BILBO. Ertzainak Borrokan «mugimendu asindikala» eta Erne, Esan, Sipe eta Euspel sindikatuak ostiralean bildu ziren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren aurrean bateratuta agertzeko asmoz. Aldeek, baina, ez zuten akordiorik erdietsi, eta Ernek, Esanek eta Sipek sindikatuak «azpiratu» nahi izatea leporatu zioten plataformari. Azken horrek, berriz, hirurei leporatu die«kolektiboa manipulatzen» saiatzea, eta jakinarazi du uztailaren 1ean «konturatuko» direla nola ez dituzten euren helburuak beteko. Egun horretan abiatuko da Frantziako Tourra Bilbotik.
Ostiraleko bilerak, sindikatu korporatiboen eta plataformaren arteko desadostasuna plazaratzeaz gain, sindikatuen arteko batasuna ere hautsi zuen. Izan ere, Ernek, Esanek eta Sipek «batasun sindikala tutelatu nahi izatea» kritikatu zioten Ertzainak Borrokan-i, baina Euspelek plataforma hura «batasunaren» barruan kokatzeko deia egin zuen, eta bat egin du gaur hark Bilbon egingo duen mobilizazioarekin.
Alderdiek ere heldu diote gaiari. Radio Euskadin egindako mahai inguru batean, atzo, EAJk poza adierazi zuen sindikatu korporatiboak ez direlako «errenditu» plataformaren nahietara, eta PSEk nabarmendu zuen sindikatuena dela «ordezkaritza demokratikoa». EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, berriz, Polizia eredua aztertzeko beharra dagoela azaldu zuten, Ertzaintzako sektore batzuk «gero eta deskontrolatuago» daudelakoan.
Agenteak «manipulatzea» leporatu diete sindikatuei
Ertzainak Borrokan-ek sindikatu korporatiboei adierazi die Tourraren hasieran «konturatuko» direla zer egin duten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu