Agerian geratu da trama

Sententziaren zain geratu da 'De Miguel auziaren' epaiketa. Hiru auzipetu nagusiek «errugabe» direla berretsi dute azken saioan. Hilabeteak beharko dituzte epaia jakinarazteko

Alfredo de Miguel, Gonzalo Susaeta abokatuarekin, atzo, Arabako Probintzia Auzitegira sartzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
edurne begiristain
2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Iaurtebeteren ostean, amaitu da De Miguel auziaren epaiketa, eta sententziaren zain geratu da. Atzo bukatu zen Arabako Probintzia Auzitegian EAJko hainbat kide ohik ustez gidatutako legez kanpoko komisioen tramari buruzko ahozko epaiketa. Joan den urtarrilaren 8an abiatu zenetik, akusatuen eserlekuan eserita egon dira auziarekin lotutako 26 auzipetuak. Besteak beste, Alfredo de Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJko ABBko burukide ohiak epaitu dituzte. Hamaika delitu leporatzen dizkiete; tartean, eroskeria, dirua zuritzea eta prebarikazioa.

Azken hitza hartzeko aukera izan zuten atzo auzipetuek, eta euren «errugabetasuna» aldarrikatzeko baliatu zuten hiru akusatu nagusiek. Inoiz «gaizki» jardun duela aitortuta ere, ez duela inoiz deliturik egin, eta ez dela legez kontra aritu azpimarratu zuen De Miguelek. Delitu oro ukatu zuen, halaber, Telleriak, eta «gaizki egindakoengatik» barkamena eskatu zuen hitza hartu zuenean. «Errugabe» dela esan zuen Otxandianok ere. Akusatu ia guztiek hartu zuen hitza atzoko saioan. Askok azpimarratu zuten epaiketa «gogorra» eta «luzeegia» izan dela, eta akusatuen aulkian eserita egoteak «sufrimendua» eragin diela.

Epaiketa amaituta, hilabeteak pasatuko dira epaia jakin arte. Auzia konplexua da, nahasia, ertz ugarikoa, eta, beraz, Jaime Tapia buru den epaimahaiak denbora beharko du sententzia idazteko. Hori hala, «lasai hartzeko» eskatu zuen atzo Tapiak.

2009ko abenduan eman zen argitara De Miguel auzia; gaur-gaurkoz, Euskal Autonomia Erkidegoan epaitu den ustelkeria kasurik handiena. Ainhoa Alberdi abokatu eta enpresariak fiskaltzaren aurrean jarritako salaketa batek ezagutarazi zuen afera, hark salatu baitzuen Alfredo de Miguelek eta Aitor Telleria ABBko kide ohiak 100.000 euroko komisioa eskatu ziotela Arabako Miñaoko Teknologia Parkearen hedapena kudeatzeko Urbanorma izeneko enpresa bati emandako kontratu batengatik.

Ia urtebete iraun zuten ahozko saioek, eta agerian utzi dute De Miguelek ustez gidatutako gaizkile sarea korapilatsua dela, eta ustezko iruzurraren tamaina, handia.Epaiketatik pasatu diren zenbait lekuko eta akusaturen deklarazioak gakoak izan dira, eta legez kanpoko komisioen trama bat azaleratzen lagundu dute.

LEKUKOEN DEKLARAZIOAK

Urtarrilean epaiketa hasi zenetik, uda bitartean, ehunka lekuko eta dozenaka peritu pasatu ziren Arabako Probintzia Auzitegitik. Lekuko horiei esker jakin diren datuek agerian utzi zuten ustezko ustelkeria sarearen tamaina. Besteak beste, deklaratu zuten De Miguelek 25 sozietate inguru sortu zituela propio iruzur egiteko, gehienak senideen izenean eratu zituela, sozietate askok ez zutela langilerik eta ez zutela izena emana Gizarte Segurantzan. Kataia, Errexal, Ortzi Muga eta Eskamelo S.L. enpresak hamaika aldiz aipatu dira epaiketan, ustez akusatuek haiei esleitu zizkietelako lanak nahieran, eta komisioak jaso zituztelako horien truke.

AKORDIOA FISKALTZAREKIN

Irailean ekin behar zioten inputatuek deklaratzeari, baina, hil horren amaieran, fiskalak epaileari eskatu zion bi asteko epea emateko akusatuekin negoziatzeko eta aztertzeko zer aukera zeuden akordioa egiteko. Hilabete igarota, inputatu nagusiekin —Alfredo de Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandianorekin— akordiorik lortu gabe hasi zen berriz epaiketa. Hala ere, beste bederatzirekin akordioa erdietsi zuen fiskalak: haiek delituetako batzuk onartzearen truke ordura arteko zigor eskariak murriztea adostu zuten.

