Lau estatu, bi enpresa eta familia bat zigortu zituen larunbatean Emakumeen Eskubideen Auzitegiak. Abortatzeko eskubidea, indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea eta bizimodu duina edukitzeko eskubidea urratzeaz errudun direla ondorioztatu zuen epaimahaiak, eta eskubideok betetzeko gomendioak eman zizkien, zazpi orriko ebazpen batean. Auzioi buruzko testigantzak, akusazioak eta argudioak entzun zituzten bi egunez Bilbon, Mugarik Gabe GKEak eta hogei talde feministak baino gehiagok antolatutako ekintzan. Kondena sinbolikoak izan arren «lanerako abiapuntu» direla azaldu du Joana Etxanok (Bilbo, 1980).
Vienan 1993an egin zuten lehen Emakumeen Eskubideen Auzitegia. Zein ibilbide izan ohi dute halakoek?
Ekintza ez zen larunbatean amaitu: auzitegia prozesu luzeago baten atal bat da. Orain eragin politikorako tresna bat daukagu, auzitegi batek egina, eta norantz jo aztertu behar dugu.
Ebazpena tresna bat dela aipatu duzu. Zein pisu du auzitegi batek egin izanak?
Salaketa, testigantza eta eskaera guztiak entzun eta gero, epaimahaiak abagune global batean kokatu ditu urraketak: sistema patriarkal, kapitalista eta militaristan. Sistema horrek ez du bizitza jartzen erdigunean, etekin ekonomiko eta finantzarioak baizik. Ebazpenak nabarmendu du mundu guztian urratzen direla andreen eskubideak, baina zigorrak urraketa zehatzengatik jartzen dituzte. Horren oinarrian daude nazioarteko araudi, adierazpen eta hitzarmenak, zein estatu bakoitzeko legeak eta konstituzioak. Hau da, ez dira guk asmatuak; oinarri politikoa eta legezkoa dute.
Espainiako Gobernuak abortuaren legea aldatu nahi duela eta, adostasun dokumentu gisa erabil daiteke ebazpena?
Baietz uste dugu. Epaimahaiak esan du halako legeek emakumeen eskubideak urratzen dituztela, abortatzeko eskubidea ez ezik, duintasunerako, baita norbere gorputzaren gainean erabakitzeko edota erlijioa askatasunez aukeratzeko eskubidea ere. Eta fiskalaren akusazioan eta aditu baten txostenean oinarrituta egin du baieztapena.
Ebazpenak dio emakumeen eskubideen urraketak sistematikoak eta egiturazkoak direla, eta batzuetan, legezkoak ere bai. Hala antzeman duzue testigantzetan?
Bai. Adibide gisa jar daiteke El Salvadorko Estatuak ez duela inolako aborturik baimentzen. Baina beste kasu batzuk naturalizatuagoak dauzkagu, eta, horren adierazgarri, etxeko langile baten testigantza izan genuen: emakumeak adineko bat zaintzen zuen, eta bere lan egoeran bazeuden eskubide urraketa itzelak, besteak beste, lan erregimen berezia zuela. Bizitza arriskua jartzen duten urraketak zein jartzen ez dutenak normaltzat ez jotzeko eskatu dute lekukoek.
Hain justu, Espainiako Gobernuari ezarritako zigorretan zein gomendioetan etxeko langileei eta zaintzari buruzko atalak daude.
Bai, argi geratu delako ez direla inoiz euren eskubideak bermatu: oso baldintza prekarioak dituzte, euren lana ez da baloratzen eta oso diru gutxiren truke egiten dute. Beste kasu batean, emakume batek auzitegi arrunt batera jo zuen bere lana eta bizitza pertsonala bateratu ahal izateko, eta auzitegiak enpresaren beharra lehenetsi zuen.
Epaitegiei eginiko beste kritika bat: genero indarkeria kasu batean, bikotekideari erasotzea egotzi zioten bere burua defendatu zuen andre bati.
Oso latza da, biktima izatetik erasotzaile izatera pasatu zelako, fiskalak hala erabakita. Asko eztabaidatu da genero indarkeriaren aurkako legedia nahikoa den ala ez, baina kasu hori harago doa, legea interpretatzeko eta egoera aztertzeko moduan baitago auzia. Aukeratu ditugun kasuak ez dira bakanak, eta aipatutako hori ere gero eta gehiagotan gertatzen da.
Horrelakoak azaleratzeko behar dira auzitegi sinbolikoak?
Salaketak modu askotara egin daitezke. Guk auzitegi sinbolikoaren tresna erabili dugu, justizia arruntak dituen erreminta berdinak erabiliz, baina ikuspegi feminista gehituz. Agerian geratu da justizia batzuetan ez dela justua, beste ikuskera bat duen justizia behar dugula, eta egin daitekeela.
Guatemala, El Salvador eta Kolonbiako hainbat kasu ere ekarri dituzue, pobreziarekin, abortuarekin edota gatazka armatuarekin lotuta. Zein garrantzi izan dute nazioarteko testigantzek?
Batetik, agerian utzi nahi izan dugu emakumeen eskubide urraketak mundu osoan gertatzen direla eta kausak berdinak direla, nahiz eta urraketak gauzatzeko moduak desberdinak izan eta batzuk besteak baino gogorragoak izan. Bestetik, garrantzitsua iruditzen zaigu lekuen arteko lotura ikusaraztea: hemen egiten diren gauzek beste herrialdeetako biztanleengan eragiten dute. Adibidez, Guatemalan dagoen enpresa hidroelektrikoa Espainiakoa da, eta zigorretan zein gomendioetan bi estatuak aipatzen dira, Espainiako Gobernuak sustatu egin duelako bertako enpresa bat hara joatea, jakinda eskubideak urratuko dituela.
Andreei hitza emanez, auzitegia jabekuntza espazio bihurtu nahi izan duzue?
Oro har, ekintza politikoez eta adituez ari garenean, gizonek dute hitza, espazioa eta boterea. Auzitegian, bai barne lanean, bai epaimahaian —sei andrek eta gizon batek osatua—, bai testigantzetan, emakumeei espazio publiko eta politiko bat eman nahi izan diegu, euren iritziak eta aldarrikapenak egiteko, normalean andreek ez daukagulako halakorik.
Joana Etxano Gandariasbeitia. Mugarik Gabeko kidea
«Agerian geratu da bestelako justizia egin daitekeela»
Andreen eskubideen urraketak epaitu ditu auzitegi sinboliko batek Bilbon. Zigorrak eta gomendioak biltzen dituen ebazpenak zein bide duen aztertuko dute orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu