«Agentziak, saltzaile espekulatzaileak eta erosle dirudunak ez dira biktimak, hobendunak baizik»

Arberoa Lurra eta Etxebizitza espekulazioaren kontrako taldeak Donoztiriko Larrea eta Aiherrako Etxexuria etxeen salmenta espekulatiboak salatu ditu, baita Hazparneko Puyo etxe agentziak taldea «uzkurtzeko» abiatu saiakerak ere.

Arberoa Lurra eta Etxebizitza taldearen agerraldia, maiatzean, Hazparneko Puyo etxe agentziaren aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Arberoa Lurra eta Etxebizitza taldearen agerraldia, larunbat goiz honetan, Hazparneko Puyo etxe agentziaren aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
Hazparne
2024ko maiatzaren 18a
17:00
Entzun

Arberoa Lurra eta Etxebizitza espekulazioaren kontrako kolektiboaren deiari erantzunez, laurogei bat lagun bildu dira Hazparneko Puyo etxe agentziaren aitzinean (Lapurdi), prentsaurreko baterako. Donoztiriko Larrea eta Aiherrako Etxexuria (Nafarroa Beherea) etxeen salmenta espekulatiboen inguruko harat-honatak kontatu ditu taldeak. Larrea 1,05 milioi euroan salgai zen. Armelle Vincent izeneko estatubatuar bat hura erosteko prest agertu zen, eta kolektiboa harekin harremanetan jarri zen. Salmentatik erretiratu, eta pertsona hori bera agertu da geroztik Aiherrako Etxexuria 1,3 milioi euroan erosteko prest. Hazparneko Puyo agentziak du salmenta eramaten, eta, urte hastapenean, Arberoako kolektiboa haren ordezkarien ikustera joan zen. Geroztik, bi lagun jendarmeriara deitu dituzte, agentziako aire girotuko sistemaren kontrolagailua desagertu delako.

Preseski, gertakari horien kontakizuna irakurri du Arberoa Lurra eta Etxebizitza taldeko Xabi Thikoipek prentsaurrekoan. Oroitarazi du iazko maiatzean kolektiboak mobilizazio bat egin zuela Donoztiriko Larrea etxearen aitzinean, salmenta espekulatiboa salatzeko. 2024aren hastapenean, arberoarrek jakin zuten Kalifornian (AEB) bizi den kazetari frantses batek Larrea erostekoa zuela 1,05 milioi euroan. Hori jakinik, espekulazioaren kontrako taldeak gutun bat idatzi zion, eta «harekin telefonoz mintzatu» zen. Zer solas ukan zuten zehaztu du Thikoipek. «Egungo etxebizitzaren krisia aipatu genion, eta erabakia aldatzeko eskatu». Elkarrizketa hori «giro lasai eta errespetuzkoan iragan zen», gehitu duenez. Hala, kolektibokoek uste ukan zuten eroslegaiak hausnartu zuela prezio horretan erosteak «zituen ondorioez». Zenbait aste berantago, Larrea berriz salgai agertu zen etxe agentzien iragarkietan, 999.000 euroan. «Horrek poztu gintuen, pentsatu baikenuen gure urratsek fruituak eman zituztela».

Pozak ez zuen iraun. 2024ko apirilean, Arberoako taldeak jakin zuen kazetari horrek berak beste etxe bat erostekoa zuela. Aiherrako Etxexuria. Lehengo laborantza etxe hori 250.000 euroan erosi zuten 2017an. «Izenaz gain, laborantzako funtzioa galdu zuen jabe berriak arraberritu zuelarik», adierazi du Thikoipek. Jabe berri horrek, iaz, 1,6 milioi euroan salgai ezarri zuen Etxexuria, Haizeaizena jarrita, eta, hala, «Arberoako biztanleen haserrea piztu» zuen. Herriko etxea saltzailearekin harremanetan jarri zen, «iritzia aldarazteko», baina «alferrik».  

2023ko abenduan Arberoa Lurra eta Etxebizitza taldeak mobilizazioa antolatu zuen Etxexuria aitzinean. Salmenta horren kudeatzaileengana, hau da, Hazparneko Puyo etxe agentziarat ere joan ziren urtarrilean. «Hirurogei pertsona modu baketsuan sartu ziren agentzian». Puyo agentziako arduradunekin mintzatu ziren espekulazioak herritarren artean sortu arrangurez. Arduradun horiek ez direla «gure ber munduan bizi», horretaz ohartu zirela erran dute kolektiboko kideek. «Baina ez ginen ohartu goiz hartan gertakari biziki larriak izan zirela», gehitu du, umorez, Thikoipek.

