«Ez gara behar bezala hurbiltzen herritarrengana». Ikertzailea da Koldo Garcia Etxebarria (Basauri, Bizkaia, 1982), baita UEU Udako Euskal Unibertsitateko kidea ere. Badaki ez dela erraza zientzia herritarrengana gerturatzea. Hain zuzen,horri eskaini dio udako ikastaroen hasiera ekitaldia: zientzia herritarrari. Haren iritziz, herritarrek zientzian objektu izateari utzi behar diote, eta subjektu bilakatu.
Zergatik egiten zaie arrotza ikerkuntza herritarrei?
Hainbat arazo daude. Batetik, zientziarekin berarekin lotutako egiturazko arazoak. Alegia, gai batzuk zailak dira ulertzeko, eta beste batzuk, errazagoak. Bestalde, zientziaren ikuspuntutik ez da landu jendearengana gerturatzea. Egia da azken urteetan lan asko egin dugula arlo horretan, baina gabeziak daude oraindik. Gainera, salto egin nahi dugu. Ez da bakarrik jendeak zientzia ulertzea, baizik eta jendea zientzian txertatzea.
Aipatu duzu gai batzuk zailak direla. Hala ere, beste batzuetan, erabilitako hizkera bera ez ote da korapilatsuegia?
Bai, noski. Zientziaren helburua komunikatzea izan beharko litzateke; eta lortzen dituzun emaitzak zabaltzea. Baina, nik oso ondo ulertzen ez ditudan arrazoiengatik, guztiz kontrakoa egiten da. Badirudi testuan zailtasun bat jarrita are garrantzitsuagoa izango dela. Ni ez nago ados: zenbat eta zuzenago izan, orduan eta hobeto komunikatu ahal izango da; eta jendearengana helduko da. Egun, euskal komunitateak dibulgazio lan ikaragarria egiten du. Gauzak ganoraz eta ulergarri azaltzeko joera du, eta horrek ez dio edukiari zehaztasunik kentzen.
Ikerlariek hizkuntza ulerterrazagoa egitea edo herritarrek zientzian oinarri bat izatea. Nork egin behar du moldaketa?
Biak dira beharrezkoak. Batetik, kultura zientifikoa hedatu behar da. Baina nor da dakiena? Ikertzaileak eta adituak. Haiek lortu behar dute modu ulergarri batean gauzak kontatzea. Hala ere, jendeak bere burua gutxiesteko joera du. Uste duten baino gehiago dakite. Konfiantza kontua ere bada.
Gaur egun, zer aukera dituzte herritarrek ikerkuntzan parte hartzeko?
Gaia ez da asko lantzen. Urteetan bultzatu bada ere, ez da herritarrengana heldu. Hor dago arazoa: ez gara behar bezala hurbiltzen herritarrengana. Ikasketa prozesu bat abiatu beharko genuke, bide horiek irekitzeko eta herritarrak ikerkuntzara gerturatzeko.
Esan duzu herritarrek bakarrik objektu moduan parte hartzen dutela ikerkuntzan. Zer esan nahi du horrek?
Nik osasun zientzietan egiten dut lan. Paziente bati lagina eta datu kimikoak besterik ez hartzea, hori pertsona objektu batera murriztea da. Edo galdetegi bat betetzeko eskatzea eta galdetegitik atera ahal ez izatea. Bakarrik hor dagoena jarri dezakete: hori erraza da kodetzeko eta estatistika egiteko. Hori da objektuaren ideia. Erantzuteko aukerak ireki behar dira, beste gauza batzuk barneratzeko. Hori egin ezean, hankamotz geratu zaitezke.
Esan nahi duzu, beraz, ikerlariek herritarrak beste era batera hartu beharko lituzketela?
Azken finean, zera egiten dugu: 'Nik hau behar dut, eta hori besterik ez dut nahi'. Ez, ordea: 'Zu pertsona bat zara, zure bizipenekin eta jakintzarekin; nire lana aberasteko hartuko dut hori guztia'. Nahi duguna bakarrik hartzen dugu, baina baliteke horrek oso ondo ez azaltzea behar dugun guztia.