INPUTATU NAGUSIEN TESIA

Horiek hala, urriaren 15ean hasi ziren akusatuak deklaratzen. Hiru inputatu nagusien estrategia akusazio oro ukatzea izan zen. Alfredo de Miguelek deklaratu zuen ez duela inoiz eskatu edo onartu komisiorik kontratu publikoak adjudikatzeagatik, eta ez duela zerikusirik leporatzen dizkioten delituekin. Deklarazioetan salatu zuen «manipulatuta» dagoela Ainhoa Alberdi enpresariari komisioa eskatu ziola frogatzen duen audioa, eta ez duela bere burua identifikatzen hark 2009an Ertzaintzaren esku utzitako grabazioetan. Alberdiren Urbanoma Consulting enpresari eman zioten Miñaoko Parke Teknologikoa zabaltzeko obra batzuk egiteko kontratua, baina De Miguelek ukatu egin zuen berak negoziazioetan eta kontratazioetan parte hartu izana.

Defentsa estrategia berari eutsi zioten Aitor Telleria EAJren ABBko kide ohiak eta Koldo Otxandiano EAJko kide ohiak ere, akusazio oro ukatuta. Telleriak «asmakeriatzat» jo zuen De Miguel auzia, eta baieztatu zuen ez duela «behin ere jaso komisiorik». Otxandianok ere ziurtatu zuen ez dagoela «dokumentuen babesik» legez kanpoko komisioak jaso zituztela frogatzeko.

DELITUEN AITORTZA

Akusatu nagusiek ez bezala, bederatzi auzipetuk aitortu egin zuten komisioak ordaindu eta jaso izana. Fiskaltzak haiekin lortutako akordioari esker aitortu zituzten irregulartasunak. Haien deklarazioak funtsezkoak izan dira epaiketan.

Azaroaren 5ean deklaratu zuen Josu Arruti Sidepur enpresako administratzaileak. Bera izan zen legez kanpoko komisioak jasotzea onartu zuen lehenbiziko akusatua. Hark aitotu zuen De Miguelek eta biek Riera eraikuntza enpresako legez kanpoko komisioak jaso zituztela Zanbranan (Araba) industrialde bat sortzeko kudeaketa lanak egitearen truke. Arrutik azaldu zuen De Miguelek 2005ean proposatu ziola Riera taldeari 161na mila euro eskatzea, eta eskaera onartu egin zuela enpresako arduradunetako batek, Francesc Fernandez Jovalek.

Hain justu, Fernandez Jovalek ere berretsi egin zuen Arrutik esandakoa. Construcciones Riera enpresako buruak deklaratu zuen 160.000 euroko komisioa pagatu ziela Zanbranako (Araba) industrialdearen proiektua «dinamizatzeko».

FISKALTZARENONDORIOAK

Josu Izagirre eta Manuel Pedreira fiskalak behin betiko ondorioen txostena argitara ematen hasi ziren azaroaren 13an. Zalantzarako tarterik ez zuten utzi txostenean. Izan ere, fiskalek frogatutzat jo zuten De Miguelek «enpresa sare» bat sortu zuela, Otxandiano eta Telleriarekin batera, legez kanpoko komisioak kobratzeko, kontratu publikoak esleitzearen truke. Oso argi eta gogor mintzatu zen Izagirre ondorioetan: auzipetuak erakunde publikoetatik dirua lortzeko «mafia» baten modura aritzen zirela adierazi zuen, eta sare horretan De Miguel «aitabitxia» zela, eta Otxandiano, berriz, «buru ekonomikoa». Haren arabera, «trama kriminal bat» osatu zuten akusatuek, eta kontratu publikoak-eta lortzeko «koakzioak» erabiltzen zituzten. «Inpunitatez» aritu izana ere egotzi zien.

Arabako Foru Aldundiarentzat ere hitz gogorrak izan zituen Izagirrek; haren ustez, auzian nahasitako enpresen jarduera «susmagarria» zen, eta aldundiak erraz asko erabaki zezakeen horiek ikertzea, horrelakorik egin ez zuen arren.

ZIGOR ESKAERA BERRIAK

Behin betiko ondorioekin batera berrikusi zituen fiskalak zigor eskaerak, eta guzti-guztiei murriztu zizkien zigorrak, akordioa lortu zutenei zein onartu ez zutenei. Hiru akusatu nagusiei erdira murriztu zizkien hasieran eskatutako espetxe zigorrak. Zehazki, 54 urte eta 11 hilabeteko espetxe zigorra eskatua zuen fiskaltzak De Miguelentzat, eta, orain, 29 urte eta bederatzi hilabetekoa da eskaera. Kartzelaldia ez ezik, 1.185.306 euroko isuna ere eskatu du fiskalak De Miguelentzat. Beste hainbeste laburtu zizkieten zigorrak Otxandianori eta Telleriari ere: 32 urte eta bi hilabeteko zigorrari egin behar zioten aurre lehen, eta hamahiru urteko espetxealdia eskatzen du fiskaltzak orain.

Handia da hasiera hartako eta oraingo honetako espetxe zigor eskarien aldea, kontuan hartuta akusatuek hilabete lehenago fiskalarekin akordioa lortzeari uko egin ziotela eta fiskaltzak eutsi egin diela eroskeriaren, prebarikazioaren, derrigortzearen eta diru publikoa bidegabe erabili izanaren akusazioei.

Fiskaltzarekin negoziatu eta akordioa lortu zuten gainerako akusatuei, berriz, are gehiago murriztu dizkiete zigor eskaerak. Akusatu nagusien emazteentzat,Ainhoa Bilbao, Araceli Bajo eta Iratxe Gaztelu-Urrutiarentzat, fiskalak bost urteko kartzela zigorra eskatu du, komisioak kobratzeko ustezko sarean parte hartzeagatik. Zazpi urte eskatu dituIñaki Etxaburu eraikitzailearentzat, eta beste bost urte Alfonso Arriola Miñaoko parkeko arduradunarentzat. Fiskalarekin akordio bat egin dutenen artean, Josu Arrutik du zigor eskaerarik handiena: bi urte eta bederatzi hilabete. Fiskaltzak absoluzioa eskatu du, bestalde, sei lagunentzat: Francesc Fernandez Joval, Placid Casas, Joaquim Sabater, Ramon Tomas, Estibaliz Arruti eta Gorka Errastirentzat. Eta inhabilitazioa, berriz, Gurutz Larrañagarentzat eta Justina Angulorentzat.

BESTE ONDORIO BATZUK

Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren abokatuek ere delitu zantzuak antzeman dituzte euren ondorioen txostenetan. Eusko Jaurlaritzako abokatu Javier Otaolak bat egin du fiskalaren tesiekin, eta uste du «frogatuta» geratu dela dirua «bidegabeki» erabili zuela Sanchez Robles- ek. Ordea, Gurutz Larrañaga sailburuorde ohia akusaziotik kanpo utzi du behin betiko ondorioetan. Hasieran hura ere akusatu zuen arren, orain Otaolak uste du Larrañaga «uste onaren iruzurraren biktima» izan zela. Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin du tesi horrekin.

Hala, Jaurlaritzako abokatuak 146.230 euro ordaintzeko eskatu die Sanchez Roblesi, Alfredo de Migueli, Koldo Otxandianori, Iñaki San Juani, Josu Montesi eta Aitor Telleriari.

AKUSATUEN DEFENTSA

Akusatu nagusien defentsek ere euren ondorioak eman dituzte epaiketan. Hasierako tesiari eutsi diote; goitik behera ukatu dituzte fiskalaren akusazioak; eta hiru inputatu nagusien absoluzioa eskatu dute. Epaiketan maiz egin bezala, berriro eskatu dute froga guztiak baliogabetzeko, argudiatuta prozedura osoan «irregulartasun» ugari egon direla eta frogak «manipulatuta» daudela.

Alfredo de Miguelen abokatu Gonzalo Susaetaren iritziz, akusatuen oinarrizko eskubideak hasieratik urratu dira, «epaiketa paralelo bat» egon delako, instrukzio fasetik indarrean egon dena eta prozesu osoan eragina izan duena.

Fiskaltzarekin akordioa lortu ez duten akusatuen defentsek, bestalde, absoluzioa galdegin dute euren defendatuentzat. Antzeko argudioak erabili dituzte denek: ez zutela «inolako irregulartasunik» egin, Ainhoa Alberdiren lekukotzak ez duela «sinesgarritasunik» eta Ertzaintzaren ikerketan «akatsak eta gabeziak» egon zirela.

Jon Etxaburu enpresariaren abokatuak, gainera, kereila bat iragarri du Josu Izagirre fiskalburuaren aurka, bere defendatua «umiliatzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.