Aire girotuaren kontrolagailua

Geroztik, Arberoako taldeak jakin du Puyo agentziak salaketa jarria duela jendarmerian, baizik eta ekintzaren egun hartan Hazparneko agentziako aire girotuko sistemaren kontrolagailua desagertu baita. «Jendarmeak inkesta handi bat eramaten ari dira, Puyo jaunaren klimatizazioaren kontrolagailua eskas omen baita». Umorezko beste ohar bat gehitu du kolektiboak, eta erran Puyo agentziako arduradunak «gure herria saltzen segitu nahi» lukeela, «sobera izerditu gabe». Umorez harturik beti, Arberoako kolektiboak jakinarazi du Frantziako Jendarmeriak bi lagun deitu dituela jadanik, kontrolagailuaren desagerpena dela eta. Bi horien artean da Arño Gaztanbide Aiherrako auzapeza. «Puyo jaunak gure uzkurtzeko baliatzen dituen metodoak salatu nahi ditu kolektiboak», adierazi dutenez. «Higiezinen agenteak, saltzaile espekulatzaileak eta erosle dirudunak ez dira biktimak, bizi dugun lur eta etxebizitza krisiaren hobendunak baizik».

Bukatzeko, Arberoako kolektiboak argi du, Etxexuriko eta Larreko ohiz kanpoko prezio horien ondoan, beste prezio doi bat apalago baina espekulaziozkoetan joaten direla etxeak. Horregatik, «tinko eta mobilizaturik» segituko dutela adierazi dute, eta elkartasuna erakutsi diete beste ekinaldi batzuei, hala nola «Ostiarenari eta Herrian Bizi plataformarenari». Hain zuzen, deia zabaldu diete herritarrei, parte har dezaten Ostiak beste egitura batzuekin batera maiatzaren 25ean eginen duen mobilizazioan: Kanbon (Lapurdi) iraganen da, eta, Marieneko lurrak babestearen alde, hamabi orenez mobilizatuko dira. Prentsaurrekoa bururatuta, kolektiboko lagunak manifestazioan abiatu dira Hazparneko erdiguneraino, non asteko merkatua baitzen, Euskal Herria ez da salgai! eta Espekulatzaileak kanpora! lelopean.

Herritarrak merkatutik kanpo

Fred Bereau eta Viviane Errekart bikotekideek Hazparneko prentsaurrekoan eta manifestazioan parte hartu dute. Aiherrako Etxexuria ongi ezagutzen dute, 2017an erosi nahi izan baitzuten. Orduko jabea ezagutzen zuten, eta familiarekin «proiektu bat» nahiko zuten obratu han. Etxexuria handizki zaharkitua zen orduan, eta dena berriz egitekoa. Jabeak 300.000 euroan ezarria zuen salgai.

Bereau eta Errekart harremanetan jarri ziren harekin, zer xede zuten esplikatzeko. Notario baten etxean ere izan ziren. Notario hark zehaztu zien etxeak zer balio edo prezio zuen bere hartan erostekotan: 90.000 euro.«Baina, gero, bada merkatuko prezioa», salatu zien notario berak, Bereauk kontatu duenez. Euskal Herriko bikote horrek ezin zuen 300.000 euroan erosi, jakinik etxea osoki zaharberritu behar zela, obra kostu gotorrekin. 150.000 euroan erostea proposatu zioten jabe aihertarrari, baina hark errefusatu.

Bereauk eta Errekartek pena handia hartu zuten, gogo handia baitzuten AIherran bizitzeko — Bastidan (Nafarroa Beherea) bizi dira egun—. Izan ere, Bereau bera Aiherrako pilota batasuneko eramaile taldean da. Salatu du 250.000 euroan erosi eta orain 1,3 milioi euroan saldu nahi duen hori Aiherran ez dutela ikusten. «Herriko dinamikan ez du parte hartzen». Gehiago dena, Bereauk garbiki dio: «Etxexuria guk erosi bagenu, sekula ez genukeen berriz salduko». Bizia hor egiteko xedez baitziren.

Errekartek gehitu du orain hautetsiek dutela zerbait egin behar. «Gure haurrek 20 bat urte dituzte. Nola eginen dute herrian bizitzeko prezio horietan? Guk ez dugu fitsik egiten ahal gehiago. Hautetsiek dute aterabide bat atzeman behar».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.