Nola lortu objektu izateari utzi eta subjektu bilakatzea?
Hor dago koska. Herritarrei parez pare begiratu behar diegu, gure lana aberastu dezaten.
Jakinduria boterearekin lotu ohi da; eta ikerkuntza, oro har, jakinduria da. Elitista da ikerkuntza?
Pertzepzioaren araberakoa da hori: non kokatzen den ikertzailea eta nondik datorren. Hau da, nork egiten duen eta norentzat. Egia da botere bat dela; jakitea boterea da. Baina botere hori gutxi batzuen esku utz dezakegu, edo guztien esku. Eta hori bakoitzaren ideologiaren arabera egiten da. Argi hitz egin behar dugu horri buruz: zientzia politikoa da; ez da neutrala.
Ikerlariak ere herritarrak direla esan duzue.
Noski. Egia da batzuek euren burua gizartetik kanpo ikusten dutela, euren elitismoan sartuta daudelako. Baina gehienak herri honen parte sentitzen gara.
Zer eragin sozial du zientziak?
Garrantzitsua da hau gogoratzea: zientziaren aurrerapenak eta onurak jasotzea giza eskubideetako bat da. Zientziaren aurrerakuntzek ekarri gaituzte gauden lekura. Beste kontu bat da pentsatzea gauden lekua hobea edo okerragoa den. Oraintxe bertan, sakelako batekin ari zara hau grabatzen; lehen, ordea, tramankulu batzuekin ibili behar zen. Teknologiaren eta zientziaren garapenak eragina dauka gure bizitzan. Horregatik, logikoena da gizarteak hori fiskalizatzea, kontrolatzea eta, era berean, ikertzaileok aurpegia ematea. Horrez gain, gizartea barnean sartu behar dugu, eta parte hartzea zabaldu.
Mundu guztiak parte har dezake zientzian?
Nahi duen orok, bai. Arazoa da ikertzaileek eta erakunde akademikoek hobeto landu behar ditugula komunikazio bideak, jendeak parte har dezan. Baina badago beste kontu bat. Jendeak pentsatzen du zientzia oso zaila dela, eta horregatik ez dutela ekarpenik egiteko. Hala ere, nire ustez, mundu guztiak egin dezake ekarpena zientzian. Eta ekarpen guztiak beti dira oso interesgarriak. Adibidez, gaixotasun bat ikertzeko orduan, gaixotasuna duen batek aipa dezake sintomaren bat duela. Agian ez da inor ohartu, baina ikertzen hasita, baliteke ohartzea guztiek dutela sintoma hori. Bat-batean, lerro oso bat irekitzen da.
Zergatik da garrantzitsua herritarrek ikerketa lerroak proposatzea?
Hasieran, ez nuen argi ikusi, baina denborarekin oso argi ikusi dut: agenda zientifikoa markatzea herritarren lana ere bada. Ikerkuntza ez dugu gure jakin-mina asetzeko bakarrik egiten, baizik eta gizarteari ekarpena egiteko.
Ikertzaile guztiak daude herritarren parte hartzearen alde?
Erresistentzia batzuk egongo dira. Batzuk elitismoan sartuta geldituko dira, eta hau xelebrekeria moduan ikusiko dute. Beste batzuek, berriz, hau normaltasunez ikusteko eta egiteko eragingo dugu.
Baliteke kontrola galtzeko beldurra egotea ikertzaileen artean?
Bai. Askotan irudipena daukat ikerkuntza gurea balitz bezala ikusten dugula, eta ez da gurea; unibertsala izan beharko luke.
Koldo Garcia Etxebarria. Ikertzailea eta UEUko kidea
«Agenda zientifikoa markatzea herritarren lana ere bada»
Herritarrak zientzian txertatu behar direla uste du Garciak. Haren arabera, nahi duen orok proposamen «oso interesgarriak» egin ditzake. Konfiantza kontua da: jendeak uste duen baino gehiago daki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu