Verter Recyclingen sarreran kontrol gutxi zegoela argi erakusten du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zabortegien 2018ko txostenak. Paper lohien zirrikitu legalaz haratago, agerikoak diren hainbat irregulartasun egin, eta aurkeztu zizkion Eusko Jaurlaritzari. Iazko ekainean eginiko azterketa batean 23 arau hauste aurkitu zituzten Verterren, baina Ingurumen Sailak ez zuen haiei buruzko argibide handirik eman, «egonkortasunarekin zerikusirik ez zutela» baino ez. Urteko memorian Verterrek debekaturik zituen 26 motako zaborrak hartu zituela ageri da —2013ko ingurugiro baimenaren zerrendaren arabera—, guztira pilaturiko tonen %10 inguru —Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zabor gehien jaso zuen zabortegia izan zen, ia 554.000 tonarekin—. Testigantza anonimoei kasu eginez gero, gehiago lirateke, baina epaitegiko ikerketaren ondorioetara itxaron beharko da horiek ezagutzeko.
Esaterako, plastiko ugari zegoen. Han lan eginikoek esaten dute ohikoa zela plastikoa ikustea, eta plastikozko ontzien letrak irakur zitezkeela lurrean. Plastikoa birziklatzea, ahal den heinean, obligazioa da; horregatik ezin da zabortegi batean agertu. Bada Verterren, 2018an, 8.536.400 kilo plastiko sartu ziren, LER kode ezberdinetan bananduta. Gehienak, hori bai, kautxuarekin nahastuta. Plastikoaren bolumena neurtzea ez da erraza, mota askotakoak baitaude, baina BERRIAk jakin ahal izan duenez, plastiko lehorra bada, metro kubo batean 50 eta 200 kilo artean bil daitezke; aldiz, hezea badago, 400 kilo ere izan daitezke. Bada kalkulua 200 kilorekin eginez gero, 42.600 metro kubo plastiko ateratzen dira, edo beste modu batera azalduta, hamazazpi olinpiar igerileku.
Irakurri gehiago: Verterren lokatzezko erraiak
Beste arau hauste handietako bat obra hondakinena da. Normalean balorizatu beharrekoak dira, baina Verterrek hartzeko baimena zuen, zabortegi barneko trinkotze lanetan erabiltzeko. Baimenak, baina, muga bat zuen: jasotzen zuenaren %10 izan zitekeen asko jota, eta erraz gainditu zuen muga hori. Guztira 87.650 tona obra hondakin hartu zituen; alegia, zabor zama guztiaren %16. Metal hondakinen muga ere gainditu zuen. Gara egunkariak martxoaren 1ean azaldu zuenez, 70.000 tonako muga zuen, eta 154.000 sartu zituen. Deigarria da ere hiri hondakinak hartzen zituela. Esaterako, Gipuzkoako Aldundiak 11.000 tona hiri hondakin bidaltzen zituen hara urtero. Verterrek, hain zuzen ere, hainbat kontratu zituen Debabarreneko Partzuergoarekin, besteak beste tamainako handiko zaborrak biltzeko. Era berean, gaiari buruz mintzatu diren kamioilariek beste hondakin batzuk aipatu izan dituzte: obra lohi asko, jakiak...
Lur biltegia alboan
Azterketa sakonagoa mereziko luketen jardunak ere bazeuden. Instalazioak, esaterako, ez zuen laborategi propiorik, eta lan eremuaz kanpoko zaborra ez zuen plastikoarekin estaltzen —lan eremua hektarea batekoa izan daiteke asko jota—. Deigarrienetakoa Zaldibarko Udalak aitorturiko jardun eremutik kanpo bildutako lur pila zen, satelite bidezko edozein programarekin ikus daitekeena.
Zabortegiaren eskuinetara zegoen belardi bat prestatu, eta Verterrek lur asko pilatu zuen bertan 2019an. Zabortegia handitzeko lanetatik ateratakoa zen, ustez gero lanetan erabiltzeko. Amildu zenean zabortegiko goiko solairua handitzeko lanak egiten ari ziren. BERRIAk lur horien inguruan galdetu zion Zaldibarko Udalari, eta erantzun zion epaibidea isilpeko fasean zegoenez ezin ziola ezer esan.
Zaldibarko zabortegiko luizia. Beste arau hausteak
Agerian gelditu diren lotsak
Ingurumen Sailak iaz eginiko ikuskaritzan 23 arau hauste aurkitu zituzten Verterren. Batzuk ezagutarazi dira, eta beste batzuk erraz aurkitu daitezke agiri eta planoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu