Azkoienen (Nafarroa) izanen dira Ager topaketak, datorren azaroaren 5ean. Jaialdiaren helburua Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskaldunak batzea da. Baita zona horretan euskararen erabilera bultzatzea ere. Gainera, antolatzaileek nahi dute topaketa eztabaidagunea izatea, guztien esperientziak partekatzeko.
Goizean hainbat gairi buruzko tailerrak egonen dira: gazteak, hezkuntza, kirola, kultura, erakundeak eta komunikabideak. Parte hartzeko ezinbertzekoa da aldez aurretik izena ematea: Errigorako webgunearen bidez egin daiteke. Tailerrak gaztelaniaz eta euskaraz izanen dira. Eguerdian bazkaria antolatu dute. Arratsaldean, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna eta pilota partida izanen dira. 20:00etatik aurrera kontzertuak egonen dira.