II. Ager topaketak Andosillan (Nafarroa) eginen dituzte, ekainaren 3an. Lehenbizikoak iazko azaroan egin zituzten, Azkoienen (Nafarroa). «Kausalitatez zein kasualitatez euskara ere sustatzen aritzen garen bakoitzaren egitasmo ezberdinak ezagutzeko eta ideia berriak sortzeko balio izan zuen ordukoak. Eta horri segida emanez, oraingoan, elkar ezagutzeaz gain baliabideak eskaintzea dugu helburu Agerraldian», adierazi dute antolatzaileek.
Ikusi gehiago:Euskararen agerraldia
09:30ean izanen da harrera, eta ordu erdi beranduago Agerraldiaren aurkezpena. Hortik aurrera, sei tailerretan parte hartzeko aukera egonen da: Familiak, baliabideak eta euskara; Despopulazioa eta euskara; Migrazioa, integrazioa eta euskara; Dirulaguntzak (Euskarabidea); Haurrak, nerabeak eta euskara; eta Barne komunikazioa eta saretzea. Tailerretan parte hartzeko, maiatzaren 31 baino lehenago izena eman beharko da, eta guztien artean bat bakarrik hautatzen ahalko da —denak ordu berean dira—. Solasaldi horiek dirauten bitartean, zaintza zerbitzua eskuragarri egonen da.
12:45ean izanen da topaketen amaiera ekitaldia. Hala ere, Herriko Gazteen taldeak Euskararen Eguna antolatu du, egun osoko egitaratuarekin. Bertzeak bertze, haurrentzako tailerrak, azoka, herri bazkaria eta kontzertuak izanen dituzte.
Agerraldia
Errigoraren ekimenez euskara sustatzeko sortu zuten Agerraldia, 2019an. Geroztik, egitasmoaren xede nagusia izan da euskararen ezagutza zabaltzea, erabilera handitzea, eta hizkuntzaren aldekotasuna indartzea. «Bizitzaren esparru guztietara heltzen den agenda zabal eta emankorra erditu du Agerraldiak azken urteotan: bertso eskolak, euskara egunak, elkar ezagutzeko bidaiak, ikerketak, sormen proiektuak, kirol talde euskaltzaleak, kontzertuak, mintzakide programak…». Agenda horren parte dira, hain zuzen ere, Ager topaketak.