeko asmoz

Hizkuntzaren ezagutza zabaltzea, erabilera handitzea eta aldekotasuna indartzea izango du xede

Egun osoko jaialdia egin zuten atzo Tafallan, Agerraldia aurkezteko. I. Z. / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Erromatarrek ager vasconum izendatu zuten euskararen lurraldearen hegoaldea, eta, orain, «agerraren aldia» abiatu nahi dute eremu horretan, «Nafarroaren lur beroen sabel emankorrean». Euskara sustatzeko proiektu berri bat jaio zen atzo Nafarroan, Errigoraren bidez: Agerraldia. Erromatarrek adierazitako ager-ean eragin nahi dute, lurraldearen erdialdean eta hegoaldean: «Cortestik Garesera eta Vianatik Zangozara». Egitasmoaren xede nagusiak izango dira euskararen ezagutza zabaltzea, erabilera handitzea, eta hizkuntzaren aldekotasuna indartzea, eta, horretarako, inguru horretako «euskaldunen, euskaltzaleen eta eragileen arteko sarea» sendotzea. «Askotariko gaiak, pertsonak, eragileak eta ekintzak bultzatu, lagundu eta sustatu nahi ditu Agerraldiak», adierazi dute.

Euskara, auzolana eta elikadura burujabetza uztartuta, Nafarroako Erriberako produktuak saltzen ditu Errigorak —oliba olioa eta kontserbak, batik bat—, eta zona horretan euskara sustatu nahian diharduten eragileei ematen dizkie irabazi ekonomikoak. Besteak beste, AEK, Ikastolen Elkartea eta Sortzen lagundu dituzte, eta, hemendik aurrera, Agerraldia elkartea batuko da zerrendara. Izan ere, azken urteetako bidean Errigorako kideei piztutako kezka batetik sortu da proiektua: «Euskarari puzka kanpaina amaitzen bada, zer geldituko da zona honetan euskalgintzan?».

Ezinegon horretatik abiatutako prozesuak Agerraldia taldearen forma hartu duela azaldu dute Errigorako kideek. Aurrerantzean «bide propioa» izango du, «zona honetan euskararen alde ari diren ekimenak indartzeko eta berriak lortzeko».

Alor ugaritan jardutera

Hiru zereginen inguruan arituko da elkarte berria: batetik, euskara ezagutzeko aukerak lagundu eta handitu; bestetik, euskara erabiltzeko espazioak sortu eta egonkortu; eta, azkenik, euskararen aldeko jarrerak indartu eta suspertu. Eremu ugaritan jarduteko asmoa du Agerraldiak: kulturan, aisialdian, kirolean, lan arloan, hedabideetan, irakaskuntzan, sare sozialetan...

Tafallan eman zioten atzo ongietorria egitasmoari, egun osoko jaialdi baten bidez: kalejira, dantzariak, erraldoiak eta jotak izan zituzten. Kontzertuak ere antolatu zituzten, baina lekuz aldatu behar izan zituzten, Pasadizo tabernan herenegun izandako sutearen ondorioz —nahita eraso egin ote zioten ikertzen ari dira—.

Goizean, gainera, Errigorak salgai ipini zituen bere saskiak; hain justu, aurki jarriko du martxan udazkeneko Euskarari puzka kanpaina, eta iragarri du diru ekarpenaren parte bat Agerraldiarentzat izango dela: «Saskiak eskatuta egin dakioke putz Agerraldiari». 2013tik 2018ra, 800.000 euro helarazi zizkieten euskara «zigortuta» dagoen eremuetan lanean ari diren eragileